EAJk eta PSEk oposizioaren sei zuzenketa onartu dituzte, bi milioi euroren balioa dutenak

EH Bilduri eta Sumarri zuzenketa bana eta PPri lau onartu dizkiete gobernuko alderdiek. EAJk eta PSEk adierazi dute «eskuzabal» jokatu dutela.

Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordea. EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordea. EUSKO LEGEBILTZARRA
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 12a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk eta PSE-EEk bide eman diete oposizioko hiru alderdiek Eusko Jaurlaritzako 2026rako aurrekontuei egindako 1.241 zuzenketetatik seiri, Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Zuzenketa horiek bi milioi euroren balioa duten aldaketak eragingo dituzte, 17.313 milioiko aurrekontu batean. Gobernuko bi alderdien esanetan, «eskuzabal» jokatu izanaren adierazgarri da zuzenketa horiek onartu izana. Hala, urrats hori ere eginda, jeltzaleek eta sozialistek bidea libre dute abenduaren 23an aurrekontuak behin betiko onartzeko.

Aurrekontuen inguruko negoziazioek ez zuten asko iraun Eusko Jaurlaritzaren eta oposizioko hiru alderdi nagusien artean. Lehenik Sumarrek, eta PPk eta EH Bilduk ondoren, ezinezkotzat jo zuten haien gainean ados jartzea, eta hiru alderdiek osoko zuzenketa bana aurkeztu zuten. EAJk eta PSE-EEk atzera bota zituzten hirurak, legebiltzarrean duten gehiengoa baliatuta, eta beste hainbeste egin dute gaur zuzenketa partzial gehienekin ere. PPk 1.145 aurkeztu ditu, Sumarrek 75, eta EH Bilduk hamahiru.

Badira, baina, salbuespenak. Zehazki, sei: EH Bilduren zuzenketa bat, Sumarren beste bat, eta PPren lau. EH Bilduk egindako zuzenketa partzialen artean, gobernuko alderdiek bide eman diote sistema instituzionalaren modernizatzeko bati. Horrek milioi bat euroren balioa duten aldaketak eragingo ditu aurrekontuetan. Koalizio subiranistako eledun Pello Otxandianok adierazi du sistema demokratikoek «biziberritze sakona» behar dutela, eta horrekin lotu du administrazioa modernizatzeko proposamena.

PPk proposatutako lau zuzenketek, berriz, xede lukete adinekoen eta gazteen bizikidetza sustatzeko programa bat (300.000 euro), sexu indarkeriaren biktimentzako laguntzak (300.000 euro), hiri merkataritza proiektu berezietarako laguntzak (200.000 euro) eta Irungo (Gipuzkoa) Ficoba zabaltzeko lanetarako diru sail bat (84.000). Denera, 884.000 euro.

Azkenik, Sumarri dagokionez, 125.000 diru laguntza bat onartu dute Arabako Lautadan bertako merkataritza indartzeko proiektu bat sustatzeko.

Jeltzaleek eta sozialistek argudiatu dute aurrez ere adierazi zutela «aurrekontua hobetuko zuten ekarpenak txertatzeko prest» zeudela, eta uste dute gaur konpromiso hori berretsi dutela, zuzenketak «seriotasunez» aztertu ostean: «Gobernatzeko eta politika egiteko beste modu bat posible dela erakusten du. Zaratatik urrun, seriotasunez eta zorroztasunez».

Oposizioak aurkeztutako sei zuzenketa horietaz gain, EAJk eta PSE-EEk euren aurrekontuei aurkeztutako beste batzuk ere onartu dituzte batzordean. Esanguratsuenetako bat da estatuaren indarkeriaren biktimen balorazio batzordearen jardunari eragiten diona. Lege aldaketa bat ekarriko du zuzenketak, eta bide emango dio Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko profesionalek batzorde horrentzat egiten duten lanagatik diru ordaina jasotzeari. Hain zuzen, balorazio batzordearen kexa nagusietako bat zen auzitegi medikuak falta zirela, eta horrek atzerapen handiak eragin ditu biktimen aitortza mamitzeko prozesuan.

Horrez gain, besteak beste, sexu indarkeriaren biktimei zuzendutako 1,6 milioi euroko diru saila «hedagarria» izatearen alde bozkatu dute, eta Osakidetzako lan eskaintza publikoetan lanpostu gehiago ezartzearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.