Batzorde bat sortzea proposatu du EHUk, Israelekin lotura izan dezaketen proiektuak aztertzeko

Joxerramon Bengoetxea errektoreak iragarri duenez, azken hilabeteetan uko egin diote 247 milioi euroren ikerketa proiektuetan parte hartzeari. Esan du ahal duten guztia egingo dutela Palestinako unibertsitate sistemaren berreraikuntzan lan egiteko.

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen agerraldia Bilbon, Estitxu Garai Bizkaiko campuseko eta komunikazioko errektoreorde eta Asier Blas Ikasleen eta Konpromiso Sozialierako errektoreordearekin batera. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen agerraldia Bilbon, Estitxu Garai Bizkaiko campuseko eta komunikazioko errektoreorde eta Asier Blas Ikasleen eta Konpromiso Sozialierako errektoreordearekin batera. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko irailaren 17a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa» hartu zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 2024ko apirilean, Gobernu Kontseiluan adostutako manifestu batean. Konpromiso hori eta «Palestinako herriarekiko elkartasuna» berretsi ditu gaur Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak. Horren guztiaren adibide da azken hilabeteetan 247 milioi euroren ikerketa proiektuetan parte hartzeari uko egin izana. Lan batzorde bat sortzeko proposamena ere egin dute, unibertsitateak aurretik dituen proiektuak azter ditzan. 

Bengoetxeak zehaztu duenez, biomedikuntzan, konputazio zientzietan eta beste alor batzuetan egin diote uko proiektuetan parte hartzeari. Kasu batzuetan, ikerketa taldeak eta ikertzaileek hartu dute erabakia; beste batzuetan, berriz, errektoretza taldeak, ikerlariekin adostuta. «Berresteko moduan gaude 2023ko azarotik EHUk ez duela sinatu Israelgo erakunderen bat partaide daukan ikerketa akordiorik, ezta berritu ere», nabarmendu du. 

Iazko apirilean adostutako manifestuan lantalde bat eratzea ere jaso zuten, «Israelgo entitateek ere parte hartzen duten partzuergoekin unibertsitate publikoak izan zitzakeen lankidetza hitzarmenak berrikusteko». Errektoretzak uda aurretik proposatu zion Palestinaren alde lan egiten duen EHUko mugimenduari batzorde hori eratzea, uste baitute beharrezkoa dela Palestinaren alde lanean ari diren taldeak ere batzorde horretan egotea.

Europako Batasuneko erakundeei eta Espainiako Gobernuari ere dei egin die errektoreak. Neurriak hartzeko exijitu die, ikerketako eta akademia eta kultura elkarlanerako diru funtsetatik atera ditzaten Israelgo unibertsitateak. Bengoetxearen hitzetan, Israelgo Gobernuarekin dagoen elkartze akordioan oinarrituta, ikertzaile israeldarrek Europako ikertzaileen «baldintza berberetan» jasotzen dituzte diru funtsak. «Horrek gainerako ikerketa taldeak behartzen ditu euren lanean aurrerapauso handiak ematea ahalbidetuko lieketen laguntzetatik kanpo geratzera, ikuspegi etikoa, gizatasuna eta giza eskubideen defentsa lehenesten dituztelako», esan du. 

«Uste dugu CAFek hausnarketa egin beharko lukeela, jakiteko zertan inplikatzen ari den»

JOXERRAMON BENGOETXEA EHUko errektorea

Ikerketa taldeen lana blindatu eta proiektuetako partaidetzak arriskuan ez jartzeko, Bengoetxeak uste du «dirua jartzen duten erakundeek» esku hartu behar dutela. Eva Alcon CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako presidenteari egin dio eskari hori, baita unibertsitateen G9 taldeari ere. 

Errektoretza taldeak beste urrats bat ere egingo du Gobernu Kontseiluaren hurrengo bileran: «Aurrerantzean enpresekin sinatzen diren hitzarmenetan giza eskubideak errespetatzeko eta armagintzarekin harremanik ez izateko klausulak gehitzeko proposatuko dugu». Euskal enpresekin indarrean dauden akordioak berrikusiko dituzte, «komunitatearekin elkarlanean». Hain justu, CAFekin dituzten akordioei buruz galdetuta, Bengoetxeak aitortu du enpresa hori «beti» izan dela «bazkide estrategiko» bat EHUrentzat. Hala ere, CAF gela berri bat sortzeko proposamena agertu zenean, hori ez bultzatzea erabaki zuten. «Uste dugu CAFek hausnarketa egin beharko lukeela, jakiteko zertan inplikatzen ari den», erantsi du.

Lankidetza unibertsitateekin

Israelekiko harremana hausteaz gain, Palestinako ikertzaileak handik atera eta EHUra ekartzeko aukera aztertzen ari dira, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako unibertsitateekin elkarlanean. Izan ere, unibertsitatea harremanetan dago Universitaires avec Gaza eta Univ-Gaza Frantziako taldeekin. Horrez gain, Ikasleen eta Gizarte Konpromisorako Errektoreordetzak beka deialdi bat onartu du, Palestinako ikertzaileei ostatu eta mantenu laguntzak emateko.

Bengoetxearen ustez, Europako unibertsitateetan «kezka» da nagusi, eta horietako askok salaketaren bidea aukeratu dute, Israel Gazan egiten ari dena salatzeko, eta Palestinako unibertsitateei eta komunitate zientifikoari elkartasuna adierazteko. Esan du unibertsitate guztiek «gizarte konpromisoaren dimentsioa» dutela, «are gehiago publikoek», eta konpromiso hori hartuko dutela edozein giza eskubideren urraketa gaitzesteko.

«Unibertsitatea beste ekimen batzuk ere lantzen ari da Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioa salatzen jarraitzeko», aurreratu du errektoreak, eta jakinarazi, adibidez, EHUgunek jardunaldi batzuk antolatuko dituela. Argi utzi du euren esku dagoen guztia egingo dutela Palestinako unibertsitate sistemaren berreraikuntzan lan egiteko. «Errektoretzan sartu ginenetik, askatasunaren aldarrikapena egin dugu, munduko beste leku batzuetan jazarriak sentitzen diren zientzialari eta ikertzaileei dagokienez; arrazoi askoz gehiagorekin aldarrikatzen dugu orain, Palestinan zapaltzen ari diren komunitate zientifiko eta akademiko guztiarekin». Global Sumud flotillari elkartasuna adierazteko ere baliatu du gaurko agerraldia.

Ikasleek ere lehenengo egunetik adierazi diote elkartasuna Palestinako herriari. Ikasturte hasierako ekitaldian, IA Ikasle Abertzaleak taldeak protestara deitu zuen. Are, bihar mobilizazioak egingo dituzte unibertsitateetan, Israelen «konplizeak» salatzeko eta palestinar erresistentziari elkartasuna adierazteko. Haien hitzetan, ikasle mugimenduaren eginbeharra da Euskal Herriko unibertsitateak estu hartzea, oraindik ere Israelekin harremanak baitituzte. Gasteizko Elurreta eraikinean eta Leioako Mikel Laboa plazan 13:00etan hasiko dituzte protestak bihar; Ibaetako Aulariopean, berriz, 13:30ean, eta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi plazan, 13:45ean.

Ikasle Abertzaleen ustez, EHUren gaurko agerraldia «aurpegia zuritzeko saiakera bat» izan da. «Ez da nahikoa adieraztea ez duzula akordio gehiago egin, lehenagotik zeuden harremanak eten ez badituzu», kritikatu dute ohar bidez, eta erantsi «hitz asko baina ekintza gutxi» ikusten dituztela errektoretza taldearen partetik. Esan dute batzordea ez dela loteslea izango, eta EHUk inoiz Israelekin dituen harremanak eteten baditu ikasleon presioari esker izango dela. Bestalde, salatu dute EHUk behin baino gehiagotan bidali duela Polizia Palestinaren alde mobilizatzen diren ikasleak erreprimitzera; joan den asteko ekitaldira, besteak beste. «Fokua Israelen eta haren konplizeetan jarri behar da, eta ez Palestinaren askatasunaren alde mobilizatzen diren horiengan», erantsi dute, eta biharko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin.

Ikamak, bestalde, atzo egin zuen protesta. Unibertsitateek Israelekin duen harreman oro eteteko exijitu zuten, eta palestinar ikasleei aitortza berezia egin. Horrez gain, ikastetxeak berreraikitzeko eta ikasleek merezi duten hezkuntza duin bat bermatzeko eskatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.