EEPren aitzinkontuaren eztabaidan Euskal Hirigune Elkargoak jarritako ultimatumaren ondotik, Euskararen Erakunde Publikoa «iraunaraztea» jarri du helburu gisa Maider Behotegi lehendakariak. «Hori da nire funtzioa». Aitortu du, hala ere, gehiago espero zutela Frantziako Estatutik. «Orain 100.000 euro ditugu, eta horiek eskuratzea bermatu behar dugu», adierazi du prentsaurrekoan. Ez du EEPren bukaerarik irudikatu nahi: «Nora joanen lirateke gaur egun hizkuntza politikarako jartzen diren lau milioi euroak?».
Ikusi gehiago
Agerraldia egin dute Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta biek, urtero eragile pribatuei ematen dizkieten diru laguntzak aurkezteko. Aurten ere 1,9 milioi euro banatuko dituzte —400.000 euro jartzen ditu Jaurlaritzak—. EEPrekin hitzarmena dute hamalau eragile nagusiei iazko kopuru bera eman diete. Gainerakoak proiektu deialdiaren bidez banatu dituzte; Plazara kooperatibari eman dioten laguntza da berritasunik handiena.
Baina kazetarien galderak EEPren gaur egungo ezegonkortasunari buruzkoak izan dira nagusiki. Izan ere, Euskal Elkargoak ostiralean abisatu zuen «gaur egungo baldintzetan» ez dutela EEP osatzen duen hitzarmena izenpetuko. Sei hilabeteko epean aitzinkontuaren inguruan adostasunik ez bada, baliteke EEPren jarduna bukatzea.
Erantzunen beha
Aurrez abisatu gabe egin zuen iragarpena Pirinio Atlantikoetako prefetak. Joan den ostegunean iragan zen EEPren biltzar nagusian mintzatu zen, eta jakinarazi 100.000 euro gehiago jarriko zituztela EEPko partaideen oinarrizko ekarpenean —860.000 euro ematen ditu bakoitzak—. Partaide orok kopuru bera ematea adostua denez, Behotegik espero du gainerako erakundeak ber neurrian jarriko direla, baina dudan jarri du hori ere bermatua ote dagoen. «Gutuna idatzi diegu partaide guziei; orain erantzunaren beha gaude».
Deigarria da azken bi urteetan aitzinkontuari buruzko eztabaidak izan duen bilakaera. EEPren buxeta bikoiztea eskatu du Euskal Konfederazioak azken urteetan, hizkuntza politikan jauzi bat eman behar zela argudiatuta. 2023ko uztailean egin zuten EEPren biltzar nagusian, beharrak zehazteko dokumentu bat prestatu zuten, eta ebatzi aurrekontuari 2,6 milioi euroren ekarpen osagarria egin beharko litzaiokeela; hau da, partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago jarri beharko lituzkeela. Adostasunik ez zenez, kopurua 300.000 eurora apaldu zuten iazko abenduan. Eta azkenean 100.000 euro ematea erabaki du Parisek.
Behotegik ukatu egin du gertatutakoa porrot politiko pertsonala izan dela: «Errazegia litzateke». Erran duenez, EEPko lehendakari gisa, lau erakundeen ordezkari da, eta, beraz, bakoitzaren posizioa errespetatu behar du. Hala, defendatu du EEP osatzen duen erakunde bakoitzak duela euskara sustatzeko borondatea. Borondate horrek eskatzen dituen baliabideak ematea ukatzen dutela ohartarazita, izkin egin du.
«Ez da sekula aski»
Aldasorok defendatu du instituzioek ematen dituzten diru laguntzak ez direla «sekula aski». Frantziako Estatuaren hutsunea Jaurlaritzak bete lezakeen eskatuta, zuhurtziaz mintzatu da. «Ezin gara etorri elefante bat bagina bezala eta orekak hautsi». Hala ere, ez dio «aterik itxi» etorkizunean Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikari diru ekarpen handiagoa egiteko aukerari. «Ez geneukan honen berririk atera zen arte». Instituzioen artean elkarrizketak dituztela baieztatu du. Ikusteko dago zer izan daitekeen solas horien emaitza.