EAJk Parisko eraikina berreskuratu du: «Justizia ekintza bat da»

Jeltzaleek sinbolismoz betetako ekitaldi bat eginda ospatu dute Marceau etorbideko eraikinaren eskualdatzea. Estebanek PPri esan dio ez dutela «inoiz ahaztuko» sortu duten ika-mika. Ikurrina jarri dute balkoian.

Ikurrina Parisko Marceau etorbideko eraikinean. EAJ
Ikurrina Parisko Marceau etorbideko eraikinean. EAJ
aitor biain
2025eko irailaren 20a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eraikinaren kanpoan, lehen solairuko balkoietako batean, ikurrina handi bat. Eta barruan, ate nagusitik metro gutxi aurrera eginda, lau iltzerekin hormara jositako plakan honako hitz hauek, euskaraz nahiz frantsesez: Erbesterapen, askatasun eta demokraziaren ikurra. Agirre lehendakariak hemen izan zuen abegi. Naziek EAJ-PNVri ebatsia ta 2025ean berreskuratua. Parisko Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikina EAJrena da urtarrilaz geroztik, baina alderdi jeltzaleak gaur egin du bere, sinbolismoz betetako ekitaldi batean.

«Ebatsi zigutenetik 74 urte pasatu diren honetan, ohorea da niretzat Eusko Alderdi Jeltzaleko presidente gisa ateak ostera irekitzea», adierazi du Aitor Estebanek, hunkituta, dozenaka jelkide eta egungo nahiz aurreko EBBko ordezkariak aurrean zituela. Eraikinaren areto nagusian egin dute ekitaldian, gaur goizean, eta bertan parte hartu dute, halaber, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta haren gobernuko hainbat sailburuk ere.

Estebanek gogorarazi du Marceau etorbideko «etxea» ez dela eraikin huts bat, baizik eta «ikur bat»: erresistentziarena, nazismoaren eta faxismoaren aurkako borrokarena, erbesteratzearena, Europaren eraikuntzarena, realpolitik delakoaren kontrako printzipioena, amore ematen ez duen herriarena. «Alderdi honek sinisten duen printzipioen irudi izan da eraikin hau beti». Eta, hain zuzen ere, eraikinari nola edo hala lotutako pertsonak izan ditu gogoan.

EAJ Paris
Pradales eta Esteban, atarian jarri duten plakari begira. EAJ

EBBko presidenteak gogora ekarri du eraikina EAJk erosi zuela eta «garairik zailenetan» Euskal Herriaren zerbitzura egon zela. «Eta etorkizunean ere hala izango da, lehendakari», esan dio Pradalesi, bere garaian Eusko Jaurlaritzako Agirre lehendakariari aterpe eman ziola nabarmenduta. Harrezkero bi aldiz ebatsi dietela ere oroitarazi du, 1941ean lehenbizi, eta 1951n berriro. «Baina inoiz ez dugu etxe hau ahaztu; bihotzez ez ginen sekula Paristik joan», erantsi du.

Estebanek azpimarratu du eraikina berreskuratzea ez dela «iraganera itzultzea», belaunaldi berriei begira «etorkizunerako urratsak egitea» baizik. Eta gazteei zuzendu zaie EBBko presidentea, beren herriak «interpelatuak» sentitzen diren gazte horiei: «Bizi ditugun garai nahasi hauetan, merezi du garai zailenetan EAJk defendatu zituen balio eta ideiak defendatzea: demokrazia, bizikidetza, adierazpen askatasuna eta duintasuna. Ziur naiz belaunaldi berriek ere horien alde egingo dutela». 

Mezua PPri

Estebanek azpimarratu duenez, Parisko egoitza berreskuratzeko «ahalegin handia» egin dute, hala Euskal Herrian nola Madrilen. Zehazki, Memoria Demokratikoaren Legearen tramitea ekarri du gogora, hari esker lortu baitu EAJk eraikina berreskuratzea. Baita Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen erantzunari esker ere, ameto eman baitzuen. Izenik aipatu gabe, eskerrak eman dizkie denei.

Aitzitik, mezua igorri dio PPri, Parisko eraikinaren eskualdaketa ika-mika politiko handi baten iturri bilakatu duelako: «Ez dugu inoiz ahaztuko». Eskualdaketa oztopatzeko bide guztiak erabili izana egotzi die Estebanek popularrei nahiz eskuin muturreko Voxeko kideei, eta esan die erregimen frankistaren «oinordeko peto-petoak» direla.

«Marceau etorbideko etxea ez da eraikin huts bat, ikur bat baizik. Alderdi honek sinisten duen printzipioen irudi izan da eraikin hau beti»

AITOR ESTEBAN EAJren EBBko presidentea

Izan ere, PPk adierazi zuen egoitza hori PSOEk EAJri egindako «oparia» zela, eta horrek are gehiago gaiztotu zuen PPkoen eta jeltzaleen arteko harreman jadanik gaiztotua. Gaur bezala, EAJk hitz gogorrak esanez erantzun zien orduan ere, frankismoarekiko «nostalgia» dutela leporatu baitzien popularrei. Bi alderdien arteko harremanak hautsita daude harrezkeroztik, asteon Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran ere ikusi den moduan.

Eskualdatzea joan den urteko abenduan egin zen ofizialki; alegia, EBBko buruzagitzan Aitor Estebanek Andoni Ortuzar ordezkatu aurretik. Bada, Ortuzarrek ere hitza hartu du ekitaldian, eta adierazi du eraikinaren eskualdatzea «justizia ekintza bat» dela, «memoria eta erreparazio ekintza bat». Eta zera erantsi du: «Bagenekien gurea zela eta lortuko genuela. Ez dugu etsi, eta urte askoren ondoren lortu dugu. Berriro, Marceau etorbideko etxea Euskadi da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.