Izpegiko gainean irailaren 19an aurreratu zuten: EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek euskarari «lehentasuna» emango dion ofizialtasuna aldarrikatzeko protestak egingo ditu abenduaren 15ean, Nafarroako Euskararen Legeak 40 urte beteko dituela eta. Gaur eman dituzte xehetasun gehiago, Nafarroako Parlamentuaren atarian egin duten agerraldian: mobilizazioak Euskal Herriaren luze-zabaleko hainbat herritan egingo dituzte, 19:00etan. Denetan euskal Herrian Euskaraz kantua abestuko dute, eta, horrez gain, herri bakoitzak nahi duen bezala mobilizatzeko aukera izango du.
Gaur egin dute iragarpena, urriaren 12an, ez kasualitatez. «Momentu aproposa da espainiar zein frantziar estatuen politika eta lege asimilatzaileak salatzeko, zeinek gure kultura eta hizkuntza desagertzea helburu duten». Aipatu dute azkenaldian euskararen kontrako oldarraldi politikoa, mediatikoa eta judiziala bihurtu dela estrategia, baina aspaldian indarrean direla euskararen eta euskaldunen aurkako legeak, besteak beste, Nafarroako Euskararen Legea: «Heldu den abenduaren 15ean 40 urte beteko dira lege zapaltzaile hori gure gibeleko parlamentuan onartu zenetik».
Salatu dutenez, halaber, urriaren 12a hainbat instituziorentzat eta eragilerentzat «espainiar kolonialismoa eta inperialismoa goraipatzeko eguna» da, nola Euskal Herrian, hala mundu osoan. Alta: «Aldi berean, munduko txoko anitzetan antolatu gara, herriak suntsitzea goraipatzen duen eta espainiar hizkuntza eta kulturaren nagusitasunean oinarritzen den ideologia horren aurkako ekimenak gauzatzeko».
Elkartasuna xede
Horretaz gainera, EHEk ziurtatu duenez, egun hau baliatu nahi dute «espainiar kolonialismo arrazista, etnozida eta linguizida» pairatzen duten herrialde guztiei elkartasuna adierazteko. Esan dute euskaldunek «ardura bikoitza» dutela elkartasun horretan. Batetik, EHEren irudiko, euskaldunari badagokio Euskal Herria «zapaltzen» Espainiak eta Frantziak beste herri batzuen aurka egiten dituzten «politika eta jarrera zapaltzaile» guztien aurka egitea, «supremazismo europar eta zuriaren logikak salatuz eta haiei aurre eginez».
Bestetik, nabarmendu dute Euskal Herritik, euskaratik eta euskaraz, Euskal Herriko kultura eta hizkuntza aldarrikatu behar direla: «Gure hizkuntzak eta kulturak ekartzen dituen mundu ikuskerak ezinbesteko tresnak dira erresistentziarako, kolonialismoak zein inperialismoak inposatu nahi duten homogeneizazioaren aurrean». Aldi berean, nabarmendu dute ahalegina egin behar dela euskara eta euskal kultura herri zapalduen arteko elkartasuna bultzatzeko tresnak izan daitezen: «Ez dugu onartuko euskara izatea diskurtso faxistak elikatzeko tresna. Alderantziz: euskarak faxismoaren aurrean harresia eta herrien arteko elkartasunerako zubi izan behar du».