Espero zen, eta EAJk gaur baieztatu du: Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria izango da EAJren hautagaia kargu horretan jarraitzeko. Euzkadi Buru Batzarrak urtarrilaren 13an iragarri zuen Urkullu proposatuko zuela lehendakarigai gisa, eta gaur jakinarazi du bera izango dela hautagaia: «Iñigo Urkulluk Uri Erakunde guztien aho bateko babesa jaso du eta,ondorioz, Lehendakarirako hautagai bakarra da».
Aberri Batzarrak gaur onartuko ditu hauteskundeetara aurkeztuko dituen zerrendak, eta ekitaldian bertan mintzatuko da Urkullu.
Iñigo Urkullu (Alonsotegi, 1961) EBBren lehendakari izatera iritsi zen 2007an, eta, ardura instituzionaletan, 2012tik izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Bi agintaldi egin ditu Urkulluk Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan. Lehenengoan, 2012tik 2016ra, kolore bakarreko gobernua osatu zuen, 27 legebiltzarkide jeltzaleen babesarekin eta gehiengo absolututik urrun. Zailtasunak zailtasun, Jaurlaritzak zenbait egitasmo aurrera ateratzea lortu zuen, batzuetan PPren laguntzarekin, beste batzuetan PSE-EE makulu hartuta, eta inoiz EH Bildurekin ados jarrita. «Guztiekin akordioak lortzeko gaitasuna» asko nabarmendu zuen EAJk garai hartan.
2016ko hauteskundeetan, Urkullu berriro izan zen jeltzaleen hautagaia, eta EAJk bere nagusitasunari eutsi zion, 28 legebiltzarkide lortuta, aurrekoan baino bat gehiago. Baina, ordurako, EAJren eta PSE-EEren arteko harremana beste fase batean zegoen: 2015eko udal eta foru hauteskundeen ostean, EAJk bazkidetzat hautatu zuen PSE, eta akordioak lortu zituen sozialistekin foru eta udal erakunde gehienetan elkarrekin aritzeko. Horren ondorio logikoa izan zen 2016ko azaroan EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzea, berriro ere Urkulluren gidaritzapean.