EHU Palestina: «Eskatzen dugu gaur bertan etetea EHUk Israelekin eta genozidioa babesten duten enpresekin dituen harremanak»

EHUk Israelekin lotura duen proiektu gehiagorik sinatu ez izana baikorra iruditzen zaie, baina harago joatea nahi dute: «EHUk oraindik ere harremanak ditu bai Israelekin eta bai haren konplizeekin».

EHU Palestina taldearen agerraldia, gaur, EHUren Donostiako campusean. ANDONI CANELLADA / FOKU
EHU Palestinarekin taldearen agerraldia, gaur, EHUren Donostiako campusean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urriaren 9a
13:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Palestina taldeak argi du: EHU Euskal Herriko Unibertsitateko kideak ezin dira «isilik eta geldi» egon Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren inguruan. Errektoretza taldeari mintzatu zaizkio, eta eskatu diote erantzukizuna bere gain hartzeko: «Eskatzen dugu gaur bertan etetea Israelekin eta genozidioa babesten duten enpresekin oraindik indarrean dagoen harreman oro».

Taldea 2024ko otsailean sortu zuten unibertsitate publikoko zenbait ikaslek, irakaslek, ikertzailek eta administrazio eta zerbitzuetako langilek. Argi zuten helburua: «EHUk Israelekin eta genozidioa babesten duten erakunde eta enpresa guztiekin daukan harreman oro etetea, horixe baita Israelek genozidioa gelditzeko presio biderik eraginkorrena».

Ikusmira horrrekin, azaldu dutenez, bi lan lerro nagusi urratu dituzte. Bat: «EHUk sinatuta edo sinatzear dauzkan harremanak ikertzea». Eta bi: «Harreman oro eteteko erantzun mekanismoak antolatzea: prentsa oharrak, kontzentrazioak, sailetako mozioak eta sinadura bilketa, besteak beste». Taldekoen esanetan, haien lanak eman ditu fruituak, eta ikerketa eta presio horiek «zenbait mugimendu» eragin dituzte; besteak beste, Zibersegurtasunaren Katedra bertan behera uztea eta CAF Ikasgela ez errotzea Ibaetako campusean.

Beren-beregi aipatu dute Joxerra Bengoetxea EHUko errektoreak eta haren taldeak irailaren 17an egindako agerraldia. Bertan, zera azaldu zuten: EHUk uko egin diela 247 milioi euroren ikerketa proiektuei, Israelekin lankidetzarik ez izateko, eta lan batzorde bat sortzeko proposamena ere egin zuten, EHUk Israelekin lotuta aurretik dituen proiektuak aztertzeko. EHU Palestina taldearen irudiko, adierazpenok «aurrerapauso argia» dira: «Poztekoa da jakitea errektoretzaren lehentasunen artean dagoela Palestinako genozidioari erantzutea. Halaber, ontzat jotzen dugu 2023ko azarotik Israelekin harreman berririk sortu ez izana eta ikerketa proiektu batzuei uko egin izana, Israelgo Estatuarekin duten loturagatik».

«Ontzat jotzen dugu 2023ko azarotik Israelekin harreman berririk sortu ez izana eta ikerketa proiektu batzuei uko egin izana, Israelgo Estatuarekin duten loturagatik»

EHU PALESTINA

Alta, bertan aipatutako beste zenbait kontuk «arduratu» egin dituzte, esaterako, lan batzordeak: «Harriduraz hartu genuen errektoretzak gaur onartuko duen lantaldearen gaia proposatu izana, eta, gainera, bere proposamen propio bezala aurkeztu izana, gure taldekoek aspaldi eskatu baikenuen batzorde lotesle bat sortzea. Horrez gain, eta askotariko arrazoiak direla medio, mugak ikusten dizkiogu lantalde horren eraginkortasunari». Eta «garrantzitsuena»: oraindik eteteko daudela harreman guztiak. «Eskatzen dugu EHUk Israelekin duen harreman oro berehala eten dezala; bide horretan presioa egiten jarraituko dugu». Adibide batuk jarri dituzte: «Zenbait Horizon proiekturi buruz ari gara, CAFen gaur egun indarrean dauden praktikaldiez eta Bizkaiko campuseko CAF Ikasgelaz, baita HP enpresarekin duen zerbitzu kontratuaz ere. Horietaz gain, Itzarrirekin adostutako pentsio planak ere nabarmendu nahi genituzke, enpresa horrek Israelgo funtsak baititu. Hau da, EHUk oraindik ere harremanak ditu bai Israelekin eta bai haren konplizeekin».

Azken asteotako beste zenbait gertakari ere gogoan dituzte. Batetik, Campus aldizkarian EHUko ikasturtearen hasiera ekitaldiari buruz argitaratutako kronikak «haserrea eta ezinegona» sortu die, «ez baitzuen aipatzen Palestinaren aldeko mobilizazioa». «Era berean, EHUko errektoretzari dei egiten diogu Palestinaren alde unibertsitatean aritzen garen taldeen dinamikara gehitzeko, dagoeneko ezarrita dauden deialdietara batzeko, eta gure plataformak abiatutako dinakimak ez bereganatzeko eta instituzionalizatzeko —hori gertatu da azken asteetan—. Ikasleak eta langileak gonbidatzen ditugu gure deialdietan parte hartzeko. Horrez gain, gure campusetan Palestinaren aldeko mugimenduak izandako jazarpen poliziala salatu, eta Poliziarik gabeko unibertsitatea aldarrikatzen dugu, baita hori bermatzeko beharrezko neurriak exijitu ere».

Grebarekin bat

Horiek horrela, uste dute borrokan jarraitu beharra daukatela. Horretarako, EHUko langile eta ikasle guztiak deitu dituzte asteazkenean, urriaren 15ean, sindikatuek antolatu dituzten lanuzteetan parte hartzera, «Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko eta Israelgo Estatuarekin harremanak etetea eskatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.