Ordiziako (Gipuzkoa) San Jose zahar etxeko langileak ELAk deitutako greba mugagabera batuko dira hurrengo ostiraletik aurrera. Orain arte, Gipuzkoako beste sei zahar etxe egon dira greba mugagabean, azaroaren 21etik: Errenteriako Jesusen Bihotza, Zumaiako San Juan, Zumarragako Argixao eta Donostiako Villa Sacramento, Txara II eta La Paz. Sindikatu horrek berak grebara deitu ditu Gipuzkoako zahar etxeetako langile guztiak, hilaren 22rako eta 23rako.
Iazko maiatzetik, ELAk hamalau greba egun antolatu ditu sektorean. Langileen «soldata arrakala amaitzea eta %100eko lan jardunaldiak izatea» eskatu dute, baina patronalek ez dute aurkeztu «sektoreko prekaritatea eta soldata arrakala ezabatzeko proposamenik».Â
Sindikatuak gehitu du ez dagoela «zahar etxeetako hitzarmenaren berririk». 2026ko aurrekontuetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkarrekin-ek zahar etxeetako hitzarmena sustatzeko konpromisoa hartu zuten, eta horretarako hamar milioi euroko inbertsioa zehaztu zuten.
ELAren arabera, sektoreak 5.000 langile biltzen ditu, eta ia erdiek kontratu partzialak dituzte. Gainera, gogorarazi du langile gehienak azpikontratatutako emakumeak direla eta haien soldata arrakala 10.000 eurotik gorakoa dela.