Eusko Alkartasuna barruan tentsioa handitzera doala dirudi. Urriaren 25ean egitekoa zen hauteskunde primarioetarako hiru hautagai aurkeztu ziren iragan astean: Eva Blanco, Maiorga Ramirez eta Juan Luis Cristobal Zendoia. Bai Ramirezen bai Cristobal Zendoiaren hautagaitzak baliogabetu ditu EAko hauteskunde antolaketa batzordeak, baldintzak ez dituztela betetzen argudituta.
Batzorde horren arabera, Ramirezek ez du herrialde bakoitzeko gutxienez bost abal lortzeko baldintza bete, eta, gainera, aurkeztutako 400 abaletatik 21 irregularrak dira (ez dute nortasun agiririk, kuotak ordaindu gabe dituzte, ez dira EAko erroldan ageri, bikoiztuta daude, ez dute hautagaitza bermatzen edo epez kanpo aurkeztu dira). Orain arte ez da jakinarazi beste hautagai bat zegoela, baina Cristobal Zendoiak ez du abalik aurkeztu, eta, hortaz, ezin zen hautagai gisa aurkeztu.
Maiorga Ramirezek ozen protesta egin du erabaki horren aurka. 20:00etan bidalitako oharrean, irmo salatu du batzordeak "jauntxokeriaz" jokatu duela, eta iragarri du berehala helegitea aurkeztuko duela EAko berme batzordearen aurrean eta hauteskunde batzordean bertan. Ramirezen arabera, hautagai izateko baldintzak bete ditu, herrialde bakoitzeko bost berme baino gehiago aurkeztu dituelako. Zalantzak zeuden ea Iparraldean baldintza hori beteko ote zuen, baina, Ramirezen arabera, zazpi aurkeztu ditu. EAk ez du zehaztu irregulartzat jotako abalen artean zazpi horietako batzuk dauden.
Ramirezen arabera, "benetako eskandalu bat" da gertatutakoa, eta EAko afiliazioari primarioetan parte hartzeko eskubidea ukatu egin nahi zaio, "automatikoki Eva Blanco idazkari nagusi izendatzeko". Ramirezen arabera, "aurrekaririk gabeko gehiegikeria da". Gogorarazi du berak Blancok baino sei aldiz abal gehiago aurkeztu dituela —Blancok 60 abal aurkeztu ditu—. Jakinarazi du uneotan Blancori "erabat irregularra" den egoera kudeatzea egokituko zaiola.
Hain zuzen ere, Blancok azken egunotan eman dituen hainbat elkarrizketatan alderdi barruko tentsioa baretu eta ados jartzeko beharra azpimarratu du.
Arau aldaketak eta polemika
Hautagai izateko arauekin izan da zalaparta handia azken asteotan. Izan ere, ekainean onartutako araudiak herrialde bakoitzeko bost abal gutxienez lortzeko helburua jarri zuen. Alderdiak Ipar Euskal Herrian hogeiren bat afiliatu dituenez, baldintza hori betetzeko zailtasunak izan zitzakeen Ramirezek. Bertako erroldara jotzeko arazoak izan dituela salatu zuen aurreko egunetan.
Iragan astean EAko berme batzordeak herrialdeka bost abal lortzeko baldintza kendu zuen, baina asteazkenean ezohiko Nazio Batzarrera deitu zuten, eta batzar horretan araudia bere horretan utzi zuten osorik, aldeko 55 botorekin eta kontrako 39rekin. Ostegunean, batzarrak ebazpen bat onartu zuen, azpimarratuz biltzar batetik besterako garaietan alderdiaren organo gorena dela eta hari dagokiola araudiak onartzea. Hala ere, alderdiko 39 kidek agiri bat izenpetu zuten argudiatuz Batzar Nazionala derrigortuta zegoela berme batzordearen araudi aldaketa errespetatzera. Horrek guztiak agerian uzten du azken egunetan izan den tentsio giroa.
Ramirezek aurkeztuko duen helegiteen emaitzaren zain, Eva Blanco da EAko idazkari nagusi izateko hautagai bakarra.