Hauteskunde ondorena. Alderdien elkarrizketak

EAJk krisia gainditzea beste helbururik ez badu, PP babesa emateko prest dago

Identitate gaiak alboratzeko eta ezker abertzalea baztertzeko proposatu dio Basagoitik Urkulluri

Quiroga, Oiarzabal, Basagoiti eta Garcia Salazar, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Argi utzi du Antonio Basagoiti PPren EAEko presidente eta lehendakarigaiak, bai EAJko mintzakideen aurrean, bai «herritarrengana» zuzenduta: «Lehentasuna ekonomia da; krisitik atera eta lanpostuak sortzeko indarrak batzeko unea da; zulo honetatik atera eta Euskadi Espainiaren abangoardian jartzekoa». EAJren lehentasun bakarra ere ekonomia suspertzea bada, «batuketa» posible izango dela dio Basagoitik. Eta ez soilik Eusko Jaurlaritzari begira; baita aldundietan eta «udaletxe nagusietan» ere. Baina EAJk identitate gaiei heltzen badie, «endredatzen» hasten bada, «zaila» izango da akordioetara iristea.

Sabin Etxean esan ditu horiek Basagoitik, EAJko ordezkariekin bildu ondoren. Bezperan EH Bildurekin eta PSE-EErekin bezala, PPrekin batzartu zen atzo Iñigo Urkullu buru duen ordezkaritza. Basagoitirekin, Arantza Quiroga Legebiltzarreko jarduneko presidentea eta Iñaki Oiarzabal PPk EAErako duen idazkari nagusia izan ziren Sabin Etxeko bileran, ordubetez.

Ondoren Basagoitik hedabideen aurrean azaldu zuenez, «hasierako kontaktu bat» besterik ez zen izan atzokoa; «bilera normal bat, besterik gabe». EAJk bere proposamen orokorrak aurkeztu zizkion PPri, eta PPk bere jarrera argi utzi zion Urkulluren taldeari.

Jeltzaleek ere krisiari aurre egitea lehentasuntzat dutela-eta, asmo hori «benetan» zertan gauzatzen den ikusi nahi du PPk, eta horren zain geratuko da «Jaurlaritza berriarekin» zein jarrera izango duen zehazteko. «Hartzen duen bidea benetan egoera ekonomikoa hobetzera zuzentzen bada, batuko gara, elkar ulertuko gara, eta errazago izango da akordioetara iristea», azaldu du, Urkulluren hautagaitza babesteko asmorik ez duela argi duela aitortu arren. Eta jeltzaleek «katramilen bidea hartzen badute, elkarbizitzarako markoak indargabetu eta oraindik ahalegin demokratikorik txikiena ere egin ez duten horiei espazio politikoa ematen badie, askoz zailagoa izango da» EAJrekin edozein akordio egitea, «eta okerragoa Euskadirentzat».

Hain zuzen, ezker abertzalea alboratzeko deia egin du Basagoitik, Laura Mintegi lehendakarigaiak azken atxiloketak salatuz egindako adierazpenak baliatuta: «Beharrezkoa da normaltasun izpirik ez ematea ETAko kide baten atxiloketa zalantzan jartzen duten indezente horiei». Basagoitiren hitzetan, «inork ez lituzke normaltasunez tratatu behar normalak ez direnak», eta baztertu egin behar lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.