Pradalesek Europako Batasunari: «Europa eta Espainia ezin dira ulertu katalana, galiziera eta euskara gabe»

Jaurlaritzako lehendakariak eta Kataluniako Generalitateko presidenteak gutun bateratua igorri diete EBko Kanpo Harremanetako ministroei, euskara, katalana eta galiziera ofizial izateko eskariari buruz eztabaidatuko baitute bihar berriro.

Salvador Illa eta Imanol Pradales, aurten egindako batzar batean, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Salvador Illa eta Imanol Pradales, aurten egindako batzar batean, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
xabier martin
2025eko uztailaren 17a
15:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gobernuak beste saio bat egingo du bihar Bruselan, euskara, katalana eta galiziera Europako Batasunean ofizial izendatzeko eskaeren alde. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Junts alderdiarekin hitzartua du neurri hori, ez alferrik. Orain arte ezin izan du bete, zenbait estatu kidek galarazi egin baitute, PPk hariak mugitu ondoren, EAJk salatu duenez. Bihar berriz Europako Batasuneko Kontseiluaren batzarreko gai zerrendan egongo da gaia, eztabaidagai.

Biharko saioari begira, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Kataluniako Generalitateko presidente Salvador Illak gutun bateratu bat igorri diete EBko Kanpo Harremanetako ministroei. Presidenteek diotenez, Europak «aniztasunean elkartzea» irudikatzen du, eta Espainiako estatua errealitate horren parte da. «Espainia eta Europa ez leudeke osorik Ramon Lull eta gisa horretako filosofoen ekarpenik gabe», diote testuan, ezta «Bernat Etxepareren ekarpenik gabe ere». Euskara «Europa indoeuroparraren aurreko ondare bakarra» dela gogora ekarri eta gero, gobernuburuek hau helarazi dute: «Europa eta Espainia ezin dira guztiz ulertu katalanaren, galizieraren eta euskararen gaur egungo ekarpenik gabe; milioika herritarren eguneroko hizkuntzak dira, eta Europako erakundeetan jadanik ofizialak diren beste mintzaira batzuen mailako kultur eta komunikazio ekoizpena daukate».

Espainiako estatuan gaztelaniaz besteko hizkuntzek bizi izan dituzten «garai ilunak» ere gogoratu dizkiete kanpo ministroei: «Garai ilunak bizi izan ditugu, ukazioz eta aniztasunaren aurkako errepresioz betetakoak». Gaur egun egoera bestelakoa dela azaldu dute, eta 1978ko Konstituzioaren hitzaurreak adierazten duena ekarri dute gogora: «Aldarrikatzen du Espainiako nazioaren nahia dela 'Espainol eta Espainiako Herri guztiak giza eskubideen partea izan dezaten, baita beraien kultura eta tradizioek, hizkuntza eta erakundeek ere'. Hala, katalana, galiziera eta euskara hizkuntza zeharo ofizialak bilakatu dira, gizartearen esparru guztietan erabiltzeko, kohesiorako eta gizartea egituratzeko ezinbesteko osagaiak».

1985etik erreibindikatzen

1985etik —Espainia Europako Batasunean sartu zenetik— gaur arte, hizkuntzen eskubide berdintasuna aldarrikatzen ari direla esan diete Pradalesek eta Illak estatu kideen ordezkariei: «Azken urteotan, Katalunian, Galizian eta Euskadin, erakundeek eta gizarte zibilak ekimen ugari aurrera eraman dituzte horretarako». 2005. urtetik hona, Europako zenbait erakundetan katalana, euskara eta galiziera erabiltzeko bultzatu diren mota bateko eta besteko akordioak egon direla erantsi dute, «besteak beste, Europako Batzordean, EBren Kontseiluan, Europako Arartekoan, Europako Eskualdeen Batzordean, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordean eta EBko Justizia Auzitegian».

«Nola zuritu herritarren aurrean 'aniztasunean batuta' jardutean oinarritzen den Europako Batasunak 'estatu bat, hizkuntza bat' delakoa inposatzen diola demokratikoki beren burua estatu eleaniztun bateko herritartzat dutenei?»

Horregatik, Pradalesek eta Illak ohartarazi dutenez, berrogei urte eta gero, «bada garaia Espainiako estatuaren hizkuntza ofizial guztiak Europako erakundeetan ere hizkuntza guztiz ofizialak direla aitortzeko prozesua amaitzeko». Haien esanetan, nazio horien «errealitatearen berezitasunak, aldarrikapen historikoaren konstantziak eta gainerako bazkideek eskaintzen duten bermeak aski» izan beharko lukete «berez, konponbide erraza duen irregulartasun hau behingoz gainditzeko».

Izan ere, Jaurlaritzaren eta Generalitateko buruen arabera, zaila izango litzateke iritzi publikoari ulertaraztea gai hori ezin izan dela modu egokian konpondu. «Nola zuritu herritarren aurrean 'aniztasunean batuta' jardutean oinarritzen den Europako Batasunak 'estatu bat, hizkuntza bat' delakoa inposatzen diela demokratikoki beren burua estatu eleaniztun bateko herritartzat dutenei?». Eskutitzean azaldu dutenez, Europan «lehentasunezkoa» da egitasmo komunarekiko «herritarren atxikimendua eta konpromisoa indartzea». Honela amaitu dute gutuna: «Ordezkatzen ditugun milioika herritarrentzat, estatuaren hizkuntzak Europako Batasuneko erakundeetan ofizialtzat aitortzea da norabide horretan aurrera egiteko mezurik egokiena».

Azken aldiz, maiatzaren 27an atzeratu zuten gaia Atzerri ministroek, eta, orduko hartan, agerian geratu zen adostasun falta. Hain justu ere, gaiaren gaineko bozketa egitekoak ziren hasieran, baina atzeratu egin zuten.

Babes keinuak

Europako Batasunean hizkuntza minorizatuen alde ari diren erakunde ugarik ere sarri ekarri dute gogora erabakiak izango lukeen garrantzia. Bat ere egin izan dute horretarako, eta orain berritu egin nahi izan dute aldarria. Galiziako hainbat erakundek, esaterako, propio testu bat atera dute adierazteko hizkuntza minorizatuen «koofizialtasuna» ez dela erabatekoa izango Europako Batasunean ere onartzen ez diren bitartean. Gogora ekarri dute ez dela eskari arrotz eta urrun bat; kontrara, nabarmendu dute eragina duela, hainbat modutara, jendearen eguneroko bizitzan.

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako 28 unibertsitatetako errektoreek ere bat egin dute aldarriaren alde egiteko. NUP, EHU, Deustu, Mondragon eta Uneiz dira Euskal Herriko unibertsitateak. «Unibertsitate sinatzaileok gure babesa eman diogu Espainiako Gobernuak Europako Batasuneko Kontseiluari egindako eskaerari, katalana, euskara eta galiziera Europako Batasuneko hizkuntza ofizialtzat har daitezen. Hizkuntza horiek koofizialak diren lurraldeetan, Espainiako Estatuko biztanleen %40 bizi dira, eta hiruren artean 13 milioi hiztun aktibo baino gehiago dituzte; EBko gainerako hizkuntza ofizialen batezbestekoa baino gehiago da hori», adierazi dute.

Europako Batasunean ofizialtasuna emateak berebiziko garrantzia du unibertsitateon iritziz ere. «Gure ustez, gure hizkuntza propioen ofizialtasunak batasunaren berezko aniztasuna aitortzen du, bai eta unibertsitate eremuko hizkuntza eskubideak, askatasun akademikoaren eskubideak eta sorkuntza zientifikoaren eskubideak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.