Egia Kermanentzat izena du. Kerman Villate gasteiztarraren senide eta lagunek elkarte bat sortu dute, haren heriotzaren egia argitzeko eta gizarteratzeko, eta justizia eta erreparazioa eskatzeko. Gasteizko Mitika dantzalekuko atezain batek jo eta hil zuen Villate, 2025eko otsailean. Gaur arratsaldean aurkeztu dute elkartea, Izaskun Arrue kulturgunean. Helburuak eta lan ildoak aurkezteaz gain, gertatutakoa xehatu dute eta kasuaren egoera judiziala azaldu.
Justiziak eta erakundeek «erantzun desegokia» eman dietela uste dute, eta ez dela babestu Kerman Villateren defentsa eskubidea. Espero dute erakundeek «berrikusi eta zuzendu» egingo dutela Kermanen heriotzari emandako erantzuna. Jarduerak bultzatuko dituzte, egian, justizian eta erreparazioan oinarrituta.
Ikusi gehiago
Mitika dantzalekuko atezain batek 2025eko otsailaren 23ko goizaldean emandako kolpe baten ondorioz hil zen Kerman Villate. 31 urte zituen. Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak «azpikeriaz egindako hilketa gisa» tipifikatu zuen; azaroan, ordea, Arabako Probintzia Auzitegiak «zuhurtziagabekeriaz egindako hilketatzat» jo zuen, eta familiak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Bada, auzitegi horrek aurtengo apirilean ebatzi zuen ezin duela helegite hori aintzat hartu, argudiatuta kasazio errekurtsoak arautzen dituen legediak ez duela horretarako bide ematen. Familiak gaitzetsi egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia, uste duelako uko egin ziola auzia «sakonki» aztertzeari eta «oinarrizko akatsak» egin zituela ebazpenean.
Familiak salatu izan duenez, dantzalekuko eta segurtasun zaindariak kontratatzen zituen enpresek bazekiten atezainek nola jokatzen zuten, eta segurtasun kamerarik gabeko tokiak baliatzen zituzten eraso egiteko. Gasteizko Udalari egotzi diote ez zuela ardurarik bere gain hartu, Mitika dantzalekuko langileen «indarkeriaren» eta «lege hausteen» berri bazuen arren.