Eusko Jaurlaritza

EAJren Aberri Batzarrak eta PSEko militanteek gobernu akordioa berretsi dute

Aberri Batzarrak aho batez onetsi du hitzarmena. PSE-EEko militanteen artean, atzo eta gaur botoa eman duten %93k babestu dute gobernu ituna. Elkarrekin Podemos abstenitu egingo da Urkulluren inbestiduran.

Eusko Jaurlaritza osatzeko EAJ-PSE-EEren arteko bilera Sabin Etxean, uztailaren 20an. LUIS TEJIDO / EFE
jon olano
2020ko abuztuaren 31
10:51
Entzun

EAJk eta PSE-EEk joan den ostegunean lortu zuten datorren legealdirako Jaurlaritzaren programari buruzko aurreakordio bat, eta adostasun hori alderdi bakoitzeko organoek berretsi dute gaur.

Batetik, jeltzaleek Aberri Batzarra bildu dute gaur. Alderdiaren zuzendaritzak ostegunean eman zion oniritzia testuari, baina Aberri Batzarra da gisa horretako akordioei behin betiko onespena ematen dien barne organoa. 19:00etan hasi dute bilkura, eta aho batez berretsi dute koalizio gobernua eratzeko akordioa.

Bestetik, militanteen artean galdeketa egin dute sozialistek. 2.992 boto zenbatu dituzte, erregistratutako militanteen %58,49. Horien artean, %93,15ek babestu dute gobernu akordioa; %5,65ek bozkatu dute kontra, eta %1,2k eman dute boto zuria. Atzo botoa telematikoki emateko aukera eman zuten, eta gaur ere izan dute horretarako abagunea, telematikoki nahiz aurrez aurre.

Idoia Mendia idazkari nagusia bera goizean joan da botoa ematera, eta, bertan, esan du goiz dela esateko berak lehendakariorde kargua beteko duen: «Orain militantziak botoa emateko unea da, iritzia eman dezan EAJrekin lortu dugun akordioaz, eta, ondoren, EAJrekin eta lehendakariarekin lan egingo dugu gobernuaren egituraz, lortutako akordioari erantzun diezaion».

Bi alderdiek akordioari oniritzia eman diotenez gero, espero da Mendiak eta Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak bihar izenpetzea ituna. Hori horrela, gobernuaren osaketaren berri izatea faltako da.

Bi alderdiek argitaratutako ohar bateratuaren arabera, akordioaren ardatz nagusiak dira «ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte publikoen defentsan oinarrituta eta autogobernu zabalagoa eta hobea lortzea xede». Zehazki, hiru baldintza eta lau ardatz adostu dituzte gobernuaren jardunerako; aurrenekoei dagokienez, baldintzen artean jaso dute herritarren osasuna bermatzea eta «ekonomia eta enplegua suspertzea, pandemiaren aurreko mailak berreskuratzeko, baina erronka eta behar berrietara egokituta». Horrez gain, nahi dute «inor ere atzean ez uztea gizarte kohesionatu batean herrialdeko inbertsiorik onenentzat jotzen diren parametroetako bakar batean ere».

Gobernu akordioaren arabera, Iñigo Urkullu buru izango duen gobernuak 41 boto izango ditu Eusko Legebiltzarrean, eta bermatuta izango du gehiengo absolutua, desadostasunik ezean. Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa ostegunean egingo dute, eta EAJk joan den ostiralean erregistratu zuen Urkulluren hautagaitza. EH Bilduk ere Maddalen Iriarteren hautagaitza aurkeztu du saio horretarako.

Elkarrekin Podemosek, abstentzioa

Hain justu, gobernu akordio horri buruz mintzatu da Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea: esan du orain arte argitaratutakoa «nahi orokorrak, borondate onak eta helburu txalogarriak» jasotzen dituen bost orrialdeko dokumentu bat dela, baina hori ez dela gobernu akordio bat.

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Gorrotxategi, eta berretsi du ez duela Iriarteren hautagaitza babestuko osteguneko bozketan, ez duelako lortuko behar adina babes Jaurlaritzako lehendakari izateko: «Gure helburua zen ezkerreko gobernu bat ahalbidetzea. Aurkeztuko diren proiektuek ez diotenez gure eskakizun horri erantzungo, gure botoa abstentzioa izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.