Kale. Beste behin ere. Atzo, berriro ere, hots handiz iragarri zuten gaur Europako Kontseiluaren batzarreko gai zerrendan egongo zela euskara, katalana eta galegoa EB Europako Batasunean ofizial egiteko eskabidearen gaineko eztabaida. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Kataluniako Generalitateko presidente Salvador Illak berak gutun bateratu bat igorri zieten EBko Atzerri ministroei erabaki horren aldeko argudioekin, baina gaur, berriz ere, eskaera horren gaineko bozketa geroratzea erabaki dute. Zenbait estatutako ordezkariek, aurrez hainbatetan gertatu den moduan, adierazi dute «oraindik» ez dela garai egokia bozketa egiteko.
Agentzien bidez zabaldu duten informazioaren arabera, 45 bat minutukoa izan da gaur eskariari buruzko eztabaida. Zazpigarren aldiz iritsi da bilkurako gai zerrendara. Hitza hartu dute zenbait Atzerri ministrok bilkuraren ostean. Austriako ordezkari Claudia Plakolmek, adibidez, adierazi du erabakiarekin lotutako «auzi juridiko» zeinbat argitzeko daudela, eta «finantzaketari» dagozkionak ere bai; esan du horiek argitu behar direla aurrena. Antzera mintzatu dira beste zenbait estatutako ordezkariak. Espainiako ordezkariek esan dute, ordea, argituta daudela zalantza guztiak, eta ezin dela «bahitu» erabakia.
Atzerapenaren berri izan orduko, desadostasuna azaldu du Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, Jaurlaritzaren izenean. «Europa ezin da eraiki haren aniztasuna ukatuz», ohartarazi du. Hala ere, aditzera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak badu esperantza eskaera onbideratu daitekeela. Esan du aintzat hartu behar direla Espainiako Gobernua eta inplikatutako gainerako erakunde guztiak egiten ari diren «ahalegin diplomatikoak», eta beharrezkoa dela auzi horrekiko konpromiso politikoari eustea.
Espainiako Kongresuko EAJko bozeramaile Maribel Vaquerok ere adierazi du ofizialtasuna lortzeko ahaleginetan jarraituko dutela. «Auzi honek ez dauka atzera-bueltarik. Behar bada, guk nahi baino luzeago joko du euskara, katalanarekin eta galizierarekin batera, hizkuntza ofizial bihurtu arte, baina ekinean jarraituko dugu, lortu arte». 2023ko abuztuaren 16an erregistratu zuen Espainiako Gobernuak EBren hizkuntza erregimenean euskara, galegoa eta katalana sartzeko eskabidea. Espainiako Gobernuak Kataluniako indar politikoekin izandako negoziazioen ondorioa izan zen urrats hori.
Euskalgintzaren Kontseiluak ere ohar bat atera du gaur, geroratzearengatik nahigabetuta. Adierazi du EBk euskararekin, galegoarekin eta katalanarekin duen «zor historiko bat» dela ofizialtasunaren aitortza, eta onetsi egin behar dela, «gutxieneko demokratikoen errespetuan eta elkarbizitzan oinarrituta». Gogora ekarri du EBren politikek gero eta eragin handiagoa dutela Euskal Herrian gara daitezkeen politiken inguruan ere, eta horregatik dela garrantzitsua ofizialtasuna. «Aitortza hori izan ezean, hainbat alorretan mugatu edota, are, murriztu daiteke euskararen presentzia», ohartarazi du.
Kontseiluak gogoratu du EBn euskara ofizial izateak are agerikoago egingo lituzkeela Euskal Herriko hainbat paradoxa: «Esaterako, Nafarroaren zati bateko edo Ipar Euskal Herriko edozein herritarrek, erakundek zein enpresak euskaraz jardun ahal izango luke Europako instituzioekin, baina ez, ordea, bere herriko udalarekin».
Eskariarekin bat eginda
Orain Pradalesek eta Illak egin duten moduan, Europako Batasunean hizkuntza minorizatuen alde ari diren erakunde ugarik ere sarri ekarri dute gogora erabakiak izango lukeen garrantzia. Bat ere egin izan dute horretarako, eta orain berritu egin nahi izan dute aldarria. Galiziako hainbat erakundek, esaterako, propio testu bat atera dute adierazteko hizkuntza minorizatuen «koofizialtasuna» ez dela erabatekoa izango Europako Batasunean ere onartzen ez diren bitartean. Gogora ekarri dute ez dela eskari arrotz eta urruna; kontrara, nabarmendu dute eragina duela, hainbat modutara, jendearen eguneroko bizimoduan.
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako 28 unibertsitatetako errektoreek ere bat egin dute aldarriarekin. NUP, EHU, Deustu, Mondragon eta Uneiz dira Euskal Herriko unibertsitateak. «Unibertsitate sinatzaileok gure babesa eman diogu Espainiako Gobernuak Europako Batasuneko Kontseiluari egindako eskaerari, katalana, euskara eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizialtzat har daitezen», adierazi dute.
Gaur egun, Europako Batasunak 24 hizkuntza ditu ofizial gisa onetsiak. Bakar bat da gutxitua: Irlandak gaelikoa onestea lortu zuen 2022an. Aldaketa onartzen bada, ez da automatikoa izango, eta era progresiboan ezarriko da datozen urteetan, Irlandako gaelikoarena bezala.