Udal eta foru hauteskundeak. Araba

EH Bilduk eta EPk trantsizio ekologikoaren alde egin dute

Gasteiz karbono isurketetan «neutroa» izateko bide orria aurkeztu du Larrionek. Abeciak landa eremurako politika jasangarri bat nahi du

Garbiñe Ruiz eta Oscar Fernandez EPko hautagaiak, atzo, Gasteizen. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat txokotan San Isidro eguna ospatu zuten atzo, nekazari eta baserritarrentzat egun seinalatua. Eta hainbat alderdi politikok ospakizuna baliatu zuten lurraren eta ekologiaren aldeko konpromisoa agertzeko. Hala egin zuten EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen hautagaiek, goizeko ekitaldi nagusietan: biek ala biek trantsizio ekologikoaren aldeko proposamenak aurkeztu zituzten.

EH Bilduk dokumentu bat aurkeztu zuen CO2 isuriak murrizteko eta 2040an Gasteiz «neutroa» izan dadin karbono isurketetan. Koalizioak landutako dokumentuak klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta trantsizio ekologiko «osoa» egiteko bide orria jasotzen du. Gasteizko alkategai Miren Larrionekin batera, Ulrik Kohl Kopenhageko Udaleko zinegotzi ohia eta urbanista ekologista izan zen atzoko aurkezpenean. Kopenhage Karbonoan Neutroa 2025 planaren eta trantsizio berdearen arduradunetako bat izan da Kohl, eta EH Bilduk eredutzat hartu ditu herrialde horretan trantsizio energetikoarekin abiatu diren hainbat neurri.

Larrionek azpimarratu zuen Gasteizek badituela baldintzak trantsizio energetikoari aurre egiteko eta hiriaren energia hornidura guztia berriztagarria izateko. «Trantsizioaren oinarriak dira autokontsumoa, energiaren kudeaketa publikoa eta hiritarren parte hartzea. Berriztagarrien gordailu bat dugu aurrez aurre». Larrionek proposatu zuen teilatuetan kokatutako panel fotovoltaikoak izatea energia berriztagarria lortzeko tresna nagusia.

EH Bilduren bide orriak hainbat mugarri izango ditu, alkategaiak azaldu zuenez. Koalizioak proposatu du, besteak beste, 2023rako hiriaren argindar kontsumoaren %100 autokontsumo berriztagarriaren bidez eskuratzea, eta tokiko biomasarekin beroa banatzeko sistemak ezarri nahi ditu Koroatze eta Ariznabarra auzoetan.

Ekoizpen eredu berria

Elkarrekin Podemosek, berriz, enplegua sortuko duen nekazaritza eta abeltzaintza eredu berri baten aldeko egitasmoak aurkeztu zituen. Arantxa Abecia Arabako ahaldungai nagusia Arespalditzan egon zen, eta, han, eskatu zuen landa eremurako politika jasangarri «sendoa eta parte hartzailea» abiatzeko. Horretarako, trantsizio ekologikoarekin eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarekin bat egiten duen ekoizpen eredua defendatu zuen: «Lurra landatzeko bide demokratikoak sustatu nahi ditugu gazteentzat, eta Lurren Bankua martxan jarri nahi dugu».

Bestalde, Oscar Fernandez eta Garbiñe Ruiz Gasteizko hautagaiek hiriko nezakaritzaren garrantzia defendatu zuten. Besteak beste, proposatu zuten hiriaren inguruan nekazaritza eraztun bat egitea, «elikadura burujabean» aurrera egiteko eta nekazaritza jarduera ekologikoak garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.