ESPAINIAKO INBESTIDURA

EAJk PSOEri eskatu dio erantzuteko egindako eskariei

Aitor Estebanek bilera egin du Adriana Lastra PSOEko bozeramailearekin. Jakinarazi du EAJk ez duela erabaki zein izango den bere botoa Sanchezen inbestiduran, baina, PSOEri dei egin dio erantzuteko haiek egindako eskariei. Sanchezek Urkullurekin hitz egin zuen asteartean.

Esteban EAJko Espainiako Kongresuko bozeramailea gaur batzartu da Adriana Lastra sozialistarekin. INMA MESA / EFE
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko abenduaren 19a
14:59
Entzun

EAJk eta PSOEk bilera egin dute gaur, Madrilen, Pedro Sanchezen inbestiduraz hitz egiteko. Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresuko bozeramailea Adriana Lastra PSOEko bozeramailearekin batzartu da. Estebanek ohartarazi duenez, EAJk oraindik ez du erabaki zeren alde bozkatuko duen Sanchezen inbestiduran, eta gaineratu du alderdiko kideei dagokiela hori erabakitzea. Hala ere, alderdi sozialistari eskatu dio erantzuteko haiek egindako eskariei: «Sozialistek inbestidura ahalik eta azkarren nahi badute, gaur arratsaldean edo bihar erantzun beharko diete EAJk egindako eskariei».

Estebanek ez du argitu zeintzuk diren PSOEri egindako eskariak, baina aurreratu du EAJrentzat «garrantzitsuak» direla industria politikak eta azpiegiturak, besteak beste. Areago, jakinarazi du Espainiako Gobernuak «aukera handi bat» duela: «Erronka bat da Euskadiren artikulazioa estatuko estrukturan zehaztea; zaila da, baina ez ezinezkoa». Eta nabarmendu du Espainiako Gobernuak eduki ditzakeen ekimenak aurrez zehaztu beharko liratekeela gainontzeko alderdi politikoekin.

Urkullurekin, telefonoz

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin hitz egin zuen asteartean, telefonoz. Urkulluk adierazi zuenez, inbestiduraz ez ezik, «lurralde ereduaz» ere hitz egin zuen Sanchezekin.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.