Egiari Zor-ek estatu indarkeriaren 500 biktimaren aitortza eskaerak erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzan

Fundazioko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bildu dira, eta 12/2016 legea aldatzeko eskatu diote, estatu bortxaren ahalik eta biktima gehien aitortzeko.

Egiari Zor-eko eledun Pilar Garaialde Eusko Legebiltzarrean, gaur. EGIARI ZOR
Egiari Zor-eko eledun Pilar Garaialde Eusko Legebiltzarrean, gaur. EGIARI ZOR
aitor biain
2026ko ekainaren 24a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egiari Zor fundazioak estatu indarkeriaren biktimen aitortzarako legea berritzeko eskaera berretsi dio gaur Eusko Legebiltzarrari. Fundazioko ordezkariak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin bildu dira goizean, eta 12/2016 legea moldatzea galdegin diote, modua izan dadin biktima gehiago aitortzeko. Urteak dira premia hori agertu zutela, baina iazko abenduan dinamika bat abiatu zuten bide horretan: oraindik aitortzarik eman ez dieten biktimen kasuak biltzea. Helburua da lanak aurreratuta edukitzea lege aldaketari bide ematen zaionerako. Bada, fundazioak jakinarazi du lau hilabeteko epean estatu bortxa pairatutako 500 lagunen aitortza eskaerak erregistratu dituela Eusko Jaurlaritzan.

Eskaera horiek guztiak paperean jasota eraman dizkiote fundazioko kideek Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, lege aldaketaren beharra erakusteko. Pilar Garaialde fundazioko eledunak adierazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun indarrean dagoen legediak aintzat hartzen ez dituen kasuak dira. Izan ere, 1960tik 1999ra bitarteko giza eskubideen urraketak soilik hartzen ditu kontutan legeak, baina, fundazioaren arabera, epe horietaz gaindiko kasuak asko dira. Horrez gain, gogorarazi du eskaerak egiteko ireki zen epea itxita dagoela eta ezin direla gehiago erregistratu. 711 eskaera aurkeztu ziren guztira, eta 400 biktima aintzatetsi zituzten ofizialki. 

Egungoa ez da nahikoa

«Jakin badakigu askoz gehiago direla», esan du Garaialdek. Gogora ekarri du, esaterako, 4.000 tortura kasu baino gehiago daudela dokumentatuta. «Datu horiek erakusten dute egungo legea ez dela nahikoa izan, biktimen zati handi bat kanpoan utzi duela, eta premiazkoa dela horretan jardutea». Hala, ezinbestekotzat jo dute beste epe bat irekitzea, egin gabe geratu ziren eskaerei bide emateko. Horrez gain, legeak aintzat hartzen dituen epeak moldatzea ere beharrezkoa dela iritzi diote, 1999tik aurrera gertatu ziren urraketak ere kontuan hartuak izan daitezen eta zuzeneko biktimek ez ezik zeharkakoek ere erreparaziorako aukera izan dezaten. Salbuespeneko espetxe politikarekin loturikoek, kasurako. 

Bileraren ostean, Egiari Zor-ek azpimarratu du bide horretan gaur «beste urrats bat» egin dutela, «hamarkadetan isilduak, ukatuak eta ikusezinak izan direnen ahotsa» Eusko Legebiltzarrera eraman dutelako. Garaialdek adierazi duenez, «errespetu handiz» egin die harrera Tejeriak, eta arretaz entzun ditu haien eskaerak. «Eskertuta gaude egin digun harrerarekin». Hala ere, azpimarratu du «ezkutatu ezin den errealitate bat» dela, eta hala adierazi diotela Eusko Legebiltzarreko lehendakariari ere. Eta eskatu diote legebiltzarreko taldeei proposa diezaiela «lehenbailehen» legea berritzeko aukera. 

«Bada garaia Eusko Legebiltzarrak erantzukizuna bere gain har dezan eta behingoz lanean has dadin inor baztertuko ez duen lege berritua martxan jartzeko»

PILAR GARAIALDE Egiari Zor-eko eleduna

«Uste dugu badela garaia Eusko Legebiltzarrak erantzukizuna bere gain har dezan eta behingoz lanean has dadin inor baztertuko ez duen lege berritua martxan jartzeko», adierazi dute. Fundazioaren arabera, legearen erreforma horrek erreparaziorako legezko «mekanismo integral eta parekide bat» bermatu beharko luke, biktimen arteko «asimetria» desagerrarazteko. Horregatik, erreforma «sakona» egiteko eskatu dute, eta ez «adabaki bat» jartzeko. «Argi utzi nahi dugu ez dugula adabaki bat eskatzen. Ezinbestekoa da erreforma sakona egitea lege hau aitortza integral eta berdintasunezkoaren esparru bihurtzeko, beharrezkoa baitugu eta horretarako eskubidea baitaukagu». 

Baina badakite bidea luzea dela oraindik. Baliteke legearen erreformak ere «luze» jotzea; are, fundazioaren kalkuluen arabera, «gutxienez urte eta erdiko lan jarraitua» ekar dezake legea berritzeak, legebiltzarrean prozesua abiatzen denean. Horregatik, eskaerak aurkezteko beste epe bat zabaltzeko eskatu dute. Ohartarazi dute bien bitartean ez direla geldituko. Eta azken urteetan giza eskubideen urraketaren bat jasan dutenei dei egin diete haiekin harremanetan jar daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA