Santurtziko EAJren udal batzarrak Itziar Carrocera Fernandez aukeratu du alkategai izateko. Martxoaren 5ean egingo dute udalbatza alkate berria aukeratzeko, Karmele Tubillaren dimisioaren ondoren. Izendapen horrekin, EAJk esan du «aro berri sendo eta egonkor» bati ekin diola Santurtziko Udalaren «buruan», kudeaketa «arduratsua, proiektu estrategikoen bultzada eta Santurtziren etorkizunarekin duen konpromisoa berretsiz».
Beraz, EAJk segurutzat jotzen du PSE-EEk babesa emango diola alkategai jeltzaleak aginte makila har dezan. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak agindu zuen errespetatu egingo zuela EAJrekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen akordio estrategikoa, eta EAJren alkategaia babestuko zuela, nahiz eta Santurtziko sozialisten udal taldeak esan zuen zinegotzi jeltzale guztiak «inhabilitaturik» daudela, Sonia Lopez Segurtasun zinegotzi izandakoak ziurtatu zuenaren ondoren. Hark udaleko ikerketa batzordean esan zuen «presio politikoa» egin ziotela Udaltzaingoaren lan eskaintza publiko batean «soslai jakin batzuen alde» egiteko. Carrocera da Santurtziko PSE-EEk inhabilitatutzat jotzen dituen zinegotzietako bat.
Anduezaren promesa
Karmele Tubillak atzo utzi zion Santurtziko (Bizkaia) alkate izateari. Otsailaren 12an jakinarazi zuen dimisioa emango zuela, «arrazoi pertsonal, politiko eta profesionalengatik». Udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan irregulartasunak egon ote ziren ikertzeko batzordea bildu baino ordubete eskas lehenago eman zuen Tubillak erabakiaren berri. Bilera horretan, Sonia Lopez Segurtasun zinegotzi izandakoak ziurtatu zuen «presio politikoa» egin ziotela Udaltzaingoaren lan eskaintza publikoan «soslai jakin batzuen alde» egiteko.
Alkate berria aukeratzeko udalbatzan, EH Bilduk ere alkategaia aurkeztuko du: Miren Matanzas. Santurtziko Elkarrekin Ahal Dugu-ren taldeak hura babestuko duela jakinarazi du, baina azken hitza PSE-EE-k dauka. EAJ gutxiengoan gobernatzen ari da Bizkaiko udalerririk handienetan bosgarrena, baina, orain egun batzuk, Anduezak atea itxi zion aldaketari eta, beraz, EH Bilduren alkategaia babesteari; esan zuen PSE-EE alderdi «serioa» dela.
Carroceraren aukeraketak «barne kohesioa eta proiektu jeltzalea udalerrian indartzen jarraitzeko borondatea islatzen» du, EAJren arabera. Carrocerak 49 urte ditu, Irakasle Eskolan diplomatua da, eta gaur egun Kultura, Kirol eta Euskara zinegotzia da Santurtzin. 2019tik 2023ra Berdintasun eta Gizarte Ekintza Saila zuzendu zuen, eta 2019tik 2020ra Begoñako Andra Mari egoitzako presidente izan zen.