Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ezker Anitza

EH Bilduri eta PSEri ezkerreko «ardatz bat» osatzea eskaini die Ezker Anitzak

Independentziara jotzea «insolidarioa» litzateke, Aranaren ustez; gainera, ohartarazi du etorkizun iluna ekarriko lukeela

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Alderdi ezkertiarren «ardatz bat» sortzea jarri du mahai gainean Ezker Anitzak: EH Bilduri eta PSE-EEri egin die eskaintza Mikel Arana Ezker Anitzako hautagaiak. Eusko Jaurlaritza gutxiengoan egotea «idealena» litzateke, haren iritziz. «Hartara, izan ere, ezkerreko gehiengoaren bidez baldintzatu ahal izango genuke gai batzuetan». Orain lehentasuna krisiari aurre egiteak duela nabarmendu du Aranak. Erabakitzeko eskubidea eta independentzia ari dira hizpide jartzen bozetako kanpainan, baina, Ezker Anitzako hautagaiaren esanetan, «horiek ez dira herritarren arazo nagusiak».

Forum Europa hitzaldi zikloan parte hartu zuen atzo Aranak. Ekonomia izan zuen hizpide. Espainiako Gobernua krisia gainditzeko egiten ari den kudeaketaren aurka agertu zen: «Ezin liteke finantza erakundeen irabaziak esku pribatuetara joaten utzi eta galerak gizartearen bizkar utzi». Herritarrak ari dira hori egitearen kaltea jasaten, Aranaren arabera: «Zorrak pagatzeko erabiltzen ari diren dirua zerbitzu publikoetatik ateratzen ari dira. Horrek pobretzea dakar, eta lortzen asko kostatutako eskubideak galtzea».

Independentziarekin egoera ekonomikoa hobetuko dela esatea txartzat jo du Aranak: «Erabat insolidarioa izatea da hori, eta, gainera, bideraezina litzateke ikuspegi ekonomikotik». Ohartarazi du independente izanda ez dagoela argi Euskal Herria Europako Batasunean egongo ote litzatekeen. Horrenbestez, federalismo «askea» ezartzearen alde egin du Ezker Anitza taldeko hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.