«Negoziazioak aurrerapausorik eman ez duenez, udaletxea hartuko dugu. Aurrera lankideok!». Megafonotik emandako agindua entzun eta dozenaka emakume, kamiseta moreak soinean, Errenteriako (Gipuzkoa) udaletxera sartu dira. Harrerako udaltzainak harriduraz begiratu die, eta ez du geratzeko imintziorik egin. Eskailerak igo dituzte, eta osoko bilkuren aretoa hartu dute. Han daude. Itxialdia egingo dute bertan.
Noiz arte? Berez, bihar arte. «Hortik aurrera, ikusiko dugu», esan du Feli Velazquezek, Errenteriako Sanmarkosene zahar etxeko langileak, osoko bilkuren aretoan bertan. Zumaiako San Juan zahar etxeko langileek, berriz, herriko Oxford kultur etxeko areto batean hasi dute itxialdia. ELA sindikatuak ez du baztertu datozen egunetan zahar etxeetako langileek beste herri batzuetan ere itxialdiak hastea.
Zortzi zahar etxetan
Gipuzkoako zortzi zahar etxetako langileak greba mugagabea egiten ari dira, lan baldintza hobeak eskatzeko. Sei zahar etxetan iazko azaroaren 21etik daude greban: Donostiako La Paz, Txara II eta Villa Sacramenton, Errenteriako Jesusen Bihotzan, Zumaiako San Juanen eta Zumarragako Argixaon. Ordiziako San Josen, aurtengo urtarrilaren 23tik. Eta Errenteriako Sanmarkosenen, otsailaren amaieratik.
Berez, elkarretaratzea egiteko bildu dira 50 lagunetik gora, Errenteriako udaletxearen aurrean, ELA sindikatuak antolatuta. Ia guztiak emakumeak. Zahar etxeetako langileez gain, Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxeko egoiliarren senideak eta egoiliar batzuk ere bai, gurpil aulkietan. Langileek pankarta bati eutsi diote: Foru Aldundia: %100eko kontratuak zergatik ez?. Senideek beste bati: Jesusen Bihotza zaharren egoitza egoera larrian. Erresidentzietako zaintzak ez dira negozioa.
Soldatak eta lanaldi osoko kontratuak
Soldata hobeak eta lanaldi osoko kontratuak dira langileen eskaera nagusiak. Soldata hobeak, zahar etxe pribatuetako langileek publikoetakoek baino 10.000 euro inguru gutxiago kobratzen dituztelako urtean, ELAk emandako datuen arabera. Eta lanaldi osoak, sektoreko 5.000 langileetatik erdiek enpresak ezarritako lanaldi partzialeko kontratuak dituztelako. «Langile horietako askoren soldata ez da iristen Espaniako lanbide arteko gutxieneko soldatara», salatu du Velazquezek. Sei zahar etxetan bost hilabete baino gehiago daramatzate greban. Horrek eragina du soldatetan ere: hilabete batzuetan berrehun euro eskasekoak dira.
«Ez da langileen borroka bakarrik: borroka soziala da, zaintza duinaren aldekoa. Gure eskubideen alde ari gara, baina horrek zaintza hobea esan nahi du»
CRISTINA ENRIQUE Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxeko langilea
Zahar etxeetan eguneko hiru momentutan pilatzen da lana: egoiliarrei jaikitzen lagundu behar dietenean, bazkaria ematen dietenean eta oheratzen dituztenean. Enpresek lanaldi partzialeko kontratuak egiten dizkiete langileei, ordu horietan lan egiteko. «Ez dira konturatzen eguneko gainerako orduetan arreta ez dela ona», uste du Velazquezek. «Eguneko gainerako orduetan ere arreta eman behar zaie: paseoan atera, komunera eraman...».
Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendu nahi izan diote mezua. Megafono bidez egin dute, ozen: «Hemen gaude foru aldundiari negoziazioan eta langileen arazoetan inplikatzeko eskatzeko. Erabiltzaileak zerbitzu prekarioa jasotzen ari dira, eta foru aldundiari ez dio axola». Cristina Enrique Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxeko langilea arduratu da megafonoaz, mezuez, leloez, salaketaz.
Dirurik ez
Enpresen eta langileen arteko negoziazio prozesua zabalik dago, baina langileek salatu dute enpresak ez duela proposamen sendorik egin. Patronalak esaten die ezin duela gehiago ordaindu, foru aldundiak diru gehiago ematen ez badie; foru aldundiak, berriz, patronalaren esku utzi du negoziazioa, langileen arabera. «Langileok erdian gaude». Uste dute lan baldintzak eta zaintza hobetu daitezkeela «foru aldundia inplikatzen baldin bada». «Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egiten die bere funtzioei eta erantzukizunei», jarraitu du Velazquezek. «Harena da zaintzaren ardura». Maiatzaren 5ean bilduko dira foru aldundiarekin, eta 7an patronalarekin.
Iaz, aurtengo aurrekontuen negoziazioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkarrekin Ahal Dugu-k akordioa lortu zuten. Erakundeak, Elkarrekin Ahal Dugu-k eskatuta, hamar milioi euroko diru sail bat onartu zuen zahar etxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko. Langileek ez dakite diru hori non dagoen eta nola gastatuko den.
Langileen zama
Velazquez eta Enrique nekatuta daude. «Kokoteraino». Langile gutxiegi direla diote, eta, beraz, langileen lan zama behar baino handiagoa dela. «Horrek guztiak eragina du gure osasunean», azaldu du Enriquek. «Egoiliarrek baino botika gehiago hartzen ditugu».
«Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egiten die bere funtzioei eta erantzukizunei. «Harena da zaintzaren ardura»
FELI VELAZQUEZ Errenteriako Sanmarkosene zahar etxeko langilea
Zama ez da lantokitik kanpo arintzen, Velazquezen arabera: «Batzuetan, gorputzaldi txarrarekin joaten zara etxera, lana ez duzulako ondo egin; ez zuk hala nahi duzulako, lanerako eskuak falta direlako baizik. Guk ondo lan egin nahi dugu, ondo zaindu nahi dugu, baina langile gehiago behar ditugu horretarako».
Soldata hobeak eskatzen dituzte, bai, baina nabarmendu dute ez dutela dirua bakarrik eskatzen, baita erretiro adinera gerturatu ahala pixkana-pixkana ordu gutxiago lan egin ahal izatea ere, norberaren eginbeharretarako egunak izatea...
Senideen babesa
«Egoiliarrak ez daude ondo artatuak». Bat datoz Enrique eta Velazquez. Eta ez dute esaten grebaren eraginagatik bakarrik. Ohiko funtzionamenduaz ere ari dira. Langile gutxiegi egoiliar bakoitzeko. «Diputazioak eta patronalak bileretan onartzen dute langile gutxiegi daudela, baina gero ez dute ezer egiten», salatu du Velazquezek. «Foru aldundiak dio arreta indibidualizatua eman nahi duela, baina ez da konturatzen hori ezinezkoa dela langile gehiago kontratatu gabe».
Kontzentrazioan, Jesusen Bihotza zahar etxeko senideen babesa jaso dute. Harreman estua dute haiekin, eta senideek badute haien lan baldintzen, nahi eta ezinen berri. «Ez baita langileen borroka bakarrik: borroka soziala da, zaintza duinaren aldekoa», nabarmendu du Enriquek. «Zenbat eta langile gehiago, orduan eta zaintza hobea. Herritar asko pasatuko da zahar etxeetatik, eta modu duinean zaintzea nahi dugu. Gure eskubideen alde ari gara, baina horrek zaintza hobea esan nahi du».
Lezetaren 'Alegoria'
Osoko bilkuren aretoko lurrean zabaldu dute pankarta. Herritarrentzako aulkietan eseri dira. Langileen oihuak entzutean, Aizpea Otaegi alkatea bulegotik atera da. Eneko Gracia Ibarra, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, langileekin bildu da.
Osoko bilkuren aretoan mural handi bat dago: Alegoria, Valeriano Lezetarena, 1974koa. Lezetak berak azaldu zuen Errenteriako historiaren alegoria bat egin nahi izan zuela, iragana eta oraina uztartuz: ezkerrean, iragana, nobleen, herritar xeheen, apaizen eta militarren bitartez irudikatua; eskuinean, berriz, murala margotu zuen garaia, industriarena, olagizonak, arrantzaleak, baserritarrak, artzainak, txistulari bat... Lezetak murala 2026. urtean egin balu eta gaur egungo Errenteria irudikatu nahi izan balu, zaintzaleren bat margotu beharko zuen, kamiseta morea soinean.