EAJk proposatu du lan eskaintza publikoetan erakunde bakoitzak finkatzea euskara eskakizunak

Derrigortasun indizea kentzea da proposamena, eta lan eskaintza publikoen hizkuntza eskakizunak erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzea, «proportzionaltasun irizpideak eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko irizpideak erabiliz».

Markel Olano Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Markel Olano Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko ekainaren 20a
12:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala pil-pilean dago; bata bestearen atzetik iristen dira lanpostuetarako euskara eskakizunen aurkako sententziak. Horiek horrela, EAJk Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko ekinbide bat aurkeztu du, lan eskaintza publikoetako euskara eskakizunei «segurtasun juridikoa» emate aldera. Proposamenak zera dio: euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatu egingo dute, eta erakunde bakoitzaren esku geratuko da lan eskaintza publikoetan eskakizunak jartzea, baita horiek nolakoak izango diren ere. Ekinbidea bakarrik aurkeztu dute, ez baitute lortu PSE-EErekin ados jartzea.

Zehazki, hauxe dio EAJren proposamenak: «Euskal administrazio publikoetako erakunde bakoitzean, euskararen normalizazioari eta erabilerari buruzko plangintzarako aldi baterako tresna onartzean, eta horren barruan ezarri beharreko helburuak, neurriak eta bitartekoak ezartzean, zorroztasun osoz zehaztu beharko da hizkuntza eskakizunaren derrigortasun data ezarria duten plazen ehunekoa. Erakunde bakoitzak egiten duen zehaztapena proportzionaltasun irizpideen arabera justifikatu beharko da, erakundearen hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak kontuan hartuta. Ez da aplikatuko nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik».

Egitasmoaren nondik norakoen berri Markel Olano EAJko Euskadi Buru Batzarreko euskara arduradun eta legebiltzarkideak eman du, Eusko Legebiltzarrean. Olanok azaldu duenez, saiatu saiatu dira PSE-EEko ordezkariekin ados jartzen, baina «analisian eta tresnan» desadostasunak izan dituzte. EAJk atzo jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzako bazkideari berak bakarrik aurkeztuko zuela proposamena.

Jeltzaleen arabera, aurkeztu berri duten lege proposamenak hautaketa prozesu publikoetan «euskara babestea eta prozesu horiei segurtasun juridikoa ematea» du xede: «Ekimenak LEP lan eskaintza publikoen hizkuntza eskakizunak erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzea planteatzen du, proportzionaltasun irizpideak eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko irizpideak erabiliz».

Olanok azaldu duenez, azken hilabeteetan euskararen biziberritze prozesuaren aurka emandako ebazpen judizialen karietara hartu dute erabakia, «kezka» sortu baitiete: «Ezin gara ezer egin gabe geratu azkenaldiko sententzia hauek ikusita —euskararen kontrako erasoak dira—, eta irtenbide bat eskaini behar diegu LEP bat egiten dutenei, baita administrazioan euskararen erabilerari kalte egiten dieten epaiak saihesteko ere. Izan ere, azkenaldian zalantzan jartzen ari dira hamarkadaz hamarkada ehundutako adostasun oso zabal batzuk».

Horiek horrela, EAJk EAEko Enplegu Publikoaren Legea aldatzea sustatu du, «LEPak gorabehera judizialetatik kanpo uzteko eta hizkuntza eskubideen errespetua babesten dela bermatzeko». Hain zuzen, legearen 187. artikuluari beste atal bat gehitzea nahi du. Praktikan, jeltzaleen esanetan, zera eskatuko dute: «Euskal administrazio publiko bakoitzak azterketa zorrotz eta justifikatua egin dezala eskatuko da, proportzionaltasun irizpideetan eta erakundean hizkuntza ofizialak erabiltzeko beharretan oinarrituta, LEPak ateratzerakoan hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak finkatze aldera. Eta, bestalde, kendu egingo da nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrak aplikatzea, orain arte egiten zen bezala, hori izan baita epai judizialen tirabira eta baliogabetze puntu nagusia».

PSE-EErentzat, gobernu akordioa urratu da

EAJk lege proposamenaren berri eman orduko hartu du hitza Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideak. Haren esanetan, EAJren ekinbideak «urratu» egiten du Eusko Jaurlaritzan duten gobernu akordioa: «Gure itunaz harago doa, eta kezkatu egiten gaitu». Eta zera ohartarazi du: «Funtsezko gai batean desadostasunak daude; hurrengo hilabeteetan ikusiko dira ondorioak».

Proposamenaren edukiari dagokionez, ez daude ados: iruditzen zaie segurtasun juridikoa eman beharrean lan eskaintza publikoak «zaurgarriago» uzten dituela etorkizunean helegiterik balego.

Baikorrago mintzatu da EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiria. Oraindik proposamena aztertzeko badute ere, egin du lehen balorazioa: nabarmendu du ez dela nahikoa, baina bai pauso «positibo» bat. Hori horrela, EAJrekin ados jartzeko prest agertu da.

EAJk ez ezik, EH Bilduk ere egina du proposamena: euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea.

 

Hizkuntza eskakizunen inguruko proposamenak

  • EH Bildurena. Ekainaren 10ean erregistratu zuen bere proposamena EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea da proposamenaren ardatza. EAEko Enplegu Publikoaren Legea eraldatuta egin nahi dute aldaketa, eta «oldarraldi judizialaren aurkako lehen murrua» izatea aldaketa hori. Irizpide orokor hori, baina, malgua izanen litzateke, eta administrazio publikoek salbuespenak ezartzeko modua izango lukete. Proposamena, oro har, bat dator iazko maiatzean plazaratutako Euskal administrazio publikoetan hizkuntza plangintzarako eredu berri baterako trantsizioari buruzko txostena dokumentuan jasotako irizpideekin.Txillardegi Gogoeta Guneak Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera antolatutako jardunaldi batzuetan aurkeztu zuten. Proposamen horrek dio administrazioek, euskararik eskatzen ez badute, «justifikatu» egin beharko dutela horren zergatia. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko irakasle Iñigo Urrutia Libaronak landutakoa da txostena.
  • Jeltzaleena. Markel Olanok gaur eraman du Eusko Legebiltzarrera. Enplegu Publikoaren Legea erreformatzea da proposamen honen helburua ere. Euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea: horixe da egin nahi den aldaketa. «Ez da aplikatuko nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik». Modu horretan, erakunde bakoitzaren esku geratuko da lan eskaintza publikoetan eskakizunak jartzea, baita horiek nolakoak izango diren zehaztea ere.
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.