EAJk Espainiako Gobernuari exijitu dio informazio gehiago ematea Aranako harrera zentroari buruz

Maiatzean jakinarazi zuten zentroa urrian irekiko zutela, baina geroztik ez dute beste informaziorik eman.

Gasteizko Arana harrera zentroa, artxiboko irudi batean. BERRIA
Gasteizko Arana harrera zentroa, artxiboko irudi batean. BERRIA
2026ko uztailaren 13a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Arana harrera zentroaren inguruko informazio gehiago emateko eta instituzioen arteko koordinazioa hobetzeko eskatu dio Lucho Royero Gasteizko gizarte politiketako zinegotziak (EAJ) Espainiako Gobernuari. Zinegotziak adierazi du udal gobernua maiatzean bildu zela Pilar Cancela Espainiako Gobernuko Migrazio idazkariarekin, eta hura izan zela zentroari buruzko informazioa jaso zuten azken aldia; jakinarazi zieten urrian irekiko zutela. Royerok gaur esan du, baina, oraindik ez dakitela ziur noiz irekiko den zentroa.

Marta Alaña PPko zinegotziak, bestalde, orain arte izan duten jarrera berretsi du: zentroaren kontra agertu da, edukiko duen tamainarengatik eta eredu hori «jasanezina» izateagatik. Azpimarratu du, gainera, hala osasun zerbitzuek nola gizarte zerbitzuek «gainezka» egingo dutela, hasieran zentroak 120 lagunentzako tokia izango duen arren «350 lagun» sartzeko eraiki dutelako.

Royerok azpimarratu du maiatzetik Madrilek ez diela komunikazio ofizialik helarazi zehazteko zentroa zer egunetan irekiko duten, zenbat leku izango dituen eta prozedura zein izango den. Ildo horretan, adierazi du «horrelako garrantzia» duten proiektuak herritarretatik gertuen dauden administrazioekin «koordinazio instituzionala» izanez eta «beharrezko informazioa emanez» garatu behar direla: «Oraindik ere erreklamatzen eta exijitzen ari gara etengabeko komunikazio zuzena izatea dagokion ministerioarekin. Herriko zerbitzuekin batera, zerbitzu publikoen kalitatea eta gure hiriko elkarbizitza bermatzen jarraituko dugu».

Berretsi du EAJk «harrera humanista, ordenatua eta jasangarria» defendatzen duela gobernatzen duen instituzioetan. Halaber, beste behin eskatu du «erabakitzeko ahalmen handiagoa» izatea migrazioaren arloan.

Bide luzea

2023an eman zuten proiektu horren berri, Espainiako Gobernuak erabaki zuenean Aranako eraikina errefuxiatuentzako zentro handi bihurtzea. Aurreikusi zuten 2024an irekitzea eta 350 pertsonarentzako modukoa izatea.

EAJk ez zuen babestu hasierako proiektu hura, «makrozentroen ereduaren» aurka zegoela-eta; are: Eusko Jaurlaritzako Ongizatearen, Gazteriaren eta Erronka Demografikoaren sailburuak, Nerea Melgosak, hasieratik eskatu zuen zentroak laurogei edo ehun leku izan zitzala. Gasteizko Udalak, berriz, zentroak berrehun toki izan zitzala eskatu zuen iazko irailean, eta Espainiako Gobernuak ontzat jo zuen proposamena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA