Martxoaren 5ean hautatuko dute Santurtziko alkate berria

Karmele Tubilla alkate ohiaren dimisioa gauzatu da gaurko udalbatzan, eta beste jeltzale batek hartuko du haren lekukoa, betiere PSE-EEko udal taldeak zuzendaritzaren agindua bete eta EAJren hautagaia babesten badu.

Santurtziko udalbatza, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
Santurtziko udalbatza, gaur, Tubillaren dimisioari bide ematen. MIGUEL TOÑA / EFE
Xabier Martin - Iratxe Muxika Karrion
2026ko otsailaren 26a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Karmele Tubilla jadanik ez da Santurtziko (Bizkaia) alkate. Tubillak otsailaren 12an jakinarazi zuen dimisioa emango zuela «arrazoi pertsonal, politiko eta profesionalengatik». Udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan irregulartasunak egon ote ziren ikertzeko batzordea bildu baino ordubete eskas lehenago eman zuen Tubillak erabakiaren berri. Bilera horretan, Sonia Lopez Segurtasun zinegotzi izandakoak ziurtatu zuen «presio politikoa» egin ziotela udaltzaingoaren lan eskaintza publikoan «soslai jakin batzuen alde» egiteko.

Martxoaren 5ean egingo dute hurrengo alkatea hautatzeko udalbatza, legezko epemuga baino astebete lehenago; ez du ematen kolokan dagoenik noren esku geratuko den Santurtziko aginte makila. Izan ere, EAJ gutxiengoan gobernatzen ari da Bizkaiko udalerririk handienetan bosgarrena, baina, orain egun batzuk, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak atea itxi zion aldaketari, eta, beraz, EH Bilduren alkategaia babesteari; esan zuen PSE-EE alderdi «serioa» dela, eta «errespetatu» egingo dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EAJrekin duten akordioa. Hala, zinegotzi gehieneko alderdietan bigarrenak, EH Bilduk alegia, ezingo luke alkatetza eskuratu —koalizioak zinegotzi bat gutxiago du EAjk baino—.

Ansolaren aitortza Tubillari

Hala ere, badago tentsioa PSE-EEren barruan. Santurtziko PSE-EEren taldeko bozeramaile Juan Andradesek ziurtatu zuen «EAJko zinegotzi guztiak inhabilitatuta» daudela udala gobernatzeko. Haren iritziz, gertatutakoa «uste zen baino askoz ere larriagoa» da, eta «orain» ulertu dute Tubillak zergatik eman zuen dimisioa «hain azkar». Andradesek adierazi zuen Lopez Segurtasun zinegotzi ohiaren arabera «udal gobernuko kide guztiek» zeukatela filtrazioaren berri, eta, beraz, «EAJko zinegotzi guztiak inhabilitatuta» daudela alkate izateko.

Tubillaren dimisioaren berri izan eta ordu gutxira, EBBko presidente Iñigo Ansolak prentsaren aurrean gogoratu zuen EAJk eta PSE-EEk akordio estrategikoa dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeak gobernatzeko, eta, gaur, «esker oneko» azaldu da alkate ohiarekin. Tubillak «dena eman du» Santurtziren alde, Ansolaren arabera, egoera herriari «min handia» egiten ari baitzitzaion.

Hori horrela, martxoaren 5ean Santurtzik alkate berria izango du. EAJk ez du jakinarazi oraindik zein izango duen hautagai. EH Bilduk, berriz, Miren Matanzas aurkeztuko du alkategai gisa. Azken hitza PSE-EErena da.

Hiru zinegotzi berri Getxon

Egoera bertzelakoa da Getxon (Bizkaia). Gaur hartu dute kargua EAJko hiru zinegotzi berriek: Aingeru Torrontegik, Elisabete Basañezek eta Carlos Sergio Atxotegik. Aitzinetik dimisioa eman zuten Ignacio Uriarte, Irantzu Uriarte eta Iñigo Urkitzak, epaileak Irurak Bat jauregiaren auziarekin lotuta inputatu ostean; 2024ean eraitsi zuten eraikin hura, luxuzko etxebizitzak egiteko asmoz. Bi delitu zantzu atzeman dituzte auzian: ondare historikoari buruzkoa eta ondare historikoarekin lotutako prebarikazioa. Denera hamar lagun daude inputatuta, eta horiek atzo ziren epailearen aitzinean deklaratzen hastekoak, baina epaile aldaketaren ondorioz, data ere atzeratu egin da.

Epaiketa prozesua geldi dagoen arren, aitzinera doa Getxoko Udala, eta gaurko osoko bilkuran jakinarazi dute zinegotzi bakoitzak zer kargu hartuko duen: Torrontegi arduratuko da Ogasunaz eta Diruzaintzaz; Basañezen ardura izanen dira Ekonomia eta Turismo Sustapenaren Bulegoa, bide publikoan eta Punta Begoñan galerian eginen diren ekitaldiak, eta herritarren arretarako bulegoa; eta, azkenik, Atxotegi izanen da Ingurumen Sailaren burua. 

Getxo ere izan du solasgai Ansolak, eta erran du «zintzoa» iruditzen zaiola zinegotziek karguari uko egin izana. Edonola den, gogorarazi du instrukzio baten aitzinean daudela auzipetuak, ez ikerketa batean, eta «oraindik» ez dagoela «benetako auzirik». Oposizioari erantzun txiki bat emateko ere probestu du tartea; izan ere, dimisioa eman dezala eskatzen diote Amaia Agirre Getxoko alkateari, eta hark eskaerari uko egin ondotik, Ansolak bere alde egin du. «Alkatea ez dute ikertu ere egin, eta, gainera, txosten tekniko eta guztiz legalak begiratuta eman zien langileei etxebizitza horien obra lizentzia». 

Alegia, EBBko presidenteak ez du arrazoirik ikusten alkateak dimisioa emateko, eta, horren ordez, oposizioari bota dio errua: «EH Bilduren eta PPren joko politiko baten aurrean gaude, interes politiko kontua da gertatzen ari dena, eta existitzen ez den zerbait atera nahi dute argira». Alkatea herriak izendatu zuela argudiatuta, karguan jarraitu dezala eskatu dio Agirreri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.