EAJren ustez, ETAren borondatean dago gakoa, eta ez bitartekarietan

«Bakean amaituko den prozesuan» parte hartu beharra daukala esan dio Urizarrek Espainiako Gobernuari

Erredakzioa
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Ongietorriak izango diren arren», nazioarteko bitartekariak ez dira gakoa, Andoni Ortuzar EAJren BBBko buruaren arabera. «ETAk pertsiana ixteko duen borondatean eta ezker abertzaleak soilik bide demokratikoen alde hartutako erabakian dago gakoa». Ezker abertzaleak «urratsik egin gabe zutik egon ahal izateko eskua eskatzen badu», jeltzaleek ez diela lagunduko ohartarazi du, baina «alde onera» joateko bada eskua luzatuko diela.

Nolanahi ere, ezker abertzaleak eta ETAk egindako urratsei balioa eman die Ortuzarrek, eta «ez dela mugitu behar» esaten dutenei «ETA ondorengo Euskadik beldur pixka bat» ematen diela gaineratu du.

Horren haritik, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuari eskatu dio bakean amaituko den prozesuan «parte hartzeko», nahiz eta ulertzen duen halako zerbait egiteak PPrekin gatazka sortuko liokeela. Bestalde, ETAk su-eten «iraunkor eta egiaztagarria» eman behar duela uste du, eta testuinguru horretan gizarteak presioa egin behar duela «batzuek eta besteak mugitzeko».

Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio «berdinean gaudela» esateari utzi eta jarrera «proaktiboagoa» izateko. «Lidergoa izatea ez da zain egotea».

Eusko Jaurlaritzak, ordea, ezker abertzaleari eta ETAri begiratzen die. Idoia Mendia bozeramaileak bi horiei egotzi die beraien ardurak besteen gain botatzen saiatzea. Amaiera iragarri behar duela esan dio erakunde armatuari, eta politikan aritzeko baldintzak badakizkiela ohartarazi dio ezker abertzaleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.