Askatu dituzte larunbatean atxiloturiko EHEko lau ekintzaileak

2026ko otsailean epaituko dituzte laurak, Baionako auzitegian. Larunbatean margoketa bat egin zuten Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren eraikinean, salatzeko Frantziako agintariak «itxurakeriaz» ari direla euskararen inguruan.

Gorka Torre Frantziako Poliziarekin mintzo, EHEko beste militanteak gibelean dituela, larunbateko ekintzan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Gorka Torre Frantziako Poliziarekin mintzo, EHEko beste militanteak gibelean dituela, larunbateko ekintzan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko irailaren 29a
11:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteburua kartzelan pasatu dute larunbatean Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren Baionako egoitzan margoketa egin zuten EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko lau ekintzaileek. Hiru lehenak goizean askatu dituzte, eta Gorka Torre, laugarren ekintzailea, askatu berri dute. Laurek auzia ukanen dute 2026ko otsailaren 5ean, Baionako auzitegian.

Departamenduaren egoitzaren aitzinaldea andeatu izana leporatzen diete, Departamenduko Kontseiluaren kaltetan: Torre kontrol judizialean izanen da epaiaren eguna arte.

Atera bezain laster, Gorka Torrek bere lekukotasuna eman du, eta larunbateko ekintza egiteko zuten zilegitasuna berretsi: «Bide errepresiboa erabiltzen dute gure eskakizuna aztertu beharrean. Zilegia da gure eskakizuna, eta zilegia da errepresioari politikoki erantzutea». Atxiloaldiaz mintzatzen zela, baliatu da Baionako polizia etxeko zelden baldintzak ere salatzeko: «Oso zikinak dira, pixa usaina bada, eta ez zen aski estalkirik denek lo egiteko. Harrigarria da horrelako baldintzak ematea». 48 orenez egon dira atxiloturik.

Torrek espero du nola edo hala «zerbaitetan lagunduko» duela ekintzak, eta euskaltzaleek mobilizatzen segituko dutela, «euskarari dagokion lekua ematen». Lotura egin du gero ekintza denboran margoketa egitearekin batera egoitzaren aitzinaldean kolatu duten Palestinako banderarekin: «Gure ustez, gauza oso larria gertatzen ari da, muga guztiak gainditzen dituena: genozidio bat. Eguneko edozein momentutan hori salatu behar da: nortasun bat desagerrarazi nahi dute, eta, beraz, lotura biziki argia da guretzat».

Larunbateko ekintza

Baionako komisariako lau agenteak iritsi zirenerako, EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek bururatua zuten Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren eraikinean egin zuten margoketa. Euskaraz bizi nahi dugu leloa idatzi zuten. Prentsari bidalitako ohar batean, EEPren eta EKEren aurrekontuetan izandako gorabeherak gaitzetsi dituzte, eta euskararen inguruan «itxurakeriaz» jardutea leporatu diete Frantziako agintariei. 

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.