EAJk Kongresura eramango du estatutuen aurka aurrez jar daitezkeen helegiteei bidea ixteko saioa

PPk 2015ean onartu zuen 50 diputatuk modua izatea Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, autonomia estatutuen berrikuntzak bozkatu aurretik. Lege hori aldatzea proposatuko du EAJk Espainiako Kongresuan, eta aintzat hartu edo ez bozkatuko dute.

Maribel Vaquero, EAJko eleduna Madrilen. JUAN HERRERO / EFE
Maribel Vaquero, EAJko eleduna Madrilen. JUAN HERRERO / EFE
xabier martin
2026ko otsailaren 23a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berriaren inguruko negoziazioak aurrera jarraitzen du, eta, akordioa egonez gero, EAJ Madrilen egongo diren oztopoak arindu nahian ariko da bihar Espainiako Kongresuan. Izan ere, ekimen bat eramango du Madrilgo ganberara, bertan behera gera dadin autonomia estatutuen aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurrez helegitea jartzeko  aukera. Lege proposamen hori aintzat hartzen den ala ez bokatuko dute ganberan. PPk gehiengoaren alperra pasatuta onartu zuen aukera hori 2015ean, alegia, 50 diputatuk modua izatea Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, autonomia estatutuen berrikuntzak bozkatu aurretik.

Gaur arte, EAJk ez du lortu Madrilen bertan behera geratzea lege hori, baina bihar beste saio bat egingo du, Auzitegi Konstituzionalaren Legea erreformatzeko prozesua has dadin. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk estatus berriaren inguruko itun bat iragarriko balute luze gabe, eta akordio hori proposamen zehatz bihurtuko balitz Eusko Legebiltzarraren oniritziarekin, Espainiako Kongresuak ere eztabaidatu eta ontzat jo beharko luke ondoren. Eztabaida hori egin ahal izan dadin eta diputatuek bozkatu ahal izan dezaten, ordea, beharrezkoa da bidea ixtea Konstituzionalean aurrez jar daitezkeen helegiteei. Horixe lortu nahi du EAJk biharko ekinaldiarekin.

Legealdiaren iraupena

Asmo hori aurrera atera eta Konstituzionalean aurrez jartzen diren helegiteeak baliogabetuko balira, aukera bat legoke Eusko Legebiltzarrean Gernikako Estatutua berritzeko onar daitekeen proposamena Madrilgo ganberan ere onartua izateko. Horretarako, ordea, Pedro Sanchezek 2027ra arte luzatu beharko luke legealdia.

Gaur-gaurkoz, ordea, ez dago jakiterik EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PSOEren arteko negoziazioak akordio historiko bat ekarriko duen edo ez. EBBko presidente Aitor Estebanek esan zuen urtarrilerako iritsiko zirela albisteak, «onerako edo txarrerako». Aurreko astean, baina, esan zuen aste gutxi batzuk luzatu daitekeela epemuga hori, lokarri batzuek askaezinak baitirudite oraindik.

Edonola ere, jeltzaleek bihar ahaleginak egingo dituzte estatutuen berrikuntzei aurrez jartzen zaien helegiteei bidea ixteko, «benetako beto politikoak» bertan behera geldi daitezen. EAJren arabera, Rajoyren garaian onartu zen aukera horrek «aldatu egiten du» Auzitegi Konstituzionalak estatuaren lurralde ereduaren gainean duen «kontrola». Hala, «bidezidor juridikoek» hartzen dute adostasunen bidezko politikaren lekua. EAJk, bere proposamenean, oso garbi azaldu du lege horrek «tentsioak» eragiten dituela «sisteman». Finean, «parlamentuaren aurkako oztopo» gisa ikusten du.

Madrilgo ganberara eramango duten proposamena 2023an erregistratu zuten jeltzaleek, Aitor Esteban taldeko buru zela, eta oraindik ere haren izenean dago. Aurrera aterako balitz ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Eusko Legebiltzarrean onartutako proposamena aztertuko luke —halakorik onartuko balitz—, baina, Espaniako Kongresuan bozkatu ondoren, eta Kataluniakoarekin egin zuen bezala, aukera izango luke Gasteizko ganberak adostutako idatzia aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.