Hainbat hedabidek Jardun koordinakundearekin lotu dituzte larunbatean Irunen (Gipuzkoa) atxilotutako bi lagunak, «segurtasun indarretako iturriak» aipatuz. «Terrorismo» delitu bat leporatzen diete 34 urteko gizon bati eta 22 urteko emakume bati, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte «lehenbailehen». Aske antolakundeak, ordea, Jardunen kontrako «kriminalizazio kanpainatzat» jo du plazaratutakoa. Dirudienez, atxilotuak ertzain etxean daude oraindik ere, Madrilera noiz eramango dituzten zain.
Ertzaintzak hiru pertsona identifikatu zituen irailaren 26an egindako alkoholemia kontrol batean, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Bi euskal herritarrak ziren, eta bestea IRAko disidente taldeekin harremana izatea egozten dioten irlandar jatorriko herritar bat. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, poliziei eta segurtasun indarrei buruzko informazioa zeukaten, eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat aurkitzeko informazioa». Hala ere, ez zituzten atxilotu.
Bada, hiru pertsona horietatik bi Ertzaintzaren Irungo polizia etxera joan ziren larunbatean, abokatuarekin, eta Ertzaintzak atxilotu egin zituen. Atxilotuak 34 urteko gizon bat eta 22 urteko emakume bat dira. Handik ordu batzuetara, atxiloketen berri ematen hasi ziren komunikabideak, «beste behin ere, makineria errepresibo eta mediatiko guztia martxan jarrita», Aske antolakundeak salatu duenez.
Babesa eta elkartasuna
Jardun koordinakundearen barruan sortutako erakundea da Aske, errepresioaren aurkakoa eta amnistiaren aldekoa, eta irmo salatu ditu «Jardun seinalatzeko eta haren aurkako kriminalizazio kanpaina martxan jartzeko» baliatu dituztela atxiloketak. Atxilotuei eta haien gertukoei «babes eta elkartasun osoa» adierazi die Askek. Hala ere, argi utzi nahi izan du atxiloketak ez duela «inolako loturarik koordinakundearekin».
Biei deklarazioa hartu eta beharrezko ikerketa eginbideak egin ondoren, bi atxilotuak Auzitegi Nazionalaren esku geratuko dira. Ertzaintzak zabalik du ikerketa oraindik.