Eba Blancok berak onartu du: Eusko Alkartasuna «baldintza nazkagarrietan» iritsi da alderdiaren ezohiko hamalaugarren biltzarrera. Gaur Bilbon bildu direnen %92,3k bozkatu dute Blancok alderdiko idazkari nagusi izaten jarraitzearen alde; han ez zeuden, ordea, sektore kritikokoak. Gasteizen bildu dira haiek, ordu berean, sektore ofizialari elkarrizketa bat eskatzeko.
Blancok kritikoei eskatu die «faltsukeriak» alboratzeko, lana egiten uzteko eta gehiengoaren erabakiak errespetatzeko: «Badakit, ordea, eskatzen diedan hori ezinezkoa dela», gehitu du, tonu etsian.
Sektore kritikoko Eguzkiñe Agirrek, berriz, boterean kosta ahala kosta jarraitu nahi izatea egotzi dio Blancori: «Helburu bakarra da alderdian duten boterea mantentzen jarraitzea». Han izan dira, besteak beste, Maiorga Ramirez eta Carlos Garaikoetxea. Konponbide demokratikoa bilatzeko eskatu dute. Dena den, bi aldeek azpimarratu dute ematen ari diren irudia kaltegarria dela alderdiarentzat.