Iratxe Sorzabalen pairatutako torturak agerian utzi dituen ebazpenaren balorazioa egiteko prentsaurreko bateratua egin dute Egiari Zor-ek, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eta Aiert Larrarte euskal presoaren abokatuak, Donostian. «Historikotzat» jo dute ebazpena, eta urratsak egiten jarraitu nahi dute ebatzitakoak torturen errealitatea azaleratzeko balio dezan. Esaterako, GEBehatokia auziari nola erantzun aztertzen ari da, eta nazioarteko erakundeetara jotzeko prest dago Espainiako justiziak urratsik egiten ez badu.
Eragileek bat egin dute Auzitegi Nazionalak ostegunean emandako ebazpenaren nondik norakoei erreparatzean. Berebiziko garrantzia duela nabarmendu du Pilar Garaialde Egiari Zor-eko kide eta torturaren biktimak, «bere edukiagatik eta irmotasunagatik». Izan ere, tortura delitu bat frogatutzat jotzetik harago, argudiatu du agerian utzi dituela «torturen inguruko salaketak ikertzeko eginbeharrari jaramonik egin ez dion sistema judizial baten zuloak». Hau da, besteak beste, frogatutzat utzi duela inkomunikazioa «torturak praktikatzeko beharrezko iragazkia» dela, eta tortura horien eragina ez dela iraganeko zerbait, horiek sufritu dituztenen oraina eta etorkizuna ere baldintzatzen dituztela oraindik.
Ikusi gehiago
Bide beretik, Giza Eskubideen Behatokiko eledun Iratxe Urizarren ustez, «poliki-poliki» bada ere, torturaren inguruko egia bidea egiten ari da, eta horren adibide da ebazpena: «Egia azaleratu egiten da, bide guztietatik ezkutatu nahi izan duten errealitateari gain hartuz». Haren hitzetan, agerian geratu da Euskal Herrian tortura sistematikoa izan dela, eta hura baliatu dela espetxe zigor luzeak ezartzeko.
Larrartek ere uste du ate bat ireki duela ebazpenak: «Behin esan dute torturatua izan dela, eta zergatik ez dute bigarren aldiz esango?». Halere, uste du tentuz jokatu behar dela, Auzitegi Nazionalean gertatzen dena «misterio» bat delako, eta ebazpen hau «puntuala» izan daitekeelako. Gogoratu du Sorzabalek salaketa bat jarri zuela tortura horiengatik, eta orduan ebatzi zutela halakorik ez zela gertatu. Era berean, argudiatu du hitz horiek erabil zitzaketela duela aste batzuk ere, Sorzabalen aldeko beste absoluzio epai batean, baina orduan ez zela halakorik adierazi: «Auzitegi Nazionala ez da bloke homogeneo bat».
«Ez dakigu Iratxerentzat ere zer ondorio ekarriko dituen honek. Ondorio automatikorik ez da egongo; borrokatu egin behar dugu»
AIERT LARRARTEIratxe Sorzabalen abokatua
Halere, abokatuak adierazi du lanean jarraituko dutela tortura kasuak azaleratzeko, baina gehitu du ez duela bere burua engainatu nahi: «Ez dakigu Iratxerentzat ere zer ondorio ekarriko dituen honek. Ondorio automatikorik ez da egongo; borrokatu egin beharko dugu».
Galderak erantzuteke
Agerraldian, baina, ez dira ebazpenaren gaineko gogoeta egitera mugatu. Urizarrek nabarmendu du urrats gehiago egiteko garaia dela, eta Espainiako justiziari mintzatu dio zuzenean: «Auzitegi Nazionalak, urte luzez tortura onetsita lan egin duen salbuespenezko epaitegi antiterroristak, ebidentziaren aurrean makurtu beharra du».
Sorzabalen torturak frogatutzat jo izanak, gainera, beste galdera sorta bat egitera bultzatu du Urizar: «Nortzuk izan ziren torturatzaileak? Non dira elektrodoak aplikatu zizkioten horiek? Non, sexualki eraso egin ziotenak? Hilko zutela mehatxatu zutenak? Non daude egitate horien egileak?». Galdera horiei erantzuteko asmoz, GEBehatokia zenbait aukera aztertzen ari da, Sorzabal torturatu zuten guardia zibilen aurka salaketa eraginkor bat egin ahal izateko.
«Prest gaude bide guztiak agortzeko Iratxe Sorzabalek jasandako oinazeak egia eta justizia osoa izan arte», adierazi du Urizarrek, baina aitortu du bidea ez dela erraza izango. 2001ean torturatu zuten Sorzabal, eta Espainiako justiziak ebatzi izan du tortura delituak hogei urteko epean preskribatzen direla, nahiz eta nazioarteko legediak adierazi horiek gizateriaren kontrako krimen bat direla, eta, ondorioz, preskribaezinak. Hain zuzen, nazioarteko legediari erreparatuta, Urizarrek adierazi du preskripzio epe horiek apurtu beharko liratekeela.
«Onartezina da, Sorzabalen aurkako torturak epaitegi penal baten aldetik egiaztatuak izan direnean, inpunitate belo bat zabaltzea»
IRATXE URIZARGEBehatokiko eleduna
Izan ere, GEBehatokiko kideak uste du ulergaitza litzatekeela Espainiako Estatuak ez erreakzionatzea: «Onartezina da, Sorzabalen aurkako torturak epaitegi penal baten aldetik egiaztatuak izan direnean, inpunitate edo zigorgabetasunaren belo bat zabaltzea».
Horiek hala, zigor arloko epaitegiek ikerketa sakonik egin ezean, GEBehatokiak inpunitatea eragozteko beste bide batzuk jorratuko ditu. Urizarrek azaldu duenez, nazioarteko erakundeetara joko dute: «Nazio Batuen organoak prest daude gizateriaren aurkako gertaerak ikertu gabe gera ez daitezen eta erabateko zigorgabetasunean».
Bide administratiboa
Epaitegietatik haratago ere bada zer egin, batez ere, arlo politikoan. Horri erreparatu dio Egiari Zor-ek. Batetik, Euskal Herriko erakundeei dei egin die «aho batez erantzun irmo bat» ematera, ez dadin «naturalizatu» Sorzabalen kontrako tortura kasua: «Giza eskubideetan hezteko beharrari, indarkeria tresna politiko gisa deslegitimatzeko pedagogia egiteko beharrari eta abarri buruzko diskurtsoak edukirik gabe geratzen dira hain gertakari larrien inguruan gure agintariak eta ordezkariak isilik geratzen direnean».
Ikusi gehiago
Ordezkari politikoei zuzendutako beste eskaera bat ere egin du Garaialdek. Estatuaren biktimek aitortza jasotzeko eskabideak egiteko epea berriz irekitzeko exijitu du, eta premiazkotzat jo du legean ezarritako denbora tartea zabaltzea. Izan ere, egungo legedia 1999ra arte mugatzen da. Ondorioz, Sorzabalek berak eta beste milaka torturatuk ez dute eskaera egiteko modurik. «Integrala izan behar du aitortzarako lege esparruak, eta, beraz, biktimen eskubide berdintasuna bermatu behar du», nabarmendu du.
Lanaren ondorio
Larrartek, berriz, Sorzabalen egungo egoeraren berri emateko baliatu du prentsaurrekoa. Haren kontrako hiru epaiketa egin dituzte Auzitegi Nazionalean, hiruretan ere froga berarekin. Bitan absolbitu dute, nahiz eta azken honetan soilik egin zaien erreferentzia hark sufritutako torturei. Bestean, berriz, 24 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta hura betetzen ari da egun, Zaballako espetxean (Araba). Zigor horri helegiteak aurkeztuz joan da Sorzabalen defentsa, lehenik Auzitegi Gorenean, eta gero Konstituzionalean, baina ez dituzte ontzat jo. Hala, Larrartek azaldu du Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramango dutela auzia.
«Giza eskubideetan hezteko beharrari buruzko diskurtsoa edukirik gabe geratzen da hain gertakari larrien inguruan gure agintariak isilik geratzen direnean»
PILAR GARAIALDEEgiari Zor-eko kidea
Sorzabalen kontrako euroagindu bat ere bada martxan. Frantziak, baina, haren inguruan ebaztea atzeratu du oraintsu, eta tortura salaketen inguruko azalpenak eskatu dizkio Espainiari. Larrartek uste du ebazpen honek eragina izango duela horretan ere, baina ez daki onerako edo txarrerako izango ote den: «Pentsatzen dut euroagindua geratu beharko lukeela, baina agian kontrako efektua izan dezake. Frantziak pentsa dezake Espainian gauzak ondo egiten ari direla, eta euroagindua ematea».
Larrartek eskerrak emateko ere baliatu du abagunea. Epaiketaren nondik norakoak gogoratuz, Benito Morentin auzitegi medikuaren lana eskertu du. Harena da Sorzabalek pairatutako torturen inguruko mediku txostena, eta epaiketan ere deklaratu zuen, lekuko gisa. Gainera, adierazi du ebazpena urteetan egindako lanaren ondorio dela: «Nazioarteko erakundeetan, nazioarteko epaitegietan, herrietan eta Euskal Herriko edozein txokotan egin den lanaren isla eta ondorio da». Eta lan horrek eragindako beste zenbait aldaketa ere aipatu ditu: inkomunikazioa jada ez aplikatzea eta epaiketetan polizia aurrean egindako deklarazioak kontuan ez hartzea.