Egia Kermanentzat elkarteak abian jarri du webgune bat, Kerman Villateren heriotzaren inguruko informazioa zabaltzeko

Asteburuan zabaldu den albiste baten arabera, Kerman Villate hil aurreko hilabeteetan Mitikako zaindariek «sarri» eta «bortizki» egin zioten eraso jendeari. Barne ikerketa bat abiatzeko eskatu diote gaztearen gurasoek Gasteizko Udalari.

Kerman Villateren heriotzaren urteurrenean Gasteizen egindako ekitaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Kerman Villateren heriotzaren urteurrenean Gasteizen egindako ekitaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 3a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainean sortu zen Egia Kermanentzat elkartea. Kerman Villate zenaren gurasoek bultzatu zuten elkarte horren sorrera, semearen heriotzaren inguruabarrak eta haren kasuari buruzkoak jakinarazteko. 2025eko otsailaren 23an hil zen Villate, Gasteizko Mitika dantzalekuko atezain batek kolpe bortitz bat eman ostean. Geroztik, erakundeen eta justiziaren «erantzun desegokia» salatu du gaztearen familiak.

Hain zuzen ere, kasuaren ingurukoak gizarteari ezagutzera emateko, webgune bat sortu du elkarteak. Herritarrek egiakermanentzat.eus helbidean aurkituko dute, eta bertan jasoko dituzte Kermanen heriotza eragin zuen «erasoaren inguruko informazio zehatza, auziaren bilakaerari buruzkoak, eta kasuarekin lotutako dokumentazioa eta informazioa». Webguneak kasuaren inguruko funtsezko datuak biltzen ditu, modu bisualean eta erraz ulertzeko moduan, eta kasuaren inguruko azken berriak zabaltzeko atala ere badu.

Abuztuaren 5ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren egunean, elkarteak informazio mahai bat jarriko du Zeledonen plazan, posta eraikinaren aurrean. «Bertaratzen diren herritarrek aukera izango dute kasuaren xehetasunen berri jakiteko, zalantzak argitzeko eta elkartea bultzatzen ari den egitasmoen inguruko informazioa jasotzeko», azaldu du elkarteak ohar baten bidez. Mahaia 12:00etatik 15:00etara egongo da plaza horretan. 

Aurrekari franko 

Webgunean zabalduriko lehen informazioen artean, testigantza batzuk daude Mitikako segurtasun langileek Villate hil aurreko hilabeteetan egindako hainbat eraso bortitzen ingurukoak. EITBk jasotako testigantzak dira asteburu honetan zabaldutakoak. Haien arabera, ez zen horrelako eraso bat jazotzen zen lehenengo aldia. Mitikako atezainek ohitura zuten jendeari «bortizki» eta «abisatu gabe» eraso egiteko. Lau gazteren testigantzak jaso ditu EITBk hori erakusteko. Bat etorri dira lekukoak: neurriak hartu beharra zegoen Villate hil baino lehen, erakundeak jakitun baitziren zer gertatzen ari zen. 

Testigantzen arabera, zenbait eraso izan ziren Kerman Villate hil aurreko hilabeteetan. Erasoak «aldez aurretik inolako abisurik eman gabe» eta «indarkeria handiz» jazotzen ziren beti; gainera, larrialdietako langileek bazuten gertakarien berri, eta eraso horiek salatzera animatzen zituzten gazteak. Lekukoetako batek kontatu duenez, behin konortea galdu zuen dantzalekuko segurtasun langileen portaeraren ondorioz. Beste baten esanetan, Villateri eraso zion langile berberak tinpanoa zulatu zion «belarrondoko handi bat» emanda.

Ertzaintzaren aurrean salatu zituzten gertaturikoak. Hain justu ere, tramite judizialak zabalik daude lau kasutan. Salaketa batzuk epailearen aurrera iritsi dira jada; beste batzuk, berriz, tramitazio fasean dira oraindik. Lekuko batzuek «etsipena» azaldu dute epaitegietako esperientzia dela eta, «desinformatuta» sentitu baitziren eta epaiketari uko egiteko «presioa» egin baitzieten. Guztiak bat etorri dira: segurtasun langileen aurrekariak ikusita, neurriak lehenago hartu beharra zegoen. Ertzaintzak, Gasteizko Udaltzaingoak, larrialdi zerbitzuek eta gaueko txandako taxi gidariek ondo baino hobeto zekiten dantzalekuko segurtasun langileen jardun bortitzaren berri, lekukoen arabera.

Informazio hori zabaldu ostean, Villateren gurasoek jakinarazi dute Mitika dantzalekuan gertatutako 22 erasoren berri bazeukatela, gutxienez, eta Gasteizko Udalak berak Arartekoari aitortu ziola horietatik hamahiru atezainen erasoak izan zirela. Radio Euskadin egindako elkarrizketan egin dituzte adierazpen horiek hildako gaztearen aita-amek. Are, Maider Etxebarria Gasteizko alkateari zera aurpegiratu diote: «Nahiz eta azken hilabeteotan hainbatetan eskatu, ukatu egin digu auzirako erabakigarria den informazio hori, behin eta berriz. Orain, jende guztiak daki Mitikako arazoa larria zela. Behingoz, familiarekiko jarrera aldatuko du udalak? Agindu zigun barne ikerketa abiaraziko du alkateak?».

Etxebarriak ere adierazpenak egin ditu, baina ez du deus ere aipatu Villateren gurasoei agindutako barne ikerketari buruz. Gertatutakoaren aurrean «berehala» erantzun zutela esatera mugatu da Gasteizko alkatea, bere hitzetan, «Eusko Jaurlaritzari eskatu baitzitzaion dantzalekuetako segurtasun langileen gaineko araudia indartzeko».

Lekukotza eskaerak

Egia Kermanentzat elkartekoak lanean ari dira Mitikako atezainek egindako erasoen lekukotza gehiago jasotzeko. Abian jarri berri duten webgunean, Lagundu izeneko atalera joz gero, Ez zaude bakarrik goiburuarekin topo egingo du bisitariak. Segurtasun langile horien erasoren bat jaso dutenei edo halako erasoren baten berri dutenei elkartearekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie bertan. Informazio guztia «diskrezioz eta errespetuz» tratatuko dutela ziurtatu dute elkartekoek. 

Elkarteari laguntzeko eta Villateren kasua ezagutarazteko bestelako bideak ere jarri ditu elkarteak webgunearen bitartez. Babes pankartak dira bide horietako bat: «norberaren leiho edo balkoian» jartzeko afixak banatuko ditu elkarteak, Villateren auzian elkartasuna adierazi nahi duen edonorentzat. Kasuaren inguruko aurkezpen hitzaldiak antolatzea eskatzeko aukera ere badago. 

Testigantza emateko, pankarta bat eskatzeko edota hitzaldiren bat antolatzeko, helbide elektronikoa ere jarri dute martxan elkartekoek. Aipaturiko edozer egin nahi duenak, beraz, justiziakermanentzat@gmail.com helbidera idatzi beharko du, elkartearekin harremanetan jartzeko. Informazio gehiago biltzeko, webgunean bertan kontsulta egin daiteke.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA