Espainiako Guardia Zibilak Intxaurrondon duen kuarteletik hitz egin du gaur Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak. Gaurko egunez duela 41 urte Mikel Zabalza gazte nafarra Bidasoa ibaian hilik agertu zen, Guardia Zibilaren atxiloaldian jasandako torturen ondorioz. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak torturaren biktima gisa aitortu duten, Espainiako Gobernuak oraindik ere sekretupean gordetzen ditu auziaren inguruko agiriak. Horregatik, Estebanek gogor kritikatu du Pedro Sanchezen gobernuaren jarrera, EAJrekin agiri horiek desklasifikatzeko konpromisoa hartu zuen arren, ez duelako bere hitza bete.
Estebanek sare sozialetan zabaldu duen bideo batean gogora ekarri duenez, «giza eskubideen aurkako atentatu horretatik 41 urte igaro direnean, Zabalzaren familiak oraindik ez du jaso merezi duen egia, eta familia horrek badu egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Euskadik ere merezi du jakitea zer gertatu zen».
Jeltzaleen presidenteak zera adierazi du: «Askotan eskatu izan diegu PPko zein PSOEko gobernuei, eta biek uko egin diote sekretupean gordetako dokumentu horiek desklasifikatzeari, eta, gainera, azalpenik eman gabe». Are gehiago, salatu du arduradun batzuk saritu dituztela.
«Bidezko eskaera da»
Estebanek gogora ekarri du aste honen hasieran Espainiako Gobernuak Guillem Agullo i Salvador gazte valentziarraren auziari buruzko agiriak desklasifikatu dituela. Ezkerreko mugimendu independentistetako militantea zen Agullo, eta eskuin muturreko militante talde batek erail zuen 1993an. Hori ikusita, EAJk galdera egin du: «Zergatik ez dituzte Zabalzaren atxiloketa, tortura eta hilketari buruzkoak desklasifikatzen?». Estebanek salatu duenez, Pedro Sanchezek huts egin dio EAJri: «Gurekin konpromisoa hartu zuen Sekretu Ofizialen Legea onartzeko, eta ez du bete». Estebanek, ordea, uste du oraindik garaiz dagoela bere promesa betetzeko. «Bidezko eskaera da; Euskadik egia jakiteko eskubidea du eta bere familiak ere bai», adierazi du.
Esteban ez ezik, Idoia Sagastizabal Bizkaiko zerrendaburua ere memoriaz mintzatu da gaur. EAJk Bilbon egin duen mitinean Sagastizabalek azpimarratu du memoriak garrantzia handia duela demokrazian: «Memoria ez da elkarbizitzarako inolako oztoporik. Izan ere, baldintzarik funtsezkoenetakoa da. Demokrazia finkatu egiten da bere biktimak aitortzen dituenean eta iragana aitortzeko gaitasuna erakusten duenean, isiltasunik eta inpunitaterik gabe». Ildo beretik, Sagastizabalek galdegin du «borondate politikoa» 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko eta artxiboak desklasifikatzeko.