Eusko Legebiltzarrean aurrera doaz EAEko Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko bi proposamenak, EAJk eta EH Bilduk bultzatuta. PSE-EE ez dago euskararentzat oinarrizkoa den lege hori erreformatzearen alde; izan ere, ukatu egin du euskararen aurkako oldarraldi politiko eta judiziala. Horiek horrela, zabalik dago jeltzaleak eta bilkideak ados jartzeko aukera eta PSE akordio horretatik kanpo geratzekoa. Jokaleku horretan, asteburuan, PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ohartarazi zuen balitekeela Eusko Jaurlaritzako bazkide bien arteko «aliantza arriskuan» egotea, «EAJk EH Bildurekin akordio identitarioen bila jarraitzen badu».
Bada, Donostiako alkate Eneko Goiak garrantzia kendu zien atzo Anduezak esandakoei, eta EAEko sozialisten burua «ahoberoa» dela esan zuen Euskadi Irratian. Gaur bertan erantzun du Anduezak, Herri Irratian: «Imanol Pradalesek aukera on bat dauka Goiari esateko iraina ez dela bidea». Anduezak haserre jarraitu du, eta gogoratu Pradalesen helburua dela Madrilgo giro toxikoa ez ekartzea Euskal Herrira: «Goiak telladokeria bat egin du». Erantsi du hilaren 16an Donostiako aginte makila utziko duen alkateak ezin duela «bere kudeaketa txarra ezkutatu irainen atzean».
«Goiak telladokeria bat egin du; ezin du bere kudeaketa txarra ezkutatu irainen atzean»
ENEKO ANDUEZAPSEko idazkari nagusia
Ika-mika hori ez da EAJren eta PSEren arteko lehena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde garrantzitsuenak gobernatzeko bazkide diren alderdiek izan dituzte talkak orain baino lehen, hala nola migrazio politikan eta AHTren ibilbidearen auzian. Orain, berriz, EAEko Enplegu Publikoaren Legearen erreformak eragin du jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasunak modu gordinean azaleratzea. Estatus berriaren inguruko negoziazioa ere aurrera doa EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren artean, eta, azken egunetan, Anduezaren adierazpenak tonu gogorra hartuz joan dira, betiere «nortasunari» eta «identitariotzat» jotzen duen guztiari erreparatuz.
Itun zabal baterako tartea
Bazkideen arteko haserreaz galdetu diote gaur Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenari, eta hark ziurtatu du Jaurlaritzan «giro oso onean» jarduten ari direla, eta EAJ eta PSE «talde bakar baten gisa» aritzen direla. Baina Anduezaren eta Goiaren arteko haserreak badu kontuan hartzeko neurria; horren erakusle, EAJko presidente Aitor Esteban ere eztabaida horretan sartu da. EBBko buruak esan du Andueza «erakundeen egonkortasuna arriskuan» jartzen ari dela, eta ez dagoela «deskonfiantza» eragiteko beharrik.
Esteban gogor aritu da sare sozialetan PSEko idazkari nagusiaren aurka: «Tentsioa eta deskonfiantza eragiten duen bakarra bera da [Eneko Andueza], lekuz kanpo dauden adierazpenak egin baititu». Halaber, EAJko buruzagiak ziurtatu du «akordio zabal bat egiteko tartea» badela Enplegu Publikoaren Legearen inguruan. Andueza «nazionalisten arteko elkartasunaz» aritu ondoren, haren hitzak «bitxikeria» huts izatea nahiko lukeela gaineratu du Estebanek.
«Tentsioa eta deskonfiantza eragiten duen bakarra bera da [Eneko Andueza], lekuz kanpo dauden adierazpenak egin baititu»
AITOR ESTEBANEAJko presidentea
Goiaren «ahobero» akusazioak piztu du Andueza, baina Estebanek berak behin baino gehiagotan aditzera eman du PSEko buruak atsegin duela «probokazioa». Igandean bertan, BERRIAn ziurtatu zuen «batzuk oilar moduan» ibiltzen direla kanpoan «eta gero, barruan, oilo» direla. Estatus berri baterako PSEk jarri dituen marra gorriez galdetuta erantzun zuen modu horretan.