EAJk su eten iraunkor bat eskatu du Gazarako, «eraso justifikaezinen» harira

Jeltzaleen esanetan, Netanyahuren gobernuaren azken erabakiak «gerra gogortzea» eta «Gaza suntsitzea» du xede. EBri eta NBEri eskatu diete «berehala» esku hartzeko.

Atzo Gazan hartutako irudi bat. ABIR SULTAN / EFE
Atzo Gazan hartutako irudi bat. ABIR SULTAN / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko abuztuaren 13a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk «irmoki eta tinko» gaitzetsi ditu «Palestinako biztanleria zibila pairatzen ari den suntsipena eta giza hondamendia». Adierazpen batean, jeltzaleek azaldu dute Israelgo Gobernuaren planak «gerra gogortzea» eta «Gaza osoa suntsitu eta okupatzea» duela xede. Hori dela eta, NBEri eta Europako Batasunari eskatu die «berehala» esku hartzeko, su eten iraunkor baten eta Palestinako Estatuaren alde eginda.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk iragarri zuen Gaza hiria okupatzeko asmoa duela, hori delakoan «Hamasen mehatxua» amaiarazteko modu bakarra. Jeltzaleen esanetan, baina, erabaki horrek «gerra» gaiztotu besterik ez du egiten, eta Tel Avivi exijitu dio atzera egitea: «Israeli eskatzen diogu egoera hau berehala bertan behera uzteko».

Adierazpenean, Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako erasoari egin diote erreferentzia jeltzaleek, uste baitute Israelek hura baliatu duela bere «erasoaldi militarra» justifikatzeko. Alderdiaren esanetan, ordutik izandako «indarkeria, heriotzak eta suntsipena erabat justifikaezinak» dira, eta nazioarteko zuzenbidearen kontrakoak. Zehazki, laguntza humanitarioa blokeatu izana, zibilek «indarkeria neurrigabea» jasatea eta oinarrizko azpiegituren suntsiketa salatu dituzte.

Horiek horrela, EAJk bost eskaera egin ditu. Azaldu dute ezinbestekoa dela «berehalako su eten iraunkor bat» ezartzea eta korridore humanitario seguruak izatea hala giza laguntza sartzeko nola Gazako herritarrak atera eta sartu ahal izateko. Hamasi, berriz, eskatu dio bahituak «berehala eta baldintzarik gabe» askatzeko.

Era berean, nazioarteko zuzenbidea «zorrotz» aplikatzeko eskatu du, eta, NBEren ebazpenetan oinarrituta, Palestinak «estatu aske eta subirano bat» sortzeko duen eskubideari erreparatu. Argudiatu dute horixe dela gatazka behin betiko eta era iraunkorrean konpontzeko modua.

Alderdi jeltzaleak NBEri, Europako Batasunari eta, oro har, nazioarteko komunitateari erreparatu dio bere adierazpenean: «Belaunaldi honek ezin du ez ikusia egin nazio bat ezabatu eta bertako gizon, emakume eta haurrak sarraskituak diren bitartean».

Hala, EAJk uste du Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak gaurko deitutako bilera abagune on bat dela. Hartan, EBko eta NATOko ordezkari nagusiak elkartuko dira, tartean AEBetako presidente Donald Trump. Bilera, baina, Ukrainako gerrari begira antolatu da, Trump bera Errusiako presidente Vladimir Putinekin biltzekoa baita ostiralean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.