EAJren eta PSE-EEren etxebizitza politikak txarretsi ditu Berri Otxoak plataformak

Ikatza utzi dute Barakaldoko Be Casa apartamentuen eraikinaren aurrean. Plataformak salatu duenez, «egunero» urratzen da etxebizitza duina izateko eskubidea.

Errege Magoak, ikatza partitzen, Berri Otxoak taldearen protestan, Barakaldon. RAUL BOGAJO / FOKU
Errege Magoak, ikatza partitzen, Berri Otxoak taldearen protestan, Barakaldon. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
Barakaldo
2026ko urtarrilaren 5a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko irudia topatu dute gaur Barakaldoko BECen (Bizkaia) Ansioko metro irteeratik umeen gabonetako parkera zihoazen familiek: han zeuden Errege Magoak, zakuak bete ikatz, eta, haien atzean, zenbait lagun, langabezia, etxegabetzeak eta murrizketak salatzen zituen pankarta bati oratuta. Pobreziaren eta bazterkeriaren kontrako Berri Otxoak plataformak antolatutako protesta bat zen, eta helburua zuen EAJren eta PSE-EEren etxebizitza politikak kritikatzea; izan ere, plataformako kideen iritziz, politika horiek ez dute bermatzen etxebizitza duina izateko eskubidea, eta, horregatik, Errege Magoek ikatza utzi diete BECen ondoko zabalgunean.

Be Casa apartamentu eraikinaren sarrera aukeratu dute Berr Otxoak taldeko kideek protesta egiteko. Ez dute nolanahi egin hautu hori: egitasmoak polemika handia piztu du, eta zenbait eragilek kritikatu egin dute behin baino gehiagotan. Hotel itxurako eraikin bat da, eta, haren web orrian azaltzen denez, logela bakarreko 639 bizitoki txiki eskaintzen ditu, «egonaldi labur, ertain eta luzeetarako». 24 eta 34 metro karratu bitarteko bizitokiak dira, eta hilero ordaindu beharreko kuota 900 eta 1.200 euro bitartekoa izaten da, baina prezioaren barruan daude hotel arrunt batek eskaintzen dituen zenbait zerbitzu, hala nola etxea eta arropa garbitzea, Interneterako sarbidea, beste egoiliarrekin banatzeko zenbait gune erabili ahal izatea, eta abar.

Berri Otxoak plataformak salatu du egitasmoak «espekulazioa» sustatzen duela eta ez duela bizitoki duina izateko aukerarik ematen. Inbertsio funts batek kudeatzen du, eta, plataformaren esanetan, Barakaldoko Udalak aukera eman dio funts horri Gurutzeta auzoan, Dinamita izeneko gunean, beste 150 etxebizitza kudeatzeko: «Barakaldo tentsio handiko gunetzat jo duten honetan, egunero murrizten da herrian etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera».

Egoera larria

Barakaldon eta Ezkerraldeko beste zenbait herritan larria da etxebizitzari lotutako egoera. Berri Otxoak taldeko kideek zenbait datu eman dituzte horren inguruan: esan dutenez, Barakaldoko 7.678 familiak eman dute izena Etxebizitzaren Udal Erregistroan eta Etxebide zerbitzuan, etxebizitza bat eskuratzeko asmotan. Alokairuaren batez besteko prezioa hileko 880 eurokoa da, eta 425 euro ordaintzen dute logela bat erabili ahal izateko. Bestalde, etxerik ez duten ehun bat lagun kalean bizi dira, eta udalak duela bi urte baino gehiago itxi zuen etxerik gabeko emakumeentzako egoitza.

EAJk eta PSE-EEk elkarrekin osatzen dute Barakaldoko udal gobernua: «Haien politikek etxegabetzeak eta etxegabetasuna areagotzen dituzte», adierazi dute Berri Otxoak plataformako kideek. «Politika horiek ondorio zuzenak dituzte herritarrengan: oztopoak eta atzerapenak, langile eta diru baliabideak murriztea, gizarte larrialdietarako laguntza eskatzeko epeak ixtea, eta etxebizitza publikoz osatutako parkerik ez egotea».

Plataformak bereziki nabarmendu du etxegabeek pairatzen duten egoera: haren esanetan, ez dago «borondate politikorik» herritar horiei etxebizitzarako eskubidea bermatzeko, eta udalak ez die «gutxieneko baliabide sozialik» eskaintzen.

Berri Otxoak elkartea 1992ko abuztuan sortu zen, eta 33 urte hauetan mobilizazio eta ekinbide ugari antolatu dituzte, betiere pobreziaren eta prekaritatearen kontra, eta etxebizitza eskubidearen alde. Elkarteak gogorarazi du 1997. urteaz geroztik zabalik daukala gizarte laguntzei buruzko informazio bulego bat, eta denbora tarte horretan 17.860 familia igaro direla handik, gizarte laguntzak lortzeko informazio eske.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.