EH Bilduren ustez, EAJk hasieratik zuen erabakia bakarrik gobernatzea

EAJ bileretan «anbiguotasunez» aritu dela dio, ez duela proposamen zehatzik egin, eta aurrekontuak onartzea izan duela helburuHala ere, adierazi du koalizioa «herri gisako politika eta akordioak» egiten saiatuko dela

Dani Maeztu, Maribi Ugarteburu, Diana Urrea eta Leire Pinedo, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
EAJ ez da garbi aritu, EH Bilduren ustez. Gobernu akordioak bilatze aldera alderdiekin bilera saioa egin duela plazaratu duen arren, erabakia «hasieratik» zuen hartua, haren ustez: bakarrik gobernatzeko asmoa zuen hasiera-hasieratik. Horixe ondorioztatu du koalizioak bi asteotan EAJrekin izan dituen bileretan jeltzaleei ikusi dien jarreratik. «EAJ anbiguotasun osoz aritu da», adierazi du Maribi Ugarteburu koalizioaren legebiltzarkide izango denak. «Hitzarmen posibleetarako hainbat edukiren inguruan zehaztapenak jasotzen dituen bi dokumentu helarazi eta hainbat galdera zehatz egin dizkiogu, baina ez dugu erantzunik jaso».

Diana Urrea, Dani Maeztu eta Leire Pinedorekin egin du agerraldia Ugarteburuk, EAJk astelehenean jakinarazitako erabakiari buruzko balorazioa egiteko. Eusko Alkartasunak Bilbon duen egoitzan egin dute prentsaurrekoa, eta Ugarteburuk eta Urreak eman dute koalizioaren iritzien berri. «Gobernu berria osatzeko akordioak lortzen baino gehiago, edukien inguruko hausnarketarik gabe instituzioen aurrekontuen onarpena lortzen saiatu da EAJ», ondorioztatu du EH Bilduk Sabin Etxean izan dituen bi bileretan sumatutakotik. «Aurrekontuek zer jasotzen duten aztertu gabe onartzeko eskaera egin du EAJk».

Ugarteburu eta Urrearen esanetan, EH Bildu ez dator bat «politika egiteko eredu horrekin», hala aritzea «kromo trukaketaren politika» egitea iruditzen baitzaio. «Edukien arabera lortu behar dira adostasunak», esan dute. Baina Ugarteburuk salatu du EAJk «foku bakarra» aurrekontuen onarpenean izan duela.

Gainera, ordezkari jeltzaleek txosten orokor bat helarazi zieten, baina horren gainean koalizioak egindako proposamen zehatzei ez die erantzun EAJk, EH Bilduren esanetan. Hori dela eta, koalizioak argi du EAJk ez zuela inolako asmorik aukerak benetan aztertu eta negoziatzen hasteko.

Gauza batean arrazoi eman dio EAJri: «Oso eredu desberdinak ditugu; kontrajarriak». EAJk defendatzen duen eredua «egoera honetara ekarri gaituena» dela adierazi du Ugarteburuk, eta, koalizioarenak horixe aldatu nahi duela. Proposatzen duena erabat egingarria dela esan die, gainera, jeltzaleei. «Gezur galanta da EH Bilduren proposamenak ez direla errealak eta ez dutela Europan antzekorik», erantzun die Koldo Mediavilla EBBko kideak akordiorik eza argudiatzeko bezperan emandako azalpenei. «Gu hemen bizi gara; proposamenak ez datoz estratosferatik. Adibideetan oinarritu gara». EAJri, berriz, krisitik ateratzeko neurri jakinik aurkeztu ez izana aurpegiratu dio.

Akordioak lortzen saiatuko da

Koalizioak «lehentasunezkoak diren gaietarako» neurri zehatzak landu eta proposatu dituela esan dute bi ordezkariek. Eta, EAJk horiei kasurik egin ez dien arren, EH Bilduk aurrerantzean ere bide horri eutsiko diola: «Gure helburua herritarrei soluzioak ematea da, eta horretarako, edukietan oinarritutako akordio zabalak lortzen saiatuko gara».

Izan ere, koalizioaren ustez, «gaur egun ezinbestekoa da herri ikuspegi batekin jardutea, herri gisako politikak eta akordioak egitea, eta herritarrak politika horien ardatzean kokatzea». Hala jardungo duela agindu, eta jakinarazi du «datozen asteetan» EH Bilduren legebiltzarkide taldea gainontzeko indar politiko eta sozialekin harremanak izaten saiatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.