EAko sektore kritikoak auzitara jo du afiliatuen datu basera sarbidea izateko. Iker Ruiz de Egino alderdiko bozeramailea elkarrizketatu dute Onda Vascan, eta bertan jakinarazi du kritikoek "laguntza judiziala" eskatu dutela. Asmo hori agertu zuten Miren Aranoa EAren Nafarroako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoak eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoak uztailean.
Ruiz de Eginoren arabera, alderdiko zuzendaritza astelehenean batzartu zen, bilera "gogorra" izan zuten, eta bertan jakinarazi zieten erabakia ildo ofizialeko kideei: "Ikusiko dugu zer eboluzio duen". Pello Urizar idazkari nagusi ohiak ekainaren 24an jakinarazi zuen EAko buruzagitza uzteko erabakia, eta hura ordezkatzeko prozesua "martxan" dagoela azaldu du Ruiz de Eginok.
Bestalde, EA desagertzeko arriskuaz ohartarazi zuen asteburuan Carlos Garaikoetxea alderdiko sortzaileak, eta primarioen prozesua "gardena" izan dadila eskatu zuen. Ruiz de Eginok "atsekabe handia" azaldu du hitz horiekiko, erantzun dio "beldur" horiek "frogarik gabeak" direla eta erantsi zuen Garaikoetxea "alderdiaren egunerokotik pixkat deskonektatuta" dagoela.
EAko ildo kritikoak dio duela bi urtetik afiliatuen erroldarako sarbidea eskatzen ari zaiola zuzendaritzari. Datu basea "ezkutatzea" egotzi diote. Berme Batzordea errolda ematearen alde azaldu da. Zuzendaritzak esan du lege eragozpenak daudela datuok zabaltzeko —horretan ere ez dago ados ildo kritikoa—, eta Berme Batzordeko bi kideri espediente informatiboa zabaldu die, ustezko irregulartasunengatik.
Bestalde, .alderdiko kuota ordaintzen ez dutenen errolda ere eskatu du ildo kritikoak, kopurua puztuta dagoelakoan ildo ofizialaren mesedetan.
Joan den uztailaren 19ko ezohiko batzar nazionalean EAk erabaki zuen irailaren 16aren aurretik abiatu beharko litzatekeela idazkari nagusi berria hautatzeko primarioen prozesua, eta alderdiko Berme Batzordeari eskatu zioten hil honen 6aren aurretik aztertzeko eta argudiatzeko primarioen prozesuari buruz dagozkion ezadostasunak.
Diziplina espedientea kritikoei
Miren Aranoa Nafarroako EAko koordinatzaileak berretsi du kritikoek auzitara jo dutela, baina asteleheneko bilerak hartutako beste erabaki baten berri ere eman du. Azaldu duenez, zuzendaritzak onartu zuen espediente bat zabaltzea Iratxe Lopez Aberasturi, Mikel Goenaga eta Aranoa Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako koordinatzaileei, "prentsaurreko bat emateagatik". Alderdiaren 33. urteurrena ospatzeko Gasteizko alkartetxean eginiko ekitaldi batean hartu du hitza Aranoak: "Bermapide Batzordearen ebazpenak bete daitezen publikoki eskatzeagatik, diziplina espedientea zabaldu digute".
Alderdiak "bi eztabaida nagusi" ditu zabalik une honetan, Aranoaren ustez: "Barne demokraziari buruzkoa bat, eta etorkizunean gure Eusko Alkartasuna izan behar denaren inguruan dauden bi iritziei buruzkoa bestea". Lehenengoari buruz, "afiliatuen eskubideen bermearen ardura duen organoaren ebazpenak bete daitezen" eskatu du Aranoak.
EAren etorkizunari buruzko eztabaidan berriz, "erabat errespetagarriak diren bi sentsibilitate daudela esateagatik ez litzateke inor haserretu behar", esan du, eta erantsi "azken Biltzar Nagusian onartutako Ponentzia Politikoa bete" beharko litzatekeela, "EH Bilduk eta Euskal Herriak merezi eta EAk emateko gaitasuna duen ekarpena emateko”.
"Batzuen ustez, erakundeetan ordezkaritzarik edo diskurtso propiorik ez izatea ez da alderdia desagertzea, baina guk argi ikusten dugu EAk askoz ere ekarpen handiagoa egin dezakeela eta egin behar duela", gaineratu du.