Egungo bollerez hausnartzera

550 lagun inguruk parte hartuko dute Bollotopaketetan, Leitzan, gaurtik igandera. Subjektu politikoari buruzko eztabaidak hartuko du mahai nagusia.

Atzo parte hartzaile ugari izan zen Leitzan. BOLLOTOPAKETAK
Atzo parte hartzaile ugari izan zen Leitzan. BOLLOTOPAKETAK
Maite Asensio Lozano.
2024ko apirilaren 26a
20:05
Entzun

Nola aldatu da lesbianen eta bolleren subjektu politikoa? Zer dute aldarrikatzeko gaur egun? Nola hautsi heteroaraua? Zer egin lesbianen artean indarkeria gertatzen denean? Nola zahartzen ari dira bollerak? Gai horietaz eta beste batzuez eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera izango dute egun hauetan «bollerek eta sexu-genero disidenteek», Leitzan (Nafarroa) egingo dituzten Bollotopaketetan. Gaur arratsaldean egin diete harrera 550 parte hartzaileetako batzuei, eta igandera arte arituko dira gogoetatzen, baina baita giroaz gozatzen ere.

Duela 40 urte Errenterian (Gipuzkoa) antolatutako Lesbianen I. Topaketak dira asteburu honetakoen aitzindariak; lesbianismoa mugimendu feministaren eztabaida nagusietatik kanpo zegoela eta, «identitate propiotik borrokatu beharraz» jardun ziren 1984ko topaketa haietan. Orain, orduko lesbiana haiek omendu nahi dituzte —EHGAMek Urrezko Hirukia saria emango die bihar—, eta eurek plazaratu zituzten eztabaidak eguneratu: «Subjektu politikoa hainbat forma eta sakoneratan eraldatu eta aberastu da, baina bollerok sistema heterosexualaren aurkako sarea elikatzen jarraitu behar dugu oraindik ere», adierazi dute antolatzaileek.

Hain zuzen, subjektu politikoaren inguruan izango dira bihar goizeko mahai nagusiak. Lau hamarkadotan bilakaera handia izan du lesbianen eta bolleren mugimenduak, transfeminismoaren ekarpenagatik neurri batean: «Generoaren deseraikuntza olatuak erakutsi zigun lesbianak ez garela emakumeak; ez, behintzat, esentzialki. Komunitate bolleroak ez daude soilik zis-emakumeez osatuta; gure mugimendua transfobiaren aurkakoa eta lesbianismo ez-esentzialista baten aldekoa da». Hala, «beste identitate posible bat» proposatu nahi dute topaketetan: «Bollerak ez gara emakumeekin txortan egiten duten emakumeak, emakumetasun inposatuari uko egiteko sortzen den kategoria politikoa delako bollera».

Heteroaraua, sendo

Urteotan guztiotan aurrerapausoak ere izan direla onartu dute antolatzaileek: «Nabaria da zuzeneko indarkeriaren jaitsiera; orain dela 40 urte, sexualitate disidentea izateak bazterkeria handiagoa zekarren». Baina, aldi berean, topaketen antolatzaileek uste dute «lesbianismo normatibo bat» onartzen dela egun: «Femeninoa, zaintzailea, atsegina eta zuria». Ildo horretan, erakunde publikoei eta enpresei aurpegiratu diete «LGTB+ sasipolitiken bidez garbiketa» egitea, baina ez errora jotzea: «Gizonak eta emakumeak sortzen dituen erregimen heterosexuala ez dago ahul. Araua zabaldu da, baina bollerak araua apurtzera gatoz».

Hortaz, gai horiek hainbat ertzetatik lantzeko, tailer praktiko ugari izango dituzte asteburuan, bai sexualitateaz, familia nuklearrarekiko erresistentziaz, zahartzeaz eta bortizkeriaz. Bollologia izeneko espazio bat ere martxan izango da igandera bitarte, Euskal Herriko bolleren genealogia bisuala eskaintzeko. Eta ondo pasatzeko parada ere emango dute Bollotopaketek: karaokea eta DJak izango dira zapatu gauean. Antolatzaileek nabarmendu dute autogestioan antolatu dituztela egun hauek, eta sareak sendotzea dela helburua: «Mugimenduak nora joan nahi duen mugimenduak berak erabaki behar du modu kolektiboan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.