Egoera zaurgarrian diren migratzaileei formakuntza emateko zerbitzu berria aurkeztu dute gaur Iruñean: Open izeneko proiektua apirilean jarriko dute martxan, Iruñeko Udalak Fiteroko Monasterioa kalean dituen lokaletan. Baliabide berri horrek xedetzat ditu «parte hartzaileen gizarteratze eta lan inklusio erabatekoa, autonomia pertsonalaren sustapena eta erregularizazio administratiboa». Iruñeko Udalaz gain, zerbitzu berriaren sustatzaileen artean dira Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioa eta Nafarroako Kutxa fundazioa. Koine Aequalitas irabazi asmorik gabeko elkarteak kudeatuko du zerbitzua, heldu den hiletik aurrera.
Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintza zinegotzi Txema Mauleonen arabera, hutsune bat beteko du zerbitzu berriak: «Larrialdiko udal baliabideen eta ohiko laneratze programen artean dagoena, hain zuzen». Zehazki, Iruñeko Udaleko Auzo Unitateak arduratuko dira egoera zaurgarrian diren migatzaileei harrera egiteaz eta haiek Open zerbitzura bideratzeaz. Gehienez ere, 45 pertsonak erabili ahalko zerbitzua aldi berean. Lau eta zortzi hilabete arteko formakuntza-ibilbide pertsonalizatuak antolatu dituzte, eta udalak baliabide materialak utzi ditu horretarako: bi ikasgela, bulego bat eta kafetegi bat, Fiteroko Monasterioko etxabeetan.
Lanbideetan zentratuta
«Autonomia pertsonala, parte hartze aktiboa eta kulturarteko bizikidetza sustatu nahi ditu Open proiektuak», azaldu dute Koine Aequalitas fundazioko Paula Ruiz Baraibarrek eta Daniel Garcia Almoguerak, gaurko aurkezpenean. Egitasmoa martxan jarri aurretik, egoeraren analisia egin zuen fundazioak, eta ondorioztatu zuten formakuntza dela migratzaileek dituzten behar larrienen artean hirugarrena, bizitokiaren eta osasunaren atzetik.
Zortzi langile espezializatu ariko dira Open zerbitzuan, eta lanbideetan zentratutako ikastaroak emanen dituzte, batez ere: «Eskari handiena dutenak dira elektrizitatearekin, garbiketarekin eta energia berriztagarriekin lotura dutenak». Horrez gain, gaztelania eskolak, aholkularitza juridikoa eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea ere eskainiko dituzte.