EAJk «terrorismoa» itzultzeko arriskuez ohartarazi du Irungo atxiloketen ostean

«Ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa zeramaten bi pertsona atxilotu ondoren, Maribel Vaquero kongresukide jeltzaleak ohartarazi du ez dagoela justifikatuta indarkeria erabiltzea, «edozein helbururen izenean dela ere».

Maribel Vaquero, EAJk Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak aurkezteko larunbatean eginiko ekitaldian, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Maribel Vaquero, EAJk Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak aurkezteko larunbatean eginiko ekitaldian, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
kristina martin
2026ko urriaren 19a
12:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

ETAk armak behin betiko utzi zituenetik hamabost urte bete diren asteburuan bertan, albistea atera da bi pertsona atxilotu dituztela «terrorismo» delitua leporatuta. Talde armaturen bat sortzeko ahaleginez hitz egiten hasi dira zenbait hedabidetan, eta horri buruz galdetu diote Maribel Vaquero EAJk Espainiako kongresuan duen taldearen bozeramaileari gaur goizean, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan: «Ezin dugu baimendu inork pentsa dezan hil zutenak heroiak direnik», erantzun du. 

Horrekin batera, Vaquerok nabarmendu du ezinbestekoa dela gertuko oroimenaren analisia egitea, eta «elkarbizitza eta bakea» dira, haren hitzetan, ariketa hori egiteko baldintzak. Gatazkari eta indarkeriari buruz hitz egiterakoan «nostalgia» baztertu behar dela ohartarazi du. «Oso argi izan behar dugu hiltzea gaizki egon zela, indarkeria beti bidegabea dela, eta edozein helburu lortzeko biolentzia ez dela bidea», adierazi du. Horrekin lotuta, uste du arriskutsua dela «oraindik ere egotea hil zuten horiek gudariak eta heroiak izan zirela sinesten duten pertsonak».

Adierazpen horiek asteburuko atxiloketen harira egin ditu Vaquerok. Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen Irunen (Gipuzkoa): 34 urteko gizon bat eta 22 urteko emakume bat, biak euskal herritarrak. Ertzaintzak hiru pertsona identifikatu zituen irailaren 26an egindako alkoholemia kontrol batean, Eskoriatzan (Gipuzkoa): bi euskal herritar, eta hirugarrena, IRAko disidente taldeekin ustez harremana duen irlandar jatorriko herritar bat. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, poliziei eta segurtasun indarrei buruzko informazioa eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa zeramaten. Hala ere, ez zituzten orduan atxilotu. Atzo, ordea, ertzain etxera joan ziren bi euskal herritarrak, beren borondatez, eta atxilotu egin zituzten. Horren harira, zenbait hedabidek hauspotu dute talde armatu baten sorreraren zantzuak izan zitezkeela.

Vaqueroren gaurko hitzek bat egiten dute EAJk atzo, atxiloketen berri eman zuten egun berean, plazaratu zuen oharraren edukiarekin. «Auzitegi Nazionala ikertzen ari den ekintza horiek baieztatuko balira, hori ustez gaindituta zeuden garai batzuetara itzultzea litzateke». Hortaz, EAJk dei egiten dio euskal gizarteari «bakea» babesteko atzerapausorik ez emateko.

EAJ, «eskuin muturraren aurrean bermea»

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen inguruan ere galdetu diote EAJren ordezkariari. Inkestek PPri eta Voxi ematen dizkieten emaitza onak kontuan hartuta, galdetu diote zer jarrera hartuko lukeen EAJk halako gobernu bat osatuko balitz. Vaquerok gogorarazi du 2023an EAJk jada eragotzi zuela bi alderdi horiek gobernua osatzea. Berretsi duenez, EAJ da «eskuin muturraren aurrean bermea», haren aburuz PPk eta Voxek gehiengoz osatutako gobernu bat «arriskutsua» izango litzatekeelako EAEko autogobernuarentzat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA