EAJk irabaziko ditu bozak baina EH Bildu gertu izango du, EITB Focusen arabera

Haren arabera, jeltzaleek 28 legebiltzarkide izango dituzte, egun baino hiru gutxiago, eta koalizio subiranistak bost ordezkari irabaziko ditu, 26 denera. Aldea ordezkari bakarrera mugatuko litzateke Ahal Dugu eta Sumar elkarrekin aurkeztuko balira.

Eusko Legebiltzarra
Eusko Legebiltzarreko irudi bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko otsailaren 2a
10:05
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen boto asmoari buruzko EITB Focus inkestak lehia estua iragarri du EAJren eta EH Bilduren artean. Inkestaren arabera, alderdi jeltzalea nagusituko da hauteskundeetan —oraindik ez dago zehaztuta noiz egingo diren—, baina nabarmen txikituko da koalizio subiranistarekiko duen aldea: soilik bi legebiltzarkideren aldea egongo da bi indarren artean.

Gizakerrek EITBrentzat egindako inkestaren arabera, EAJk 28 legebiltzarkide lortuko ditu, orain baino hiru gutxiago —ordezkari bana galduko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Aldiz, kontrako joeran, EH Bilduk bost legebiltzarkide irabaziko ditu, 26 eskuratuta —bina lortuko ditu Araban eta Bizkaian, eta bat Gipuzkoan—.

Boto ehunekoaren arabera ere, agerikoa izango da bi indarren kontrako joera: EAJk duela lau urte baino 3,3 puntu gutxiago eskuratuko ditu inkestaren arabera: botoen %35,8. EH Bilduk, berriz, 2020ko bozetan baino lau puntu gehiago irabaziko ditu, %32,1 eskuratzeraino.

Baliteke PSE-EEk hamabi legebiltzarkide lortzea, egun baino bi gehiago —orain baino puntu bat gehiago izango luke, %14,8raino—. Hala balitz, ez lukete arazorik izango egun EAJrekin duen koalizioari eusteko. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek guztira ordezkari bat galduko lukete, baina gehiengo absolutua gainditzeko adina izango lukete oraindik.

Inkesta beteko balitz, PPk egun dituen sei ordezkariei eutsiko lieke, baina bototan puntu erdiko haziko litzateke. Vox, berriz, Eusko Legebiltzarretik kanpo geratuko litzateke, orain duen ordezkari bakarra galduta.

Lehendakarigaiei dagokienez, Imanol Pradales (EAJ) eta Pello Otxandiano (EH Bildu) dira faboritoak: herritarren %25,4 eta %25,3 daude haien alde. Oso urrun daude gainerako hautagaiak: herritarren botoen %5,3 jaso ditu Eneko Anduezak (PSE-EE), %1,7 Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos), %1,2 Alba Garciak (Sumar) eta Javier de Andresek (PP), eta %0,6 Amaia Martinezek (Vox).

Ahal Dugu-Sumar

Elkarrekin Podemosek nabarmen baldintzatu ditzake bozetako emaitzak. Ahal Dugu eta Sumar bananduta aurkeztuko balira, ezkerreko koalizioak ordezkarien erdiak galduko lituzke. Ahal Dugu-k bi legebiltzarkide eskuratuko lituzke, eta Sumarrek bat. Elkarrekin aurkeztuko balira, berriz, ia bikoiztuko egingo lukete legebiltzarkide kopurua: bost ordezkari izango lituzkete, gaur egun baino bat gutxiago.

Horrek beste alderdietan ere eragingo luke. EAJk 27 ordezkari izango lituzke, ezkerreko koalizioa errepikatuko balute, hots, egun baino lau gutxiago. Eta, beraz, EH Bildurekiko aldea ordezkari bakarrera mugatuko litzateke. Era berean, PSE-EEk ere parlamentari bat gutxiago eskuratuko luke.

EAJ eta EH Bildu

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak inkestari buruzko analisia egin du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Haren ustez, berretsi da euskal gizarteak EAJrekin konfiantza duela gobernatzeko orduan. Gogora ekarri du inkesta joan den astean egin zela: «EAJk ni lehendakarigai gisa berretsi aurretik galdetu zaie herritarrrei». Dena den, ondorio nagusi bat atera du: «Inkestak argazki argi bat islatzen du: herri honek erabaki behar du EAJ aukeratu edo EH Bildu aukeratu».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, berriz, alderdiez baino gehiago, ereduez erabaki behar da: «Hemen aukeratu behar da edo Iruñeko eredu kolaboratiboa, edo PPk lagundutako Gipuzkoako eredu baztertzailea».

Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramailearen arabera, EITB Focus inkestaren emaitzak onak dira koalizio subiranistarentzat, baina tentuz hartu behar dira. Haren hitzetan, une jakin baten argazkia baino ez dute islatzen emaitzek, eta, beraz, «joera gisa» irakurri behar dira: «Ziurgabetasun politikoa dugun garai hauetan, ezin ditugu ziurtzat jo, baina egia da EH Bilduk goraka jarraitzen duela, eta hala erakusten dute joera horiek».

Gogorarazi du inkestek EAJri baino eserleku bat gutxiago ematen ziotela EH Bilduri iaz Gipuzkoan, udal eta foru hauteskundeetan, baina Maddalen Iriartek irabazi zituela bozak. Eta beste hainbeste gertatu zen Gasteizen ere: inkestek Beatriz Artolazabal EAJren hautagaiari ematen zioten garaipena, baina Rocio Vitero EH Bilduren hautagaiak jaso zuen boto gehien.

«Uste dut horrek erakusten duela EH Bildu nola dabilen orain», azaldu du Etxebarrietak. Era berean, nabarmendu du EAJk beheranzko joeran jarraitzen duela, eta Jaurlaritzari buruz egiten den balorazioa ere «gero eta okerragoa» dela.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere adierazi du inkestak «joerak» direla, eta ez dagoela «inkesta bakar bat ere» bere alderdiaren goraldia iragartzen ez duenik. Hala gertatu baita orain ere: «Hori oso garrantzitsua da, euskal sozialisten zeregina gero eta garrantzitsuagoa dela adierazten duelako, eta, batzuek hau biren arteko borroka dela ikusi nahi duten egoera honetan, gero eta argiago geratzen ari da PSE-EE hor dagoela eta gero eta erabakigarriagoa dela».

Gehitu du «besteen konformismoaren, autokonplazentziaren eta proiektu independentisten aurrean» badagoela «erdibide bat», PSE-EErena. «Bide horrek bermatzen du Euskadik gidoia aldatu ahal izatea eta orain izan dezakeen baino zerumuga askoz hobea izatea».

Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ren hautagaiak ere hartu du hitza. Adierazi du Sumarrekin batera aurkeztuz gero ordezkari gehiago lortuko dituztela inkestaren arabera. Hain zuzen, gaur egin ditu adierazpen horiek, Ahal Dugu-k Gorrotxategi bera lehendakarigai gisa berresteko ekitaldia duen egun berean. Gaur 17:00etan, ekitaldia dute hauteskundeetarako beren zerrenda aurkezteko, Durangon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.