Jesus Egigurenek berak hautatu du elkarrizketarako tokia, «aspaldian» egon gabe baitago: Txillarre baserria. Kuttuna du lekua, «zerbait» egin zuten-eta han. Arnaldo Otegik eta biek, orain dela hogei urte, Elgoibarko (Gipuzkoa) baserri hartan ekin zieten isilpeko elkarrizketei. Duela hamar urte, PSOEn Egigurenek soilik esaten zuen ETA bukatzera zihoala. Orain, berriz, iragarri du hiru urte barru has daitezkeela itunak egiten PSE-EE eta EH Bildu.
Hona hemen, aurrerapen modura, Egigurenen esan batzuk:
- «Oraingoz, ez da posible Bildu-PSE edo PSE-Bildu gobernu bat Euskadin, edo batak bestea babestea. Baztertu aukera hori urte batzuetarako. Baina EAJk ez ditu berekin karta denak. Esan nahi dut: Euskadin hurrengo [2023ko] udal hauteskundeen ondoren hasiko dira gauzak aldatzen, eta, PSE-Bildu itun asko egiten badira, EAJk indar handia galduko luke».
- «Nazionalismo moderno bat egin beharko luke Bilduk, ez Sabino Aranaren nazionalismo hori. ERC moduko alderdi bat izan beharko luke, eta, nazionalismo hori egiten badu, EAJk gaizki pasatuko du».
- «Jendea ez dago aspertuta, baina, gogoeta intelektual batetik, esango nuke alternatiba modura desagertzen ari dela PSE, eta EAJren osagarri bihurtzen. Hori ez da ona alderdiarentzat».
- «Espainian autodeterminazio eskubidea ez da onartuko, baina egundoko autonomia lortzea dago. Lerro horien barruan egin behar da politika. (...) Gehiengoa ez da beti demokraziaren lege nagusia».
- «[Euskal] Preso denek Euskal Herrira ja hurreratuta egon beharko lukete, eta, gero, legearen barruan zer egin daitekeen aztertu, zigorrak lehenbailehen pasatzeko».