'De Miguel auzia'

EH Bilduk salatu du Euskal Herrian "dirudien baino ustelkeria gehiago" dagoela

EH Bilduk eta PPk gogor kritikatu dute EAJren jarrera, eta azalpenak eskatu dizkiote Urkulluri. PSEk ez du gobernukidearen aurka egin, baina epaia txalotu du.

Aitor Telleria, sei urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra jaso du. JUANAN RUIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2019ko abenduaren 21a
15:24
Entzun

"Bada kirrinka egiten duen zerbait EAJren kultura politikoan eta boterearen bere ikuskeran". Hala adierazi du EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkideak. De Miguel auzia izan du hizpide, eta "Euskal Herriaren historiako ustelkeria eskandalu handiena" dela nabarmendu du. Besteak beste, EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako diputatu izaniko Alfredo de Miguel hamahiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu du Arabako Probintzia Auzitegiak. Halere, kalean da, sententzia irmoa izan arte.

Casanovak Radio Euskadin salatu du "dirudien baino ustelkeria gehiago" dagoela. Hitz horiekin, EAJ jarri du jopuntuan legebiltzarkideak, eta nabarmendu du halako egoerek eragin kaltegarriak dituztela politikan: "Herritarrengan politikarekiko atxikimendu eza eragiten du". Casanovak "estortsio" bidez funtzionatzen zuen "mafia" gisa definitu du kasua, eta EAJri esplikazioak eskatu dizkio: "Urkulluk zioen ez dela EAJrekin zerikusia duen kasu bat, baina arduraduna da pertsona horiek aukeratzeagatik".

Ez da izan Iñigo Urkullu lehendakariari azalpenak eskatu dizkion bakarra. PPko Carmelo Barrio legebiltzarkideak "lehendakari karguaren atzean" ez ezkutatzeko exijitu dio. Izan ere, Urkullu EAJko presidente zen De Miguel auzian epaitu diren ekintzak gertatu zirenean. "Alderdi barruan onartuta zegoen zerbait da, baina, epaileak ekin eta Ertzaintzak akusatuak atxilotu arte, EAJk ez zuen ile bakar bat ere mugitu". Espainiako presidente Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa ere izan du hizpide Barriok, eta besteei bere buruari exijitzen ez diona eskatzea leporatu dio lehendakariari.

Eusko Jaurlaritzako beste alderdiak, PSEk, ez du EAJ izan kritiken jomugan, baina Eneko Andueza parlamentariak adierazi du auziak ez diela "inongo mesederik" egiten erakunde publikoei. Gogorragoa izan da auzipetuekin. Justiziak euren lekuan jarri dituela esan du Anduezak: "Espetxean".

"Alderdiaren ibilbidea zikintzen dute"

Kritika horiek guztiak Urkulluk atzo eginiko agerraldiaren ostean iritsi dira. Jaurlaritzak gizarteari eginiko Gabonetako harreran aritu zen lehendakaria De Miguel auziaz, eta "barkamena" eskatu zuen EAJko kide ohiek eginikoagatik. Halere, gehitu zuen "jarduera politikoan eraginik" ez zuela izan, eta alderditik "aldendutako portaerak" izan zirela nabarmendu: "Pertsona horiek balio eta konpromiso etikoen aurkako ekintzak egin zituzten, parte naizen alderdiaren ibilbidea zikintzen dutenak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.