Donostiako Udalean sortu da jeltzaleen eta sozialisten arteko azken xextra: Jon Insausti alkate jeltzaleak erabaki du delitugileen jatorriari buruzko informazioa jakinaraztea, Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ildoari jarraituz. PSE-EE, baina, ez dago ados, are gutxiago ikusita Bilboko alkate jeltzale Juan Mari Aburtok aurkakoa erabaki duela; jatorriari buruzko informaziorik ez ematea, alegia. «Akats larria da segurtasuna migranteekin nahastea. Guk ez dugu gure irizpidea aldatu. Arazoa EAJren barruan dute». Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ez du aukera alferrik galdu Donostiako udal bazkidearen kontra jotzeko.
Nolanahi ere, luzea da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde garrantzitsuenak gobernatzen dituzten bazkideen arteko desadostasunen zerrenda: euskara, estatusa, etxebizitza, AHTaren ibilbidea, Pasaiako portua, Ayesa... Zenbateraino dira sakonak iritzi desberdin horiek eta zenbateraino azalekoak? Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko ikerlariaren arabera, egungo politikaren normaltasunaren barruan sartzen dira ika-mika horiek: «Koalizioko gobernuek tradizio luzea dute gurean; egonkortasuna eta gobernabidea dute helburu. Eta EAJren eta PSE-EEren artean hainbat gaitan desadostasunak ageriak diren arren, ez gaude egonkortasunaren eta gobernabidearen krisi baten aurrean. Gure egoera politikoa urrun dago egoera horretatik, gure gobernuak nahi duten eran gobernatzeko gai baitira».
Hausturarik ez
EAJ eta PSE-EE bereizten dituzten eduki garrantzitsuak zerrendatu zituzten gobernu itunean, eta ados jarri ziren haietan; esaterako, estatus berriari dagokionez. Horregatik, azkenaldian azaleratzen ari diren iritzi kontrajarri horiek beste azalpen bat dute. «Eman ahal zaie garrantzi handiago edo gutxiago, haustura bati begira. Nik ez diot deus ere ematen aldagai horri dagokionez», dio Gomez irakasleak. Azken hiru urteetan, arlo publikoan izandako desadostasunak ugaritu egin dira, baina horrek ez omen dio eragiten egonkortasunari. «Zer esan nahi digute bi alderdi horiek iritzi kontrajarrien hari horren bidez?», galdetu du Gomezek; erantzuna, haren ahotan: «Hain zuzen, ardura handikoak direla; desberdinak izan arren eutsi egiten diotela gobernabideari, herritarren mesederako».
«Zer esan nahi digute alderdi bi horiek iritzi kontrajarrien hari horren bidez? Ardura handikoak direla; desberdinak izan arren eutsi egiten diotela gobernabideari»
BRAULIO GOMEZ Deustuko Unibertsitateko ikerlaria
Tesi hori indartzen du azken orduetan EBBko presidente Aitor Estebanek argi adierazitakoak: «Su artifizialak dira, benetan; desadostasun batzuk egon daitezke, baina oso zehatzak dira». Gomez ikerlariak ohartarazi du gaur egun polarizazioak ezartzen diola «politikari estigmarik handiena», eta uste du desadostasunen bidez EAJ eta PSE-EE erakusten ari direla «polarizazioaren gainetik» gobernatzen dutela. «Lurraldeen arteko gatazkak aspaldikoak dira Euskadin: boto biltegiak lurralde jakinetan dauzka bakoitzak». Ayesari, Pasaiako portuari eta AHTren ibilbideari buruz galdetzean, Gomezek hizpidera ekarri du lurralde bakoitzak bere interesak dituela, eta talka egiten dutela elkarren artean.
Hauteskunde giroa
Bestalde, nabaria da hauteskunde giroa euskal alderdien zuzendaritzetan, gero eta gehiago, eta bozen usain horrek ere izan dezake eragina jeltzaleen eta sozialisten arteko tirabirak tenkatzeko orduan. «Agian, hauteskundeak laster izango diren informazioa dute», bota berri du Estebanek, sozialisten inguruan. EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik, berriz, argi utzi du zein den koalizio abertzalearen iritzia jarrera horiei begira: «Gobernatzen jarraitu behar dutela; soilik horretan daude ados».
Adostasun horren eta beste batzuen sendotasuna gailentzen da, edonola ere, eta, koalizio gobernuek osasun ona dutela ematen du. «Zer sartuko litzateke polarizazio arriskutsu baten barruan? Esaterako, PSE-EEk jendea kalera ateratzea, jeltzaleek eta bilkideek euren arteko akordio bat egin dutelako estatus berriaren inguruan», azaldu du Deustuko Unibertsitateko ikerlariak; edota sozialistek osasungintzako akordioa uztea, EAJ pribatizazioa bultzatzen ari delakoan, Gomezek erantsi duenez. «Beste gobernu mota batzuk ikusi ahal izango dira Euskadin, EAJ eta EH Bilduren artean, edo PSE-EE eta EH Bilduren artean, baina oraindik ez da iritsi garai hori».
Koalizio gobernuetan ohikoa izaten da bazkide txikiak hor daudela gogorarazi nahi izatea, eta PSE-EE saio horretan dagoela ziurtatu du Gomezek. «Gure sistema oso presidentzialista da: gobernua lehendakariarena da, haren alderdiarena, eta bazkide txikia bere merituak ikusarazteko borrokatzen da. Adibidez, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak lehendakari txiki baten trazak hartzen ditu». Azkenerako, bozen kanpainak iristen direnean, alderdiek euren aldeko kontakizunak egiteko aukerak behar dituzte, eta PSE-EErentzat, egungo ordezkaritza murritza dela eta, hil ala bizikoa gerta daiteke EAJtik desberdintzea.