Eusko Jaurlaritzak 2026rako aurrekontuen proiektua onartu zuen atzo gobernu kontseiluan. Jaurlaritzak iragarri zuenez, 337,4 milioi euro bideratuko ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitatera. Alta, unibertsitate publikoko errektoretza taldea ez dago ados; finantzaketa ez zaie nahikoa iruditzen: «Aurrekontu hauek geldialdia ekarriko dute EHUra, argi eta garbi. Ez dira inondik inora nahikoa Euskal Herriko Unibertsitatearen egiturazko premiei erantzuteko, are gutxiago bikaintasuna bermatzeko». Hori salatzeko, agerraldia egin du Gasteizen Joxerramon Bengoetxea errektoreak: «Errektoretza talde hau ez zen kargura iritsi —unibertsitate komunitatearen % 63,85eko babesa izan zuen— unibertsitate publikoan bizi den prekaritatea kudeatzeko. Bizirautea ezin da helburua izan. Euskal Herriko Unibertsitateak merezi duena eskatu baino ez dugu egiten, bikaintasuna eta herri honek merezi duen kalitatezko unibertsitate publikoa ziurtatzeko. EHU proiektu estrategikoa da gure herriarentzat». Bengoetxeak ondoan izan ditu Ixone Fernandez de Labastida eta Estitxu Garai errektoreordeak.
Jaurlaritzak atzo iragarri zuenez, 337,4 milioi euro jasoko ditu EHUk, eta, horrenbestez, %6,3 handituko da finantzaketa. Bengoetxea, baina, ez dago ados; urrun dago haren zerumugatik: «Unibertsitateak jasotzen duen finantzaketa LOSUk finkatutakoaren erdira ere ez da iristen». Hain justu, Espainiako unibertsitate lege LOSUk zehaztua du lurralde bakoitzeko BPG barne produktu gordinaren %1 bideratu behar dela unibertsitate publikora.
Finantzaketa eskasiak izango dituen ondorioei dagokienez, beren-beregi hiru arlo aipatu ditu Bengoetxeak.
Bat: digitalizazioa. «Atzo iragarritako diru sailarekin, ezingo zaio heldu EHUk hain beharrezkoa duen digitalizazioari». Esan du, esate baterako, oraindik ere unibertsitatera sartzeko probako 14.000 nota eskuz sartu behar izaten dituztela sistemara.
Bi: «Aurrekontu hauek ez dute balio lan baldintzak duintzeko». Eta horrek, Bengoetxearen hitzetan, galarazi egiten du unibertsitatea lanerako «eremu erakargarria» izatea. Adibide bat jarri du: Batxilergoko irakasle baten hileko soldata 2.600 euro ingurukoa da; unibertsitateko irakasle atxiki doktore batena, 1.900 eurokoa. «Lan baldintza eskasak zuzenean lotuta daude karrera akademikoaren prestigio ezarekin eta talentua erakartzeko zailtasunekin». Gainera, egunerokoan ari dira ikusten horren eragina, eta esan du, adibidez, arazoak dituztela zenbait langile aurkitzeko: «Lan poltsak betetzeko zailtasuna gero eta ezinegon handiagoa sortzen ari da sailetan. Arazo horri garaiz erantzuten ez bazaio unibertsitate publikoaren etorkizuna kolokan egongo dela konfirmatu dezakegu». Eta irakasleak ez ezik, teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak ere falta dituzte: «Zerbitzu askotan teknikarien premia larria da, eta eguneroko lana oztopatzen eta atzeratzen du horrek. Ondorioz, ikerketa proiektuak aurrera eramateko aukerak galtzen ditugu, besteak beste».
Eta hiru: azpiegiturak. Errektorearen arabera, 2026ko aurrekontuek ez dituzte bermatuko unibertsitate «bikain» batek behar dituen «kalitatezko azpiegiturak». «Gaur egun, metro koadroko bi euro bideratzen dira mantentze lanetara, eta 30 eurokoa da azpiegiturak egoera onean mantentzeko irizpide teknikoa».
Horiek horrela, bi eskari egin ditu EHUko errektoreak. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari eskatu dio aurrekontu proiektua hobetzeko balia dezala Eusko Legebiltzarrean testu horren gainean hasiko den eztabaida. Eta Eusko Legebiltzarreko talde politikoei, berriz, eskatu die aintzat hartzeko haiekin egin dituzten bileratan aurkeztu dizkieten datuak, eta horiek gogoan hartuta aurkezteko zuzenketa proposamenak. Biak ala biak ezinbestekoak dira, Bengoetxearen irudiko: «Unibertsitate bikaina dugu ikerketari eta hezkuntzari dagokienez, baina azpiegitura, lan eta digitalizazio baldintzak erabat prekarioak dira. Eta aurrekontu eskasia jarduera kolapsatzen eta unibertsitatearen etorkizuna baldintzatzen ari da, eta, beraz, gure gizartearen etorkizuna».
«Unibertsitate bikaina dugu ikerketari eta hezkuntzari dagokienez, baina azpiegitura, lan eta digitalizazio baldintzak erabat prekarioak dira»
JOXERRAMON BENGOETXEA EHUko errektorea
Sindikatuek protesta
Errektoretza taldeak ez ezik, EHUko sindikatuek ere ozendu dute ahotsa aurrekontu proiektuaren kontra. Hain zuzen, protesta egin dute LAB, Steilas, ELA eta CGT sindikatuek. Unibertsitate publikoak diru gutxiegi jasotzen duela uste dute haiek ere: «EHUrako finantzaketa zertxobait handitzea aurreikusten bada ere, ez ditu inondik ere beteko EHUren beharrak». Are, nabarmendu dute EHUrekiko «utzikeria interesatua» dagoela.
