Epaitegietatik berriz albiste «kezkagarriak» heldu direla salatu du Taupa euskaltzaleen mugimenduak. Izan ere, asteon jakin da Espainiako Auzitegi Gorenak ere atzera bota dituela Voxen eskariz EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak. Sententziarena arabera, euskara lehenesteko modua ematen dute, eta koofizialtasuna «urratzen» dute horrela. Beste hainbat erakunde euskaltzalek egin duten moduan, Taupak ere ezinegona erakutsi du. «Gorenak erabaki du EAEn euskararen aldeko udal politikak indargabetzea», salatu du. «Epaiak udal esparruko ekimenak mugatu nahi ditu, tokiko erakundeen esku hartze legitimoa auzitan jarrita».
Aurrez ere izan dira antzeko beste ebazpen batzuk, eta horien ondorioez ohartarazi nahi izan du Taupak. «Hizkuntza politika epaitegietatik egiten ari dira, euskararen biziberritze prozesua oztopatzeko estrategia baten barruan. Onartezina da». «Neurri politiko eta legalak» ere eskatu ditu halakorik gehiago ez gertatzeko. «Izan ere, euskara lehenesteko neurriak ez dira pribilegio bat, hizkuntza gutxitu baten biziraupena bermatzeko beharrezkoa den bidea baizik», gogora ekarri du erakunde euskaltzaleak. «Aniztasuna zaindu nahi duela dioen estatu bateko justizia sistemak ezin du ahaztu aniztasuna, preseski, hizkuntza gutxiagotuak babestuz bermatu daitekeela bakarrik».
Erabakiaren aurka egiteko elkarretaratzeak egingo ditu bihar UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Udaletxeen aurrean izango dira, 12:00etan. Taupak mobilizazioetan parte hartzera deitu du.