altsasuko auzia

Egun osorako egitaraua izango da larunbatean Altsasun, mila eguneko presoaldia oroitzeko

Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno gazteek larunbatean beteko dituzte mila egun espetxean.

Altsasuko gazte presoen aldeko manifestazioa, marxoaren 24an. JON URBE / FOKU
jon olano
2019ko abuztuaren 7a
10:08
Entzun

Altsasuko auzian behin-behinean zigortutako gazteetatik hiruk, Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno gazteek, larunbatean beteko dituzte 1.000 egun preso. 2016ko azaroaren 14an atxilotu zituzten bederatzi lagun, eta harrezkero espetxean daude Ramirez de Alda, Arnanz eta Unamuno, 2016ko urrian bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea egotzita.

Mila eguneko espetxealdia salatu eta gazteei elkartasuna adierazteko, egun osorako egitaraua prestatu dute Altsasun bertan (Nafarroa) Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak, 1000 egun, mila mezu, mila muxu. Altsasukoak aske izenburupean. Lehen ekitaldia 09:30ean ezarri dute: Unanutik Beriain mendira igoko dira. Bertan, herri eta hiri ugari bisitatuko dituen mezu liburu bat aurkeztuko dute 12:00ak aldera, eta edozeinek izango du aukera hiru gazteei liburuan bere mezua idazteko. Beriaindik Altsasura eramango dute liburua, hainbat errelebo eginez: mendiko bizikletan, parapentean, patinetan, korrika...

Arratsaldean, berriz, elkarretaratze bat antolatu dute Foruen plazan (20:00), eta mural bat osatuko dute, gazteak aske utz ditzatela eskatzeko. Era berean, 14:00etatik aurrera erakusketak, bideo proiekzioak eta bestelakoak jarriko dituzte ikusgai, baita elkartasun postu bat ere, Altsasuko gazteei mezuak bidaltzeko. Horrez gain, dei egin dute larunbatean eta hurrengo egunetan sare sozialetan nork bere egitasmoak zabaltzera, #AltsasukoakAske traola erabiliz, gero bilduma bat egin eta preso dauden gazteei bidaltzeko.

Iazko ekainaren 1ean, Auzitegi Nazionalak 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien orotara zortzi gazte zigortuei. Auzitegi Nazionalak baztertu egin zituen helegiteak, eta aurreko epaian ezarritako zigorrak berretsi zituen joan den martxoaren 7an. Espainiako Auzitegi Gorenak irailaren 18an aztertuko du Altsasuko gazteen defentsaren helegitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.