EAJk ziurtatu du plan bat daukala Madrilen «euskal herritarren interesak defendatzeko»

Kanpaina abiatzeko atarian, EAJk agerraldi bat egin du Bilbon, eta adierazi du «euskal talde indartsu bat» proposatzen duela euskal herritarren interesak Madrilen defendatzeko.

Idoia Sagastizabal, Espainiako Gorteetarako EAJren Bizkaiko gainerako hautagaiekin, Bilbon. EAJ
Idoia Sagastizabal, Espainiako Gorteetarako EAJren Bizkaiko gainerako hautagaiekin, Bilbon. EAJ
nerea intxausti
2026ko azaroaren 12a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kanpaina hastear da, gauerdian abiatuko da, eta horren gogoz azaldu dira gaur EAJko ordezkariak, Bilbon. «Azaroaren 29an aukeratuko dugu Euskadi Madrilen nork ordezkatuko duen, eta gogoz eta ilusioz beteta heltzen diogu kanpaina honi», adierazi du Idoia Sagastizabal Espainiako Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak. Bizkaiko gainerako hautagaiekin batera egin du agerraldia. Sagastizabalek adierazi du alderdiak plan bat daukala «Madrilen euskal herritarren interesak defendatzeko». 

Zerrendaburuak azaldu du badakitela asko dagoela jokoan: «Etxebizitzaren alorrean bai, baina baita pentsioen alde ere, enpleguaren alde, gehien maite ditugun horientzako zainketen alde eta gure auzoetan lasai bizi ahal izan gaitezen». 

Txarretsi du horiek guztiak Madrilen erabakitzen direla, baina ziurtatu du «euskal talde indartsu bat» dutela han, «ekiteko gaitasuna eta bozkatzeko ahalmena» duen talde bat, eta «autogobernuan atzerapausorik ez emateko» lan egiten duena: «Gaur bertan, Maribel Vaquero Kongresuan dago gure jarrera defendatzen eta euskal herritarron ahotsa Madrilen entzuten dutela eta Madrilen eragiteko indarra duela bermatzen».

Gaur hasi eta datozen hamabost egunetan jeltzaleek «gai guztiak azaltzeko» helburua jarri diote euren buruari. Espainiako hauteskundeetako kanpaina abiatzeko, 21:00etan jarri dute hitzordua gaur, Gasteizen. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA