120 lagunentzako tokia prest duela irekiko dute Aranako harrera zentroa, urrian

Guztira 350 lagunentzako tokia izango du eraikinak, Pilar Cancela migrazioen estatu idazkariak zehaztu duenez. Udal taldeekin bildu ostean hartu dute erabaki hori.

Pilar Cancela —eskuinean, ate zuloan— eta Marisol Garmendia —ezkerrean, lehen planoan—, zentroko geletako bat bisitatzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Pilar Cancela —eskuinean, ate zuloan— eta Marisol Garmendia —ezkerrean, lehen planoan—, zentroko geletako bat bisitatzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko maiatzaren 12a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konponketa lan betean dirudi oraindik garai batean Gasteizko Arana klinika izandako eraikinak. Kanpoaldean, haizeak jotzen duenean, lanen hautsa eta ondoko Aranako parkeko landareen polena nahasten dira airean. Barruan, berriz, azpiegitura erdi bukaturik ageri da, horma-teilatuak amaitzear, baina gelak atontzeke, jarri gabeko komunak oraindik ere zatika gela erdian ageri direla. Gutxi du orain eraikinak garai bateko klinikatik: kapera zaharreko beiratetik beharginei begira dagoen Andre Maria da arrasto bakanetako bat. Itxurak gorabehera, ordea, laster irekiko ditu ateak Gasteizko eraikin historiko horretan kokatuko den harrera zentro berriak. «Urrian irekiko ditu ateak, 120 lagunentzako lekua prest duela», iragarri du migrazioen estatu idazkariak, Pilar Cancelak, eraikinera egindako bisita instituzionalean. 

Espainiako Gobernuak 2023an eman zituen argitara Aranan errefuxiatuentzako harrera zentroa eraikitzeari buruzko asmoak. Hasiera batean 2024rako aurreikusita bazegoen ere, atzeratuz joan dira eraikuntza lanak, polemiken artean: EAJ proiektuaren aurka agertu zen, eta horrek ekarri du PSE-EErekin eztabaidan aritzea Gasteizko Udalean, Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan dituen koalizioetan. Udalak eskatu ostean hasiera batean aurreikusita zeuden zentroko 350 lekuak 200era jaisteko, horrela egitea onartu zuen Espainiako Gobernuak.

Gaurkoan, baina, «Gasteizko udal taldeekin bildu ondoren», beste murrizketa baten berri eman du Cancelak. EAJri «elkarrizketarako prestasuna» ere eskertu dio estatu idazkariak. Orain jakinarazitako kopurua askoz gertuago dago Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, Nerea Melgosak, hasieratik eskatu zuenetik— «80 edo 100» leku—. Cancelak adierazi du «sarri» biltzen dela sailburuarekin, eta laster beste bilera bat egitekoa dela harekin, besteak beste Aranako errefuxiatuen zentroari buruz hitz egiteko. 

Familiak eta emakume zaurgarriak

Zentroko leku kopuruaren jaitsiera horrek tokiko erakundeekin izandako «etengabeko elkarrizketetan» adierazitakoekin zerikusia badu ere, Espainiara iristen diren errefuxiatu kopuruaren beherakadarekin ere lotu du Cancelak. «2023an zentro hau aurreikusi zenetik iristen diren errefuxiatuen kopurua %46 apaldu da», eta horrek leku kopurua egokitzea justifikatzen duela adierazi du estatu idazkariak. Hala ere, hasiera batean aurreikusitako leku kopurua edukiko du eraikinak, 350 pertsonarentzako gelak egin baitituzte, eta estatu idazkariak ez du guztiz alboratu etorkizunean leku kopurua egokitzea. Zentroa Europako funtsekin finantzatu denez, lanek ekainaren 30erako egon behar dute amaituta. Cancelaren arabera, lan horiek amaitutakoan, baina, hilabete batzuk beharko dira «instalazioak prestatzeko», eta, beraz,  «urrian» irekiko dute zentro berria. 

Aranako errefuxiatuen zentroko sarrera. RAUL BOGAJO / FOKU
Aranako errefuxiatuen zentroko sarrera. RAUL BOGAJO / FOKU

Zentroak hartuko dituen errefuxiatuen profilari buruz galdetuta, Cancelak azaldu du batik bat «familiak eta emakume zaurgarriak» izango direla. Zentroak hartuko dituen errefuxiatuak tokiko bizikidetzarentzako «arrisku» izango direlako «uste okerra» gezurtatu du estatu idazkariak, eta, Marisol Garmendia gobernu ordezkariak egin bezala, berak ere salatu du migrazioa eta errefuxiatuak segurtasun faltarekin lotzen dituen «logika okerra». «Zentroan biziko direnek sarrera eta irteera ordutegia izango dute, eta, arazoren bat sortzen bada, berehala erantzungo zaio gertaera puntual horri, horretarako baitaude protokoloak», azpimarratu du Cancelak. 

Bestelako azpiegitura publikoak? 

«Sistemak ez du horrela funtzionatzen», argitu du Migrazioen estatu idazkariak Gasteizko kaleetan lo egiten duten errefuxiatu maliarrek zentro berrian lekua izango ote duten itaundu diotenean. «Harrera sistemaren barruan jada bidea egin duten pertsonak etorriko dira zentro honetara», zehaztu du Cancelak. Ez da hori Gasteizko kaleetan bizi diren Maliko errefuxiatuen kasua, asilo eskaera hasteke baitute horiek, eta prozesua abiarazteko zitaren zain daude Betoñoko komisariaren inguruko kaleetan. Hala ere, haien egoerari konponbideren bat emateko «lanean» ari direla ziurtatu du Cancelak. 

Azpiegitura handia izango da Aranako zentroa: bi pabiloi ditu, hiru solairukoak, eta 350 lagunentzako tokia, biko, hiruko edo lauko geletan banatuta. Bertan biziko diren errefuxiatuentzako baliabideak ere baditu eraikinak: haurrentzako jolas gela, kirol pista, gimnasioa... Hasiera batean, behintzat, zentroa ez dute irekiko aurreikusitako leku guztiak prest dituela, eta, hori dela eta, Cancelak aditzera eman du tokiko erakundeen azpiegitura publikoren bat koka litekeela bertan. «Herritarrentzako zerbitzuren bat jar daiteke hemen: eguneko zentro bat, adibidez. Harrera zentroko erabiltzaileen eta tokiko biztanleen arteko bizikidetza erraztuko luke horrek», iradoki du estatu idazkariak. Alta, ez du argitu aukera hori zehazturik dagoen, eta zehaztu du tokiko erakundeekin «etengabe» mantentzen dituen elkarrizketen emaitzen araberakoa izango dela horren gaineko erabakia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA