KRISIA EA-N

EAko bi ildoek epailearen aurrean azaldu dituzte primarioei buruzko desadostasunak

Gasteizko Auzitegian auzi saioa izan dute gaur goizean; sektore kritikoak salatu zuen ez diotela eman afiliatuen erroldarako sarbiderik.

EAko afiliatu talde baten adierazpena, hauteskunde primarioei buruz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2019ko azaroaren 6a
14:57
Entzun

Eusko Alkartasunaren hauteskunde primarioei buruzko auzia epaitegietara heldu da gaur goizean, Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. Epaitegian aurrez aurre egon baitira sektore kritikoa eta ofiziala. Ildo kritikoak auzitara jo zuen, salatuz alderdiko zuzendaritzak ez ziola sarbiderik eman afiliatuen erroldara, eta, beraz, kritikatuz desabantaila zuela hauteskunde primarioetan.

Auziak, erroldaren sarbideari buruzkoa izateaz harago, primarioen emaitzari eragiten dio: Eba Blancoren izendapenari EAko idazkari nagusi gisa. Gaurko saioan, Blancoren proklamazioa behin-behinean etetearen aurka agertu da fiskala, eta epaileak bost eguneko epean hartu beharko du horri buruzko erabaki bat. Ildo kritikoak eskatu du Blancoren izendapena bertan behera uzteko auziaren mamiari buruzko erabaki bat hartu arte.

Zehazki, lau kidek jo dute auzitara: Maiorga Ramirez ildo kritikoko hautagaiak, Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzaileak eta Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak. Horien abokatuak azaldu du alderdiko Berme Batzordearen ebazpenak "onartu" egin behar direla, eta ez dela horrela gertatu primarioen prozesuan zehar.

Ohar batean, EAko zuzendaritzak azaldu du "lau afiliatuk" jo dutela auzitara, eta espero duela epailearen ebazpena "alderdiaren eta barne demokraziaren interesen aldekoa" izatea: "Eusko Alkartasunak afiliatu guztien eskubideak bermatuz ekin du momentu oro, bere Nazio Batzarrak, Nazio Kontseiluak, Nazio Batzordeak eta Hauteskunde Antolaketa Batzordeak onartu eta erabaki duena betez". 

Era berean, nabarmendu du prozesu osoan alderdiko barne araudia errespetatu dutela: estatutuak, Nazio Batzordearen antolaketa araudia nahiz primarioetakoa, "zeinak hautesle erroldan agertu beharreko datuak ezartzen dituen, batetik (izen-abizebak eta tokiko erakundea), eta nork kontsulta ditzaken datu hauek: afiliatuek berenak, eta aurrehautagaiek lurralde bakoitzeko errolda".

Zuzendaritzaren esanetan, "era neutro eta inpartzialean, afiliatu guztien eskubideak defendatzeko neurri eta baldintza guztiak" bete dituzte, eta ohartarazi du, egoera konpontzeko epaitegietara jota, auzia ezingo dutela alderdi barruko organo eta araudietara itzuli.

Ramirez, "itxaropentsu"

Primarioen prozesu liskartsua izan du EAk, eta bi ildoen arteko gatazka gaiztotu egin da azken asteetan. Alderdiko Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak primarioen lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirez ildo kritikoko hautagaia, argudiatuta ez zuela baldintzetako bat betetzen —bost abal herrialde bakoitzeko— baina, joan den astean, Berme Batzordeak arrazoia eman zion Ramirezi, eta ebatzi haren hautagaitza "bidegabeki" baliogabetu zutela. Edozein gisara, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak Eba Blanco proklamatu zuen idazkari nagusi.

Ramirez bera epaitegian izan da gaur, eta, irteeran eginiko adierazpenetan, esan du Eba Blancoren izendapenak Berme Batzordearen ebazpenaren aurkakoa dela. "Itxaropentsu" agertu da gaurko auzi saioaren aurrean, baina aitortu du ez dela "gustu onekoa" desadostasunak auzitegietan konpondu behar izatea. Edozein kasutan, bi ildoek akordio bat lortzeko atea zabalik utzi du Ramirezek, uste baitu gatazkaren konponbidea "erraza" dela "borondatea" badago. Irtenbide hori da afiliatuek "erabakitzea" primarioen prozesu berri batean, Ramirezen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.