Egiari Zor-ek Mujika Aiestaranen hilketaren 50. urtemugan esan du lanean segituko duela «zigorgabetasun horma eraisteko»

Duela 50 urte hil zuten Josu Mujika Aiestaran, eta jakinarazi dute aurrera doala hilketa argitzeko auzibidea.

Mujika Aiestaran Jaurlaritzak biktima gisa aitortu zueneko agerraldia. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI
Mujika Aiestaran Jaurlaritzak biktima gisa aitortu zueneko agerraldia. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 31
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Josu Mujika Aiestaran ETAko kidea duela 50 urte hil zuten, Madrilen, Mikel Lejarza El Lobo polizia infiltratua buru izan zen sarekada batean. Egiari Zor-ek ekitaldia antolatu zuen atzo Legazpin (Gipuzkoan), haren jaioterrian, eta jakinarazi zuen Madrilen El Loboren aurka hasitako auzibidea aurrera doala. Urteetan ukatutako egia judiziala bilatzea dute xede, eta orain arteko «zigorgabetasun horma eraistea».

El Lobo izan zen Josu Mujika, Montxo Martinez Antia, Andoni Campillo Alkorta, Jon Paredes Manot eta Moncho Reboiras Noiaren heriotza eragin zuen polizia operazioaren arduraduna, baita beste 158 lagunen atxiloketaren arduraduna ere, eta gehien-gehienak torturatu egin zituzten. Hargatik, garrantzitsua da Madrilen irekitako kereilak bidea egitea, beste auzibide batzuei bidea ireki baitiezaieke.

Egiari Zor-ek azaldu zuen egileak espetxeratzea inondik ere ez dela konponbidea. Egia jakiteko eskubidea defendatzea dute xede. Izan ere, egia judizialak bere bidea eginez gero, uste dute berme sendoagoak ezarriko direla halakoak berriro ez gertatzeko. «Bizikidetza demokratikoaren esparruan zutabe sendoak behar dira, estatuko botereek bultzatu, egin, babestu edo finantzatutako krimenak itzalpean gorde ezin dituen gizarte baten oinarri izan daitezen».

Salatu zuten urte hauetan guztietan erakundeek asimetriaz tratatu dituztela biktima batzuk, eta birbiktimizatu egin dituztela. Dena den, aitortu zuten eman direla pausoak. «Egun, Ertzaintzaren, Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren, eskuin muturreko taldeen eta talde parapolizialen jardunen ondoriozko bostehun biktima baino gehiago dauzkagu ofizialki aitortuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.